2020 MAI. 18 Mendia Zabaleta, Uriarte eta De Pablo, oroitzapen goxoetan igeri NAIZ Irratiak Martin Zabaleta, Felipe Uriarte eta Kikede Pablo bildu berri ditu irratsaio berezi batean1980an Everesteko gailurra zapaldu zuenespedizioa oroitu eta orduan bizitakoez jarduteko. GARA Aurreko ostegunean bete ziren 40 urte Martin Zabaletak Everesteko tontorra zapaldu zuenetik, eta aste osoan zehar GARAk eta NAIZek informazio zabala eskaini dute Euskal Herriarentzat lorpen hark suposatu zuena azaltzeko. NAIZ Irratiak ere hainbat saio berezi eskaini ditu azken egunotan eta, duen balioagatik, aurreko ostiralean Martin Zabaleta, Felipe Uriarte eta Kike de Pablo elkartu zituen tertulia zinez interesgarria ekarri nahi izan dugu lerro hauetara. Ion Garate kazetari gazteak gidatutako solasaldiak argi erakutsi zuen, 40 urte igarota ere, espedizio gogoangarri hartan parte hartu zuten hiru alpinisten artean oraindik dagoen kimika berezia, baina baita hilabete haietan bizitakoak eurengan utzi duen orbain sakona ere. Umoretik eta seriotik, bietatik izan zuen hitzorduak, gogoetarako ere parada emanez. «Herriaren bihotzean oso ongi sartu zen lorpen hau, igoera hau. Sinbolo bat bilakatu zen nolabait esatearren, eta orain hemen gaude gu horren ajeak sufritzen. Baina ni pozten naiz gauzak ongi joan izanaz, eta egindakoarekin jendea poztu genuela konturatzeaz», aitortu zuen, esaterako Zabaletak, ohitura duen moduan egindakoa erlatibizatuz eta taldearen garrantzia gogoratuz. Uriartek ipini zuen espedizio hark suposatu zuenaren beste adibide bat. «Gaur [ostegunean] kalean ibili naiz eta jende askok eman dizkit zorionak. ‘Kontxo, 40 urte pasa dira, baina hala ere jendea zorionak ematen’, pentsatu dut neurekiko. Harrigarria da, baina jendea oroitu egiten da oraindik. Eta noski, ni momentu horietan (Xabier) Erro, Emilio (Hernando), ‘Takolo’ (Joxe Urbieta) eta Ricardorekin (Gallardo) gogoratzen naiz [espedizioa osatu zuten 12 kideetatik jada gure artean ez daudenak]». «Ez zen bakarrik izan tontorrera heltzearena, baizik eta hango giroa, hango oroitzapenak... oso onak. Ondo pasatu genuen, taldea primerakoa zen. Tontorra, lagunak… dena borobil irten zen, eta hori noski ez da espedizio guztietan lortzen», osatu du lehen mosaikoa Kike de Pablok, hain berea duen umore garratzari ere lekua eginez: «Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari ea zergatik gogoratu den hainbeste 40. urteurrena, eta ez hainbeste 30.a edo 50.a, baina agian ordurako ez gara hemen egongo». Burutaziotik proiektura 1980ko espedizioa ezin da ulertu sei urte lehenago, 1974an, “Tximist” izenarekin munduko mendirik garaiena zapaltzen saiatu zena aipatu gabe. Eta ezta 1974ko proiektua ere 1967an Andeetan euskal alpinistek egindako lan aparta kontuan izan gabe. Felipe Uriartek xehetasun handiz gogoratu zuen Everest igotzeko lehen saiakera hura noiz eta nola sortu zen. «Andeetatik bueltan, uste dut 1970eko udan izan zela, Dato kalean, (Angel) Rosen, (Juan Ignacio) Lorente eta Juan Carlos Fernandez zeuden, eta baten batek esan omen zuen: ‘Eta Everestera joaten bagara?’. Telefonoa hartu, kabina batekoa noski, bi pezeta bota, eta Angel Landari deitu zioten: ‘Aizu, ari gara pentsatzen Everestera joatea’. Karpeta urdin bat erosi zuten lehenengo paperak han sartzeko, eta hantxe hasi zen kontua. 1971n uste dut». Noski, horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko ideia izatea baino zerbait gehiago behar izaten da, eta kontuak aurrera egin ahal izateko bi izen azpimarratzen ditu Uriartek. Lehena, eta seguruenik garrantzitsuena, Juan Zelaia enpresa gizonarena. «Ideia horrekin joan ziren Juan Zelaia enpresaburu oñatiarrarengana eta zer egin nahi zuten esan zioten. Juan Inazio Lorente ezkonduta zegoen, eta dago, Juan Zelaiaren ilobarekin, eta Rosenek Cegasa enpresan egiten zuen lan, Zelaiarena. Eta Juanek esan zuen, ‘Ongi, ideia ona’. Juan Zelaia abertzalea zen, enpresa gizona, eta uztartu zuen Cegasako marketin kontua abertzaletasunarekin eta mendizaletasunarekin. Noski, eragina izango zuen Lorenterekin zuen familiako loturak ere. Eta esan zuen: ‘Prestatu motxilak eta ikurrina, diru kontuez ni arduratuko naiz’». Bigarren izena Jose Antonio Odriozolarena da, oztopo politiko eta burokratikoak gainditzea ahalbidetu zuena. «Garai hartan, eta 1985. urtera arte uste dut, baimenak ematen ziren bat udaberrian eta beste bat udazkenean. Eta espedizio bakarra joaten zen sasoi bakoitzean. Guri tokatu zitzaigunean, frankismo