GARA Euskal Herriko egunkaria

Jardunaldi birtualak, Lanbide Heziketako eskaintza ezagutzeko

Lanbide Heziketako ikastetxe ugarik jardunaldi birtualen bidez erakutsiko dute datorren ikasturterako duten ziklo eskaintza. Saio hauek bihar bertan hasiko dira ikastetxe batzuetan.


Koronabirusaren krisiak eraginda bizitza, komunikazio bideak eta harremanak erabat aldatu dira eta horren seinale ere bada datorren ikasturteari begira Lanbide Heziketako ikastetxeek eskaintzen dituzten zikloak eta prestakuntzak plazaratzeko aukeratu duten bidea. Esparru honetan ere bidea telematikoa izango da.

Hetel sarea osatzen duten ikastetxeek eta Bizkaiko Lanbide Heziketakoek jardunaldi birtualak eta bisita pertsonalizatuak antolatu dituztela iragarri dute. Ikastetxe askotan bihar bertan hasiko dira.

Julen Elgeta Heteleko buruak azaldu zuenez, «Euskadiko LHak urteak daramatza egoera berrietara egokitzen. Egungo egoera berezi honek lan egitera bultzatu gaitu hezkuntza komunitateko kide guztiok; lehenik eta behin irakasleekin eta ikasleekin, norberaren etxetik, eta orain, familiei prestakuntza eskaintzaren berri emateko eredu bat bilatu dugu datorren ikasturteari begira. Izan ere, izena emateko epea laster hasiko da. Haien esanetara gaude».

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 26 ikastetxek osatzen dute Hetel sarea eta 10.000 ikasle baino gehiago batzen dute, prentsara bidalitako oharrean zehaztu dutenez.

Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxeek bihar ekingo diete ate irekien jardunaldi telematikoei. Lehenengo astean egingo dituzten saioetan, sartzeko baldintzak, ikas-ekinezko prestakuntza duala, metodologiak eta aukeratu daitezkeen prestakuntza ibilbide eta ibilbide profesionalak dira, besteak beste, jorratuko dituzten gaiak.

Denetan sortzen diren zalantzei erantzuten saiatuko direla nabarmendu dute.

Lanbide Heziketa itzal handiko aukera da Euskal Herrian eta industria alorreko zikloak dira eskatuenetarikoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Batxilergoa bukatzen duten ikasleen %50ek Lanbide Heziketaren alde egiten dute.