2020 API. 04 Elkarrizketa MARIA RIVERO MUSIKARIA «Nire zilborrari bakarrik ez begiratzen saiatu naiz erabakiak hartzerakoan» Apurka, Siroka eta Hutsa taldeetan ezagutu dugu Maria Rivero. Bakarka ekin dio bideari orain. Lan berriaren aurkezpen gisa, «Arina» singlea plataformetan entzungai dago. Bizkar gainetik pisua kendu izanaren arintasunaz mintzo zaigu balmasedarra. Pausoz pauso, bere buruarekin zintzo jokatu izanaz harro. «Parentesia» diskoarekin gustura. Orain zaleena da hitza. Xole ARAMENDI Zeberioko etxetik erantzun dizkigu galderak telefono bidez Maria Riverok. Labetik atera berri duen “Parentesiak” diskoa esku artean noiz izango zain dago. «Itxialdia bukatu eta hurrengo egunean joango naiz jasotzera salgai jartzeko», diosku. Euskarri fisikoan, digitala jada jarria baitu jarraitzaileen eskura. «Plataforma digitaletan entzungai dago eta nire webgunean (www.mariarivero.eus) formatu digitala erosteko aukera ere badago. Nire asmoa izan da hainbeste lan eman didan musika jendeari oparitzea, beraiekin partekatzea». Pozik dago oraingoz sare sozialen bidez zaleengandik jasotako erantzunarekin. Motxilatik pisua kendu izanaren arintasuna nabari zaio Riverori. Bere perfekziorako joeraren eta autoexijentziaren jakitun, birikak arnasaz betetzea lortu duenaren lasaitasuna. Ekinaren ekinez. «Ikasi dut apur bat presioa gainetik kentzen. Kantua, noski, beti hobetu daiteke, baina amaitutzat ematen dudanean zera pentsatzen dut, ‘une jakin horretan esan nahi nuena egin nahi nuen moduan esan dut’. Presioa gainetik kentzeak asko lagundu nau konposizio lanetan», adierazi du. Gutxiago gehiago da. Horixe bere iparra “Parentesia” diskoan. «Ahotsa lehenetsi dut. Horixe da nire tresnarik baliotsuena eta asko zaindu dut hori. Beste guztia ahotsari laguntzeko dago», argitu du. Musikak bizi du. Sormena ihesbide. «Oraingo honetan are gehiago», aitortu du. «Etxeko gela batean estudio txikia dut eta bertan sartu eta konposatzea beti da ihes egiteko modua. Lehen ere hala zen, eta nik uste horrek zentzu handiagoa hartu duela orain; salvavidas moduko bat dela esango nuke», dio. “Parentesiak” da besapean hartuta dakarren lan berria. Bakarkako lana eta autoekoitzia. Erronka bikoitza. Bakarrik. «Pixkanaka etorri da, ez da bat-batekoa izan. Pixkanaka hartu dut erabakia, pixkanaka ausartu naiz, pixkanaka indartu naiz, eta honaino». Intuizioa bidaide Aurreko proiektuetan alboan zituenen iritziaren beharra izan du; oraingoan bere intuizioa izan du gidari. «Pozik geratu naiz egindako lanarekin», adierazi du. Mushikerriarekin –gero Taupaka bilakatu zen– atera ditu aurreko lanak. Orain, beste egile ugarik bezala, autoediziora jo du. «Nik erabaki nahi nuen noiz, nola eta non... argi neukan enpresa batekin ez nuela atera nahi. Baita hau egiteko gai nintzela ere. Jendartea asko aldatu da, baita musika entzuteko modua ere, kontratazioa, promozioa... eta egokitu egin behar dugu. Autoekoizpena da musikari gehienon hautua». Ikasketa bidea. «Ikasketa prozesu izugarria da musika niretzat, ahalduntze prozesu izugarria. Azken urteotan baneukan gogoa eta desafio moduan hartu dut. Beldurra hor dago, baina gauzak egin. Erabaki denak