2020 API. 15 Lakuak «koronatestari» eman dio lehentasuna, oraindik ikerketa fasean dagoen arren Ibai AZPARREN GAsteiz Nekane Murga Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak atzoko prentsaurrekoan eman zuen «koronatest» delakoaren berri. EAEn egiten ari diren test guztietatik «berriena eta punta-puntakoena» dela esan zuen, hain zuzen, «sintomak sortzen hasi aurretik identifikatzen baitu birusa». «Antigenoa detektatzen du, hau da, gure gorputzean txertatzen dena, eta erantzun immunea has dezakeena, hau da, gaixotasuna», azaldu zuen sailburuak. Hala ere, zehaztu zuen test berria oraindik «ikerketa esparruan» dagoela, eta, beraz, «benetan eraginkorra den ala ez jakiteko garapena eta azterketa» behar duela. BioAraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia titulartasun publikoko erakundeak ari dira proba hori garatzen, SOMAprobes enpresa pribatuarekin elkarlanean. Osasun sailburuak gogorarazi zuen hainbat laborategitan, unibertsitatetan edo zentro teknologikotan «beste test mota bat» garatzen ari direla, hala nola «kit-ik gabeko PCR testak». Halako testak «oso erabilgarriak dira eta erabiltzen ari dira jada», nabarmendu zuen. Murgak, halere, ez zion erreferentzia zehatzik egin ostiralean 55 euskal ikertzailek, asko EHUkoak, aurkeztutako testari. Dagoeneko garatuta dagoen proba da, eta Osakidetzaren baiezkoa behar du lehenik, eta Lakuarena gero, erabiltzen hasi ahal izateko. Proiektuan EHUk parte hartu du Ikerbasque, Achucarro eta Biofisika Bizkaia Fundazioko langileekin batera, Osakidetzarekin eta haren ikerketa zentroekin lankidetzan. Auzolanean garatutako test horri esker, eskura dauden laborategiak optimizatuz, egunean 10.000 proba egin ahal izango lirateke. Atzo bertan jakin zen bezala, Estatuko Osasun Ministerioak, Carlos III.a Osasun Institutuaren bidez, EHUri babesa eman dio Estatuko beste zazpi zentrorekin batera Covid-19 diagnostikatzeko PCR testak egiteko. Horrekin, hamahiru dira jada horretarako ahalmena dutenak, eta zerrenda horretan ziurtapena duen euskal zentro bakarra unibertsitatekoa da. Zehazki, honako hauek dira: Alcala de Henaresko Unibertsitatea, Animalien Osasunari buruzko Ikerketa Zentroa (CISA), Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Madrilgo Albaitaritza Zentro Militarra, Leongo Unibertsitatea, Leongo Animalien Osasunari buruzko Eskualdeko Laborategia, Asturiasko Biolab-Arcelormittal I+G Zentroa, La Lagunako Unibertsitatea, Valladolideko Unibertsitatea, Valentziako Erkidegoko Ikerketa Sanitario eta Biomedikoa Sustatzeko Fundazioa, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Larrialdietako Unitate Militarreko Identifikazio azkarreko Laborategia (Labir) eta EHU. Ministerioak azaldu zuenez, balidazioa jasotzeko beharrezko baldintzak honako hauek dira: biologia molekularreko tekniketan trebatutako langileak izatea; 2. mailako lagin infekziosoekin, biosegurtasunerako kabinarekin eta ekipo egokiekin lan egiteko gaitasuna izatea; inaktibazioko erreaktiboak sortzeko gaitasuna izatea; ospitaleei gaitasunak kentzen ez dizkieten erauzketa teknikak erabiltzea; PCRa norberaren baliabideen bidez edo kit komertzialen bidez egin ahal izatea, eta analisi klinikoen txostenak egiteko langile gaituak izatea. PROTEINA EDO ARNMurgak atzo iragarri zituen testek antigenoak antzematen dituzte, hots, antigorputzen eraketa estimulatzen duen proteina; EHUk garatutako testak, aldiz, birusaren material genetikoa antzematen du (ARN).