2020 MAI. 26 JOPUNTUA Eta orain zer? Mikel Ibarguren Idazlea Nola bihurtu gure utopiak errealitate? Nola landu, egituratu eredu jasangarriagoak? Nola sortu jendearen mesedetara egongo den humus ekonomiko berri bat? Oinarri ekosozialista izango duen iraultza kultural bat etorriko ote da, aditu batzuek dioten bezala? Nork salbatu ditu bizitzak, nork elikatu jendea, nork zaindu ditu pertsona ahulenak? Nor egon da larrialdi zerbitzuetako telefonoen bestaldean, nor zerbitzu publikoen lehen lerroetan, bizitzarako eta duintasunerako beharrezkoenak diren lanpostu ezinbestekoenetan? Ez al dira izan gutxien ordainduenak, orain arte ikusezin ziren eta baldintzarik txarrenetan ziren langile horiek guztiak, logika elektoraletik urrun dagoen jendea, demokrazia botoa ematea soilik balitz bezala saldu nahi diguten elite neoliberalaren diskurtsotik at dagoen jende arrunta? Demokrazia botoekin bakarrik lotzea ilusio optikoa baita. Elite politiko-ekonomikoak bere boteregunea ziurtatzeko duen beharra baino ez da. Erizainaren, garbitzailearen edo zaintzailearen lanpostuak ezinbestekoak direla frogaturik gelditu den garai postmoderno hauetan, neoliberalismoaren ugazabek hauteskundeak eginez mozorrotu nahi dute demokrazia, langileak babestu beharrean kapitala babesteko xedez. Iritzi publikoaren lupa beraiek nahi duten lekuan ezarri nahi dute. Lehentasunak beste batzuk diren arren, krisia gainditutzat eman eta demokraziaren zein normaltasun instituzionalaren narratiba gailenduko da datozen egunetan. Hala ere, debadio politiko antzuetan erori gabe, batzuen optimismo xaloaren aurrean neure pesimismo militantearen jarreratik nahiago dut logika arduratsutik begiratu eta esatea etorkizun beltza daukagula aurrerantzean etorkizunari «etortzen» uzten badiogu; aldiz, etorkizun hobeagoa izango dugula etorkizun hori gaurdanik egiten hasten bagara. Gure ahultasunak identifikatuz eta indarguneak balioan ezarriz. Erantzunak bilatzen hasi aurretik galdera onak pausatzeko garaia delakoan nago. Neoliberalismoaren ugazabek hauteskundeak eginez mozorrotu nahi dute demokrazia, langileak babestu beharrean kapitala babesteko xedez