GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA (AZKEN ATALA)

Emakume xerpen ahalduntzea Everest mendiaren magaletan

Gero eta gehiago dira mendi gidari lanetan jardun eta alpinismoan ari diren emakumezko nepaldarrak. Horietako bat Dawa Yangzum Xerpa dugu. Oro har, eragile gehienek bezala, protagonista horrek dio Everesten sortzen diren arazoei aurre egin behar zaiela.


Gogor, oso gogor egin zaie urratsa egin eta, pixkaka-pixkaka bada ere, berdintasunaren bidean jartzea. Diskriminazioari stop esan diote, eta, mespretxua eta irainak jasan badituzte ere, aurrera egiten ari dira. Trekking-ak egiteko eta goi mendiak eskalatzeko paradisua da Nepal. Baina ahantzi egiten zaigu munduko herrialde pobreenetariko horretan emakumezkoak, hein handi batean, hutsaren hurrengoak direla.

Alabaina, azken urteotan gizarte itxi horretan emakumezkoen egoera zer edo zer aldatu egin da. Besteak beste, agintariek (herritar askok ere bai) erronka gordin bati aurre egin nahi diote: haurren eta emakume gazteen salerosketa ezabatu. Izan ere, batez ere nekazaritza eremu behartsuenetan neska gazte hauek India, Txina eta Hego Koreara bidaltzen dituzte prostituzioan eta hainbat lanetan esklabo gisa jarduteko.

Askok eta askok horrela amaitzen dute, baina badira askatasun maila batera heldu direnak. Batzuek esango dute pribilegiatu hutsak direla, baina, eurek kontatzen duten bezala, lan eskerga behar izan dute egin “berdintasun” maila batera iristeko.

Hori Dawa Yangzum Xerpari gertatu zaio. 29 urte ditu, eta Himalaiako emakumezko alpinisten artean sona handia du. Datu bat: UIAGM edo nazioarteko mendi gidarien titulua du. Hori lortzen lehen neska nepaldarra izan da. Protagonista honek argi utzi nahi du Nepalen lanbide hori aukeratzea ez dela erraza: «Gure herrialdean, beste etnia batzuk ez bezala, emakumezko xerpok askatasun gehiago dugu. Hala eta guztiz ere, gizonezkoekin alderatuta beste maila batean gaude. Asko eta asko ezkonduta gaude, eta senarren zein senitartekoen aldetik egundoko presioa jasaten dugu goi mendietara ez joateko».

Mendian lana egiteaz gain, alpinista honek erakutsi du oso sasoiko dagoela. Bere curriculumari begiratu eta ikusiko dugu Everest, K2 edo Makalu igo dituela. Azken zortzimilako horri dagokionez, aurreratu behar dugu gailur hori erdiesten lehen neska nepaldarra izan dela.

Murru asko apurtu ondoren, nepaldar honek ibilbide oparoa izan du. Batez ere, hainbat babesle indartsu ondoan dituelako: National Geographic, The North Face...

Egun, Boulder-en (AEB) bizi da, eta Alpine Ascents International agentziarekin egiten du lan. Hain zuzen ere, iaz Everesten Ameriketako Estatu Batuetako espedizio zientifiko baten ordezkari izan zen. Munduko mendi garaienari dagokionez, alpinismoa eta lana uztartzen dituen xerpa honek azpimarratu nahi du etorkizunean emakume nepaldar gehiago ikusiko ditugula Everesten lanean: «Gero eta gehiago dira igo nahi dutenak. Baina hori lortzen dutenean, ia denak desagertzen dira. Badirudi soilik curriculumean datu hori lortzeko saiatzen direla. Ez dira beste mendi batzuetara joaten».

Berdintasunaren inguruan, Dawa Yangzum-ek dio espedizioetan egoera aldatu egin dela. Hots, bere kasuan beste espediziokide bat bezala hartzen dutela: «Oro har, begirunea erakutsi didate. Hori izan daiteke emakume xerpa bat naizelako eta atzerrian lan egiten dudalako. Nepalen beste kontu bat da; emakumeak bigarren mailakoak dira. Onartu behar dut ere espedizio horietan gizonezko askorekin egotea ez dela batere erraza eta erosoa. Nik zorte handia dut nahi dudana egiteko, baina nire herrialdean emakumeek mendiko kirolak egiteko zailtasun handiak dituzte. Senitartekoen babes eta laguntzarik gabe, ezer gutxi egin dezakete. Emakume izateagatik gizarteak beti epaitzen gaitu; bada, pentsa ezazue alpinismoan edo mendian lan egiten badugu...».