neuk hartu ditut, onerako zein txarrerako, eta hor dago nire lana. Asko ikasi dut». Barrura begira. Hala etorri dira hitzak, bata bestearen atzetik. Letrak idaztetik abiatu du bide berria. «Gehien kostatu zaidana izan da beti, baina pixkanaka animatuz joan naiz eta azken lan honetan bai, letrak nireak dira», kontatu du. Sortzailearen patua, buruan irudikatutakoa paper zurira eramatea. «Beti kostatu izan zait asko konforme geratzea idatzitako horrekin. Buruan neukan hori letra bihurtzea eta esan nahi nuen hori identifikatzea. Baina gero eta lasaiago nabil zentzu horretan». Ausardia eskatzen du nor bere barrura begira jartzeak. «Hainbeste sakontzen duzu topatzen dituzula espero ez zenituen galderak eta erantzunak, bilatzen ez zenituen gogoetak. Oso prozesu interesgarria, polita eta aberasgarria da. Ikasketa prozesu itzela. Eta hori maila pertsonalean gertatzen denez, kolektiboa eta politikoa ere bada. Musikak gauza asko eman dizkit eta batez ere pertsona eta emakume moduan indartzen lagundu dit», nabarmendu du. Abiapuntua ez zen izan diskoa kaleratzea. Bideak eraman du horretara. Denera hemeretzi kantu zituen tiraderan. Horietatik bederatzik egin dute aurrera. Oka egitea. «Buruan edo gorputzean daukadana bota egiten dut. Hortik kanta ateratzen da, bai letrei bai musikari dagokionez. Bulkadak narama konposatzeko orduan. Gero bai, behin konposatuta dagoela, konponketak egin eta mimatzen dut». Terapeutikoa? «Guztiz». “Arina” singlean sorkuntzaren bihurguneak agertu nahi izan ditu. «Ideia bururatzetik kanta bihurtzeraino zenbat buelta ematen dizkiodan ikusten da. ‘Ondo dago, ez dago txarto, bueno, utziko dut...’. Zenbat buelta ematen ditugun eta zenbat isolatu gaitezkeen ingurutik. Nik behintzat hala bizi dut eta Luis Vilen bideoklipak oso ondo islatzen du hori», azaldu du. Gitarra lagun ikus daiteke bideoklipean. «Piano ikasketa osoak egin nituen eta momentu batean haserretu ere egin nintzen instrumentuarekin. Sei urte jo barik egon nintzen. Kopiatzera bideratuta zegoen irakaskuntza sistema, ez sorkuntzara, eta ni aspertu egiten nintzen [barrez]. Orduan gitarra hartu nuen eta pare bat urte aritu nintzen irakasle batekin. Biak erabiltzen ditut ahotsari laguntzeko, ez naiz instrumentista trebea». 25 urte beteak zituen lehen taldea sortu zuenerako. «Denbora pasatu zen publikoaren aurrean abesten hasterako. Nik ez nekien ondo abesten nuenik. Inork ez zidan esan eta hor tartean emakume bezala ere traba eta horma asko jarri nizkion nire buruari. Kasualitatez topatu nituen beste musikari batzuek lagundu zidaten». Atzera begira jartzeko eskatu diogu. «Nire zilborrari bakarrik ez begiratzen saiatu naiz erabakiak hartzerakoan. Ez naiz damu, erabaki guztiekin konforme nago eta harro nago. Ibilbide zintzoa izan dela esango nuke. Nahi izan dudan horri kantatu diot beti, egiten nuen hori egin behar nuela sinetsita egin dut», adierazi du. Ez dio bide berriak jorratzeari beldurrik. Siroka taldearekin hara-hona zebilela akustikora itzultzeko grinak bultzatuta, Hutsa taldea sortu zuen Eriz Perezekin batera. Ikus-entzunezkoen alorrera egin zuen jauzi ondoren eta pailazoekin ere aritu da. Oraingo hau ere