GARA Euskal Herriko egunkaria

Osakidetzak krisiari aurre egiteko hartutako hainbat neurri indargabetu ditu


Koronabirusaren krisiaren bilakaera argudiatuta, Lakuako Osasun Sailak indargabetu egin ditu martxo eta apirilean hartutako ezohiko hainbat neurri, atzo iragarri zuenez.

Horien artean, martxoaren 18an Nekane Murgak sinatutako agindua dago, zeinaren bidez Osakidetzak pandemiaren kudeaketarako Zuzendaritza Batzordea eratu zuen. Batzordea desegiteko erabakia deigarria da, haren sorrerak polemika eragin zuelako. Hainbat hedabidek egun horietan adierazi zutenez, Osasun sailburuak egoeraren kontrol estuagoa izateko sortu zuen batzordea, aurretik existitzen zen –Jon Darpon sailburu ohiak sortu zuen duela lau urte– adituen aholku taldea bazterrean utziz.

Darponek bizi dugun pandemiaren moduko egoerei erantzuteko eratu omen zuen aholku taldea, eta gaixotasun kutsakorren arloan ezagutza handiko lagunek osatzen zuten. Murgak, ordea, gertuko jendearekin Zuzendaritza Batzordea osatu zuen, bere kudeaketagatik jada kritikak jasotzen ari zenean. Orain, egoera samurragoa denean desegin da talde hori ere, zalaparta handirik sortu gabe. Izan ere, horren albistea prentsa oharrean eman zuen Osasun Sailak, beste hiru aginduren indargabetzea iragartzearekin batera.

Bertan behera geratu den beste neurri bat koronabirusak eragindako beharrei erantzuteko baliabide pribatu guztiak erabiltzea eta premiarik txikiena zuten eta pandemia transmititzeko arriskua areagotu zezaketen zerbitzuak atzeratzea ahalbidetu zuen martxoaren 24ko agindua da.

Era berean, hileta-osasunaren arloko ezohiko neurriak (tanatopraxiako esku-hartzeei zein gaubeilei eta zeremonia zibil eta erlijiosoei lotutakoak) ezarri zituen martxoaren 26ko agindua indargabetu da, baita ere nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaiak eta produktuak zuzenean saltzeko azoka eta feria tradizionalak aldi baterako eten zituen eta denda-ibilgailuen bidezko saltoki ibiltarien jarduera arautu zuen apirilaren 6koa.

Bestetik, erkidegoek atzo eguerdira arteko epea zuten deseskalatzearen 1. fasera pasatzeko proposamenak aurkezteko, baina Lakuako eta Iruñeko Gobernuek ez zuten inolako argibiderik eman.

 

Positiboak gehitu arren, joera aldaketarik ez da izan

Aurreko egunekin alderatuta, Hego Euskal Herrian koronabirus kasu berri gehiago zenbatu ziren atzo, 73 hain zuzen, PCRak kontuan hartuta, asteartean jakinarazitakoen bikoitza baino gehiago –31 izan ziren orduan–, baina egindako proba kopurua ere handiagoa izan da, hiru aldiz gehiago adibidez Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, beraz, joera orokorrean aldaketarik ez da egon. Test azkarrak ere kontuan hartzen badira, orotara 432 positibo berri izan ziren.

Covid-19ak eragindako heriotzek ere aurreko egunetako joerari eutsi zioten, eta asteartean hamasei lagun zendu ziren gaitzak jota. Dagoeneko 1.852 pertsona hil dira koronabirusaren eraginez.

Ospitaleetan, aldiz, egoerak hobera egin du, aste hasierako joerari buelta emanez, eta azken zenbaketaren arabera 38 pertsona gutxiago daude ingresatuta osasun zentroetan. Zaintza berezietako unitateetan ere bilakaera positiboa izan da, eta sei lagunek ZIUak utzi dituzte azken 24 orduetan.I.B.