Nahiz eta atzerrian bizi, xerpa honek dio bere herrialdea eta batez ere mendian jardun nahi duten emakumezko nepaldarrak laguntzeko beti prest dagoela. Bere azken ekimena “Khumbuko Climbing Center”-en (KCC) bi asteko ikastaroa ematea izan da: «Neska gazte talde polita elkartu zen. Alpinismoko hainbat teknika irakasten jardun nuen. Hasieran, traba bat izango zela iruditu zitzaidan; batez ere, oztopo psikologikoak, emozionalak eta kulturalak tartean zeudelako. Baina hori segituan gainditu nuen. Eta amaieran pozarren nengoen, ikusi nuelako, mendian teknikoki ondo moldatzeaz gain, psikologikoki eta emozionalki asko aurreratu zutela. Azken eraldaketa horri azpimarra jartzen diot».

Arazoei aurre egin

Everest mendia lehen aldiz igo zuela zortzi urte igaro dira, eta, beraz, nepaldar honek eskarmentu nahikoa du munduko mendi garaienean sortzen diren arazoez iritzia emateko: «Nire lehen eskalada horretan makina bat bezero indiar eta txinatar ikusi nituen, baita agentzia asko ere. Eskarmenturik gabeko mendizale asko zeuden, eta batzuk Khumbuko glaziar erraldoi hori helikopteroen bitartez saihestu zuten. Urteen poderioz, mendizale atzerritarren kopurua asko igo da. Neurriz kanpoko ilarak sortzen dira, eta, eguraldia aldatzen bada, arazo larriak sortzen dira. Horretaz guztiaz gain, ohartu naiz eskarmentua duten eta ez dutenen mendi gidarien lehia zoroa bizi izan genuela. Batzuetan, irizpen zehatzik gabe talde txikienak planifikaziorik ez duten talde handien atzetik joaten dira. Alpine Ascents edo IMG bezalako agentzia handiek langile gehiago, instalazio hobeak, eguraldi aditu onak eta mendi gidari indartsuak dituzte».

Egoera horren aurrean, Mendebaldeko hainbat agentziak Nepalgo enpresei leporatzen diete arazo horiek sortzen dituztela. Salaketa horren aurrean zera dio Dawa Yangzum-ek: «Lehenik eta behin baieztatu nahi dut nire herrialdean badirela pare bat talde mendi gidari bikainekin. Ikusi beharko zenukete zer-nolako lana egin duten azken urteotan erreskateetan. Baina, bai, badira lan ona egin ez duten beste enpresa batzuk. Eta hori Everesten heriotza bihurtu daiteke».

Masifikazioa eta makina bat mendizaleren eskarmenturik eza arazoen lehen lerroan jarri ditu mendi gidari eta alpinista honek: «Soka bat bakarrik ekipatzen da, eta mendizale bakoitzak bere erritmora joan nahi du. Eta hori ehunka mendizale kudeatzeko oso zaila da. Gainera, ilara sortzen ari denari kontuak eskatzen badizkiozu, edozer gauza gerta daiteke. Hori gutxi ez, eta alpinismoan eskarmenturik ez duten mendizale ugari dago. Nik uste dut hori dela arazo larriena. Eta horri trebakuntza ez duten mendi gidarien arazoa gehitu nahiko nioke».

Amaitzeko, arazo horiei guztiei nola egin behar zaien aurre galdetzen diogunean, protagonista honek zera erantzuten du: «Everestera joan aurretik zazpimilako edo zortzimilakoren bat edo beste igo beharko lituzkete. Bigarrenik, ekipatzen den sokak maiatzaren hasierarako prest egon beharko luke. Hirugarrenik, mendi gidarien artean alpinismoko formakuntza indartzea. Horretarako KCC dugu. Eta azkenik, nire herrialdeko gobernuak baimen kopurua mugatu beharko luke. Eta argi dut baimen horien prezioak ez dituela garestitu behar, Everest guztiona baita».