modu naturalean etorri da. «Saiatzen naiz erronka ezberdinak hartzen, probatzen, ausartzen. Eta hau bide horretan beste pauso bat da», esan du musikariak. Etengabeko katea. Etxeko gelako intimotasunetik estudiora eta handik zaleen aurrean jartzera. «Estudiokoa teknikoagoa da eta gehien kostatzen zaidana da. Kasu honetan grabaketa salbuespena, polita izan da». Bilboko Taom estudioetan egin du lan Jagoba Ormaetxea alboan zuela. «Ekainetik hasita, hilabete batzuk eman ditugu. Aukera izan dugu elkar ezagutzeko. Nik kantu biluziak bidaltzen nizkion eta berak proposamenak bueltan. Nik uste topatu dugula puntu polita. Biok pozik gaude emaitzarekin, kantuek hartu duten zentzua eta estiloarekin. Lasai egin dugu lan, Jagobak asko mimatu duelako nire lana, eta asko eskertzen dut». Lurralde askea Ondoren dator agertokira igotzea. «Eszenatoki gainean asko kostatu zait aske sentitzea. Emakumeok zama garrantzitsua daukagu. Azken urteotan asko aldatu ditugu gauzak, baina gozatzen gehien kostatu zaidana eszenatokian izan da. Presio sozial itzela sumatzen nuen neure buruarekiko eta orokorrean. Une oro kolokan jartzen zara, hirukoitza erakutsi behar duzu. Egia da azken bi urte hauetan asko gozatzen dudala, lortu dudala eszenatokia lurralde libre bat izatea niretzat eta zama hura joan da desagertzen pixkanaka-pixkanaka». «Oso berezia da jendea zure kantekin konektatzen ikustea, zure kantak bere egitea. Asko gustatzen zait entzule batek berari kanta jakin batek zer esaten dion komentatzea. Ez zen nire asmoa gogoeta jakin hori sustatzea, baina oso polita da aldi berean. Kantuak bere bizitza propioa dauka», jarraitu du. Apirileko aurkezpen birak zain egon beharko du momentuz. Unea iristen denean adiskidez inguratuta igoko da oholtzara, Tribu Bandarekin. «Musikan familia osatu dugu, Sirokan ere jarraitzen dugu, eta bertako bi kide nirekin egongo dira zuzenekoetan. Lagunartean ibiltzea gustatzen zait. Musika ez da gure ogibidea zoritxarrez eta gozatzeko izan behar du. ‘Tribu Banda’ deitzen diet nirekin datozenei, nahiz kideak aldatzen joan. Kasu honetan ere horrela egingo dut eta tarteka bakarka edo duo formatuan ere bai». Kolaborazioei dagokienez ere, ingurukoengana jo du: Migue de la Rosa kubatarra, Iker Lauroba eta Zuriñe Hidalgo aurki ditzakegu diskoan. «Lagunak hirurak eta musikari apartak». Irudiaren eta diseinuaren atzean, berriz, Nieves Barrenetxea eta Aritz Garcia daude. Gaztetako bere kantari erreferenteez galdetuta, gizonezkoak zirela aitortu du. «Horretaz konturatu nintzenetik orain emakumezkoak bilatzen ditut. Arlo horretan borroka itzela daukagu oraindik egiteko», esan du. Euskal Herriko musika eszena du gogoetagai. «Beti daude musikari berriak eta hori oso pozgarria da, baina plazak topatzea asko kostatzen da. Eta asko kostatzen da jendea kontzertuetara gerturatzea ere. Gogoeta handia dugu egiteko herri bezala, kulturgintzaren parte garen denok ekosistema moduan ados jarri beharko ginateke daukagun transmisio arazoari aurre egiteko; egoera ez da batere ona», aitortu du. Ametsik? «Nire musika ahalik eta jende gehienak entzutea eta gozatzea. Eta hegan egiteko balio badu, primeran», amaitu du.