GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Arnasa luzeko mezua utzi behar du Aberri Egunak


Inoiz ez bezalako Aberri Eguna dugu aurtengoa. Koronabirusaren gaitza dela-eta, mundu osoa astintzen ari den osasun krisiak bete-betean harrapatu du euskal nazioaren nortasuna aldarrikatzeko eguna. 1932. urtean deitu zuten lehen aldiz Aberri Eguna; orduz geroztik, oso egoera politiko eta sozial ezberdinetan egin da, askotan oso baldintza gogorretan, debekuaren eta errepresioaren mehatxupean. Halere, esan bezala, aurtengoa bezalakorik ez da sekula izan, herritarrak ez baitira etxetik atera ere egingo inongo ekitaldira joateko. Ez Francoren indar armatuen beldur direlako, ez Euskal Herriaren eskubide nazionalak eta askatasuna aldarrikatzea interesatzen ez zaielako. Etxean geratuko dira beren burua eta gainerako herritarren osasuna eta bizitza defendatzeko, birusaren zabalkundea geldiarazteko.

Pandemiaren hedapen azkarra ikusi dugu asteotan, baita herritarren konfinamendua ere. Egoera horretan gauzarik txarrenak eta onenak azaleratu dira, argi bezain gordin. Alde negatiboan, bistan da, neoliberalismo basatiak eta aseezinak ezarri dituen gabezia ikaragarriak ditugu, eskubideak eta zerbitzuak, biak ala biak, murriztu baititu azken hamarkadetan, eta horrek sektore asko babesgabe utzi ditu. Birusak errealitate garratz hori agerian utzi du bat-batean, kolpe bakar batez.

Horratik, alde positiboak, zinez positiboak ere egiaztatu ahal izan ditugu asteotan. Elkartasuna, enpatia eta eskuzabaltasuna erakutsi dute askok, bereziki gaitzari aurre egin dieten eta guztion premiak asetzen saiatzen diren profesional eta langileek. Heriotzaren faktura izugarria izaten ari da, baina are eta larriagoa zatekeen haiek gabe. 

Horregatik denagatik, Aberri Egun berezia da aurtengoa, eta horregatik denagatik herri gisa hildakoei dolua erakusteko eta dena ematen ari direnei omenaldia egiteko unea da, herri gisa arnasa luzeko mezua uzteko. Horregatik denagatik, GARA eta NAIZ hedabideek bat egin dute igande honetan, Euskal Herriko balkoietan, mezu hori zabaltzeko deia egin duen ekimen herritarrarekin.