GARA Euskal Herriko egunkaria

KIROL FEDERAZIOAK HIRIETATIK IHES EGITEKO BIDE BILAKATU DIRA

Azken asteotan gora egin dute mendi federazioek jasotzen dituzten deiek. Eta federatu kopurua ere igo da; izan ere, Nafarroan federatuak bakarrik atera ahal dira udalerritik kirola egitera. Dena den, ezarritako ordutegia berbera da, eta ezin dira herrialdetik atera.


Koronabirusari aurre egiteko Madrilgo Gobernuak ezarritako alarma egoerak konfinamendu luze bat ekarri du. Gizarteak etxean zain igaro ditu azken bi hilabeteak, kalera itzultzeko irrikan. Duela bi aste ireki genuen berriz etxeko atea, baina ez guztiz. Deskonfinamenduak lau fase ditu, nahiz eta lehenengoari 0 fasea deitu. Joan den astean Hego Euskal Herriko herrialdeak lehen fasean sartu ziren eta horrek dituen abantailez gozatu dute ordutik.

Herri txikietako bizilagunek, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietako biztanleek, joan den asteko astelehenetik atera ahal izan dute etxetik erlojuari kasu egin gabe, eta herri “ertainetako” bizilagunak, 10.000 biztanle baino gutxiago duten herrietan bizi direnak, astebete egon dira baldintzapean aske, udalerri handietan eta hiriburuetan gaur egun indarrean dagoen adinaren araberako ordutegia betez. Hala, 10.000 biztanletik gorako herrietan, 14 urtetik gorakoak 6.00etatik 10.00etara eta 20.00etatik 23.00etara atera daitezke kalera kirola egitera edo paseo bat ematera. Eta 70 urtetik gorakoak edo mendekotasunen bat duten pertsonak 10.00etatik 12.00etara eta 19.00etatik 20.00etara atera ahal dira.

Lakuako Gobernuak bidalitako informazioan azaltzen denez, «jarduera egitean, norbera bizi den herritik ateratzen bada eta ordu-tarte desberdinak dituen beste herri batean sartzen bada, ordu-tarte murriztaileenak aplikatuko dira, bigarren bizilekua dagoen herrian izan ezik». Aipatutako ordutegia, eta aho-korapiloa dirudien araudia, 14 urtetik gorako herritar guztiek bete behar dute, baina zenbait ezberdintasun daude paseoak ematen dituzten lagunen eta federatuak diren kirolarien artean. Azken hauen kasuan, agiriak dioenez, entrenamenduak egin ahal dituzte banaka egunean bi aldiz. Dena den, «entrenamenduak bizi diren lurralde historikoan egin behar dituzte edo nahiz eta beste lurralde historiko batean egon mugakide diren herrietan».

Beren kabuz kirola egiten duten herritarrek kirola goizez edo arratsaldez egitea erabaki behar dute; federatutakoak, aldiz, goizez eta arratsaldez atera daitezke. Hala ere, askok uste dute federatuta egoteak abantaila gehiago dituela, eta azken asteetan zenbait kiroletako federazioek federatu kopurua igo dela antzeman dute.

Nafarroako egoera bitxia

EAEn hori da ezberdintasun bakarra. Nafarroan, aldiz, federatuak bakarrik atera daitezke beren herritik kirola egiteko. Herritarrak autoz joan ahal dira beste herri batera terraza batean egotera, baina ez kirola egitera. Egoera bitxia. Nafarroako mendi federazioko lehendakariorde Koldo Aldazek aitortu du gora egin duela federatu kopuruak azken aste hauetan, eta egun bakar batean ehun lagun federatu direla kontatu du. Federazioak mendira joatekotan karneta eramatea gomendatzen du, arazorik ez izateko.

Gipuzkoako mendi federazioko ordezkariek ere sumatu dute federatu kopurua handitu dela. Euskal Mendizale Federazioak (EMF), ordea, ez du nabaritu beste federazioek aipatutako hazkunde hori. Azken asteetan handitu dela bai, batez ere, 0 fasea hasi zenetik, baina beste urteekin konparatuz hainbesterako ere ez dela esan du. Ezarritako ordutegiak kritikatu ditu ohar batean; izan ere, xendazaletasuna osasuntsua dela eta sustatu egin beharko litzatekeela uste du EMFk.

Dena den, xendazaletasuna ez da egun hauetan zale gehien erakarri dituen kirola. Txirrindulariek hartu dituzte autoek libre utzi dituzten errepideak, eta korrikalariak ere izugarri ugaritu dira hirietako parkeetan. Nafarroako Atletismo Federazioko idazkari Orlando Millanek esan duenez, gora egin dute informazio eske jasotzen dituzten deiek eta trail runningeko lizentziek. Argi dago egun hauetan jendeak, hirietatik ihes egin nahian, mendira joateko gogoa duela.