GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Mundaka: Ongi babestu beharreko altxorra

Mundu osoko surflariek ezagutzen dute, ezker olatu hoberenen artean baitago. Oso aldakorra den eremuan altxatzen da uhin famatua.1972an desagertzear egon zen Mundakako barra babestutako biosfera eremuan dago, baina kaltetua izateko arriskua etengabea da.


Mundakak munduko surflarien komunitatera zabaldu zuen Euskal Herria. Lurreko edozein lekutan surflari bati euskalduna zarela esan eta Mundaka aipatuko dizu. Ondorioz, surf komunitateaz harago Mundakak duen garrantzia inork gutxik jartzen du zalantzan, baina Mundakako olatua, oso aldakorra da, ezaugarri oso sentiberak ditu eta gizakiak eragindako edozein aldaketak arriskuan jar dezake.

Gizakiak esku hartu gabe ere alda daiteke Mundakako olatuaren morfologia, baina gizakiak esku hartuz gero, arriskua bikoiztu egiten da. Arriskua hor dago. Esaterako, 1972. urtean olatua betirako desagerraraziko lukeen proiektu bat gauzatzeko zorian izan zen. Horrez gain, oso ohikoak dira Urdaibaiko okan harea mugituz sakonera gehiago lortzeko egiten diren dragatu lanak.

Urtean zehar oso gutxitan izaten dira baldintzak Mundakako olatua altxatzeko, eta baldintzak diren egunetan ere, momentu jakin batzuetan bakarrik funtzionatzen du ezker olatuak mundu osoan ezaguna den moduan. Hau da, tubo borobilak eta ezker olatu luzeak eskaintzeko baldintza asko bete behar dira une berean.

Berezitasunak

Mundakako olatuaren ezaugarriak ongien ezagutzen dituen pertsonetako bat Tony Butt ozeanografo ingelesa da. Olatu handietako surflari honek urte asko darama Euskal Herrian bizitzen eta hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste “Surf Science: An Introduction to Waves for Surfing”, 2014an argitaratutako liburua. Tony Buttek “Patagonia” webgunean argitaratu zuen artikulu batean atal bat eskaintzen dio Mundakari eta bere ezaugarriak goratzen ditu. Berari esker, surflariok olatu bitxi honen inguruan gehiago jakin dezakegu.

Buttek azaltzen duenez, Mundakako bokalean gertatzen den fenomenoa oso berezia da. Munduko oso leku gutxitan gertatzen da halako zerbait. Milaka estuario aurki ditzakegu Urdaibaiko eremuaren antza izan dezaketenak, baina beste inon ez dira halako olatu luze eta borobilak jasotzen.

Itsasoratzen den ibaiak eta estuarioak olatuen eskalarekin bat egin behar dute. Kasu batzuetan olatu txiki perfektuak sortzen dira; beste estuario batzuek, ostera, itzelezko olatuak izango lituzkete olatu erraldoiak jasoko balituzte; beraz, oso arraroa da Mundakan bezala, estuarioko hondoek jasango duten adinako itsaskiak jasotzeko gaitasuna izatea.

Barra naturalak olatu luze eta borobil bat sortzeko izaera jakin bat behar du. Hau da, hondo zehatz batek baldintza zehatzak behar ditu olatua bere onenean eskaintzeko. Horregatik, Mundakako kasuan, itsasgoran ezker olatu bat izaten da itsaski trinkoak direnean (Mundakan olatuak lehertu ahal izateko gutxienez bi metroko altuera izan behar du), baina olatu horrek ez du itsasbeheran zuen forma bera, ez du tuborik sortzen eta ur masa motel bilakatzen da.

Itsasbehera behar du Mundakako barrak tuboak sortzeko. Horrek esan nahi du, ilberrian eta ilbetean hobeto funtzionatzen duela, marea biziak direnean. Alegia, itsasbehera goizean edo eguerdian denean izaten dira olatu hoberenak, zeren itsasbehera arratsaldean bada, esan nahi du ilgora edo ilbehera dela, eta ondorioz itsasbeherako koefizientea oso apala izaten denez, ez da itsasoa behar adina jaisten.

Barraren forma eta izaera ere garrantzitsua da. Ibaiak dakarren materialaren sedimentazioa, aleen forma eta izaera, egokiak dira Mundakako barran hareaz osatutako banku perfektu bat osatzeko.

Itsaskiek bultzatzen dituzten uhinen norabideak ere barraren orientazioarekin bat egin behar du. Mundakako kasuan, barrara iritsi baino lau kilometro lehenago Matxitxakoko lurmuturra inguratzen dute uhinek eta horri esker uhin lerro luzeak osatzen dira. Uhin lerro luze horiek osatuko ez balira, ohiko hondartza batean bezala lehertuko lirateke olatuak Mundakako barrara iristean.

Haizea ere kontuan hartu behar da. Hego haizea egokia izaten da Euskal Herriko urautsi gehienetan, baina Mundakan inbutu moduko bat egin dezake Urdaibaiko okak, eta halakoetan, haizea indartsuegia bada, olatua hartzeko zailtasunak izaten dira.

Badira beste hainbat osagai kontuan hartu behar direnak, baina finean, hainbeste baldintza bete behar dituen arren, eta urtean zehar Mundakan olatu onak izateko baldintzak gutxitan betetzen diren arren, Mundakako ezker olatua erregularra da. Hau da, aipatu baldintzak betetzen direnean olatua bere onenean izango dela aurrez jakin dezakegu.

Arrisku etengabean

Lehen surflariak 60ko hamarkadaren amaieran agertu ziren Mundakan, baina garai hartan surf egiteko erabiltzen zituzten taulekin oso zaila zen olatua behar bezala jaitsi eta magalean irautea. Hala ere, pixkanaka gero eta gehiago ziren Mundakara surf egitera iristen ziren atzerritarrak eta 70eko hamarkadaren amaierarako jada ezagun bilakatzen hasia zen munduko surf komunitatean.

Julen Kaltzadak argitaratu zuen “Egin” egunkarian Mundakan surf egiten zuten atzerritar haien inguruko lehen artikulua. Honela kontatu zuen Kaltzadak bere autobiografia kontatzen duen “Umezurtzen aberria” liburuan surflariekin izan zuen esperientzia: «Gazte atzerritar batzuk ikusten nituen Portuondotik Mundakarantz oinez doazela lepoan ohol dotorea hartuta eta, arreta eman zidatenez, galdetu nien ea nongoak ziren eta zertarako zen ohol hura. Esan zidaten Australiakoak zirela eta ohol hura surfa egiteko zela. Nik neuk orduantxe jakin nuen surfa zer zen; baina garrantzitsuagoa zen beste zerbait jakin nuen, hots, Mundakara etortzen zirela Mundaka-Laidako barrako olatuak zuen noranzkoa olatu gutxik zutelako munduan, eta mota horretako olatuetara ohitzeko etortzen zirela».

Artean ordea, Mundakako olatua desagertzeko zorian egon zen; izan ere, Bilboko merkataritza ganberak hondar bankua guztiz suntsituko lukeen proiektu bat proposatu zuen. Olatua lehertzen den eremu berean dike handi bat ezarri nahi zuten, baina zorionez proiektuak ez zuen jarraipenik izan.

Hamarkada bat geroago jada mundu osoan ezaguna zen Mundaka eta 1989an lehen aldiz munduko surf txapelketa bat egin zuten bertan. Horren ostean, jende pilaketak hasi ziren eta 90eko hamarkadan jada mundu mailako olatu hoberenen zerrendan aurkitzen zen Mundaka.

Muruetako ontziolan egindako itsasontziak itsasoratzeko behar adina sakonera ez zegoenez dragaketa lan handiak egin ziren 1992, 1996 eta 1999. urteetan, baina ez zuten olatuaren kalitatean eragin, ingurumenak berak berriz ere harea bere lekura eramaten baitzuen.

Aitzitik, 2003. urtean egin zuten dragaketa lanak ordura arteko marka guztiak hautsi zituen. 250.000 metro kubiko mugitu zituzten eta estuarioa kaltetua suertatu zen. Mundakako barra lekuz mugitu zen eta olatuak alderik alde ixten ziren. Bazirudien Mundakako ezker olatua betirako desagertu zela, baina 2006an ezker olatua berriz ere osatzen hasi zen.

Mundakako estuarioan gizakiak esku hartze esanguratsu bat egin zuen azken aldia 2015ean izan zen. 40.000 metro kubiko harea bildu zituzten ondoan dagoen Laida hondartzara eramateko. AZTI enpresako ikerlariek ondorio posibleak aztertu zituzten eta asmatu zuten, ez baitzen ondorio larririk izan. Jende asko egitasmo haren aurka agertu zen, sinadura bilketak egin ziren eta surflariek elkarretaratzeak egin zituzten, baina hondar mugimenduak gauzatu egin ziren, Unescok 1984an Urdaibai biosferaren erreserba izendatu bazuen ere, Mundakako barrak dragaketa lanei irekia jarraitzen baitu.

Esan bezala, Mundakako barrak ezaugarri oso bitxiak ditu. Berauek naturalki aldatuko balira denbora tartea luzea izango litzateke, aldaketa geologiakoak ez baitira egun batetik bestera gertatzen, aldiz, gizakiaren esku hartzeak aldaketa hauek azeleratu ditzakete. Ondorioz, arrisku etengabean egongo da beti Mundakako olatua, inguruko beste eremuetan egiten diren lanek ere eragin baitezakete.

Honi buruzko guztia: Surfa