garaia bere bukaeran zegoen, neofrankismoa hasi aurretik, eta arazoak genituen, oso gainean geneuzkalako. Jose Antonio Odriozola zen Espainiako Mendizale Federazioko presidentea, asturiarra baina jatorriz euskalduna, Rosen eta Lorenteren laguna. Eta hark esan zuen: ‘Hauek joan egin behar dute, hau ezin dugu gelditu’. Indar asko egin zuen eta lortu zuen Francok baimena ematea guk hegazkina hartzeko Madrilen». Jakina denez, “Tximist” espedizio hura Everesteko gailurra zapaltzetik 200-300 metrora gelditu zen –«primeran iritsi ginen 8.600 metrora, baina orduan egiten zen bezala denda jarri eta lo egin genuen. Ez zitzaigun okurritu esatea ‘hemen gaude, ongi gaude, goazen jarraitu eta gailurra egitera’», onartzen du Uriartek–, baina gailurra lortu ez arren, bidea irekita utzi zuen sei urte geroago lortu ahal izateko. «Eskatu duzue baimena?» «Guk orduan Himalaiako atea apur bat bultzatu genuen, ireki guztiz ez, esango nuke hori nafarrek lortu zutela 1979an Dhaulagiri igo zutenean, baina guk erdi irekia utzi genuen. Jaitsi Katmandura eta Juan Ignacio Lorentek baimena berriz eskatu zuen. Madrila iritsi ginenean, Juan Zelaia ere bertara hurbildu zen, eta egin zuen lehen galdera izan zen: ‘eskatu duzue berriz joateko baimena?’. Argi esan zigun hurrengo espedizioa ez zuela Cegasak ordainduko eta diru bilketa prestatzen hasteko, baina aurreneko diru kopurua berak jarriko zuela», azaldu du Uriartek. Eta 1980an iritsi zen hurrengo espedizio hori, tartean Martin Zabaleta eta Kike de Pablo zirela. Umorez gogoratzen ditu Kikek garai hartako bidaiak eta garraioak: «Hamar tona zirela uste dut. Itsasontzi batean eramaten zen hemendik Bombayraino, eta gero guk lurrez kamioi batean eraman genuen materiala Katmanduraino. Abentura itzela zen, ze hiru hilabete lehenago joan ginen horretarako. Nik guztira sei hilabete eman nituen han. Eta gero itzuleran ere berdin, ze materiala itzuli egin behar zen. Erro, (Javier) Garaioa eta hirurok egon ginen denbora gehiago han. Gu iritsi ginenerako ahaztuta ez, baina gauza lasaiago zegoen jada», gogoratzen du barreari eutsi ezinik. Une zailak, une zoragarriak Hirurak bat datoz behin eta berriro espedizio hartan izandako giro ederra nabarmentzerakoan, arrakastaren gakoetako bat hori izan zela goraipatuz. Eta egindako lan guztiari errematea Martin Zabaletak eta Pasang Temba xerpak ipini zioten 1980ko maiatzaren 8an. «Laino artean iritsi ginen goiko lepora. Ikusten genuen azkenengo ertza, azken txanpa zen, Hillary Step pasoa, eta abar, eta oso hunkigarria egiten da. Eguraldia ez zen txarra, ez zegoen haizerik, Pasang Tembak behera joan nahi zuen hasieran, baina konbentzitu nuen gora joan behar genuela. Pasa genuen Hillaryko pasoa, eta hortik aurrera errazago egiten da. Laino artean ikusi nuen zerbait ez zena mendiaren parte. Iritsi ginen, kristoren besarkada eman genion elkarri, emozioa, poza, normala den moduan. Behera deitu nuen, eta horrenbeste aipatu izan den oihua bota nuen», gogoratu du Zabaletak. Ez ditu ahazten beherako bidean izandako larritasunak ere, Pasang Tembak izandako erorikoa edo inolako babesik gabe eguraldi txarrarekin pasa zuten gaua adibidez. «Garaioak galdetzen zidan ‘zer moduz hago’, eta nik ‘nekatuta’. ‘Indarra buruan zegok, Martin’, esaten zidan. Hiru saio egin nituen altxa eta ibiltzen hasteko, gonbitoka nahiz eta botatzeko ezer eduki ez, eta azkenean nola hala jaitsi ginen behera». Merezi izan zuen hala ere, Zabaletak berak, horretan ere konpromisoa erakutsiz, egin zioten harrera nola gogoratzen duen entzunda. «Izugarria, hunkigarria… Bilbon sekulakoa, baina gero Hernanikoa izugarria izan zen. Urte txarra izan zen, sanjoanak baino lehenago Zapa hil zuten, Los Incansables txarangako musikaria, eta Hernani oraindik minez zegoen. Pozten naiz poztu nuelako herria. Han ikusi nituen Monzon, Uria…». BESTE HAINBAT SAIO Zabaleta, Uriarte eta De Pabloren tertulia osorik entzun nahi duenak, NAIZ Irratiaren webgunean sartu besterik ez du. Eta solasaldi horrez gain, Xabier Erro eta Emilio Hernandoren senideekin izandakoa edo Antxon Iturriza mendizale eta garaiko kazetari ospetsuari egindako elkarrizketa ere entzungai daude bertan. PASABAN Urteurrenak askotan ez dira bakarrik heltzen: atzo bete ziren hamar urte Edurne Pasaban hamalau zortzimilakoak igotzen zituen lehen emakumea bilakatu zenetik. Horri buruzko audio-erreportajea entzungai dago NAIZ Irratiaren webgunean, eta 7Kn argitaratutako erreportajea astekariaren atarian irakur daiteke.