2020 MAI. 02 GUTUNAK Guillermo Chifflet, agur eta ohore JOSU JIMENEZ MAIA Idazlea Igandean Guillermo Chifflet hil zen, Montevideon. 93 urteko politikari hau Uruguaiko ezkerraren erreferente bat izan da hainbat hamarkadatan: Alderdi Sozialistako kidea, politikagintzan eragile handia eta Frente Amplio ezkerreko koalizioaren sortzailea. Bere printzipioei gogoz eta gogor atxikirik, eredu eta adibidetzat hartu zuten denek 2005ean Uruguaiko Gobernua Haitira tropak bidaltzearen aurka agertu zelarik, Ordezkarien Ganberan bere eserlekuari uko eginda. Baina horretaz gain, euskaldunen eta Euskal Herriaren alde lan handia egindakoa da, euskal errefuxiatuen alde egindako azpiko lan isilak eta agerikoak. Felipe Gonzalezen garaian, PSOEko Rafael Vera estatu idazkaria Uruguaira joan zen La Trainera ostatuan aritzen ziren euskal errefuxiatuen aurkako sarekadaren kontura. Rafael Vera, Segoviako espetxean bukatu zuen berbera GALek Segundo Marey bahitzeagatik. Eskerrak Uruguain Guillermo Chifflet bezalako jendea ere bazela, Uruguaiko Alderdi Sozialistako buruzagia; Iparraldeko arbasoak izanik, Euskal Herriaren aldeko haren engaiamendua ez zen soilik bihotzez, baita buruz eta eskuz ere. Nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea izan nuen, gizon edadetua baina artean argia, jakintsua eta era berean umila, jantzia eta zuhurra aldi berean. Artean gogoratzen zituen hainbat lagun euskaldun, besteak beste, Karmelo Landa, ezker abertzaleko europarlamentari izandakoa; Karmelorentzako goraintziak emateaz ez zen ahantzi Montevideoko bere etxean egon nintzen solasaldi atsegin hartan. Guillermo Chiffleti buruzko “El combate de la pluma” (Lumaren borroka) liburuan, Guillermoren kontura hauxe esaten du bere kide batek: «[Uruguaiko] Sozialistok etika bat genuen, eta Chifflet ildo horretatik zihoan: zintzotasuna, printzipioak eta koherentzia». Agur, Guillermo Chifflet; ohore handia izan zen zu ezagutzea.