2020 EKA. 03 JOPUNTUA Zarata eta furfuria Mikel Aramendi Kazetaria Seguruenera oraintxe bertan Hong Kongen ehunka mila askoren sentipena izan behar duenari forma literarioa emateko edo, Macbethen pasarte ezagunenetakoa («is a tale told by an idiot…»; «zarataz eta furfuriaz gainezka, deus esan nahi gabe») aipatzen zuen bertako iritzi-emaile/sortzaile kualifikatuenetako batek, Pekinek arestian ezarri duen segurtasun-legeak eta Pompeo-Trump tandemaren azken ateraldiek Eskualde Autonomo Bereziari iragartzen dioten etorkizunaren aurrean, George Lloyden txinparta Ameriketako Estatu Batuetan piztutako sutea indartzen ari den bitartean. “South China Morning Post” egunkariko zutabegile «horienak» ere horren zentzatuta agertzen direnean, duela hamalau hilabete hasitako partida ia amaituta dagoela ondorioztatu beharko da. Eta Pekinek irabazi egin duela; eta Jimmy Lai, Martin Lee, Zen kardinala, Demosisto eta abarrek galdu. Izan ere, iazko udaberrian, azkar usteko tentelen batzuei iruditu zitzaien abagune paregabea zela karanbola hirukoitza egiteko: Hong Kongen ordena publikoko arazo larri bat sortuz, merkataritza-negoziazioetan Txinaren irmotasuna kolokan jar zitekeen (batez ere, zuzenean esku hartzen bazuen krisian); Tsai-ren aukerak erraztu egingo ziren betiere Taiwango hauteskundeetan; eta, edonola ere, doakoa zen «Singapur bis» bat izan daitekeela Hong Kong ideia ereitea. Lehengaia ez zen falta Hong Kongeko gazte eta ez horren gazteen estutasun sozialetan. Zarata eta furfuria ikusgarria izan zen sei hilabetez. Eta behingoz, manifestariak ziren zintzoak eta poliziak gaiztoak. Baina Pekin ez zen erori «Tiananmeneko tentaldian». Besteak beste, mugimenduak ez zuelako inoiz erakutsi itsasteko ahalmenik (ezta gogorik ere) Hong Kongetik kanpora. Eta denbora ia beste armarik gabe, bere lehentasunak eta agenda ezarri ditu azkenean. Propagandak blaitutako auzi batean, nahi duen puntuan hasiko du kontakizuna bakoitzak. Eta gehienei ahaztu egiten zaizkie Poon Hiu-wing neska gaztearen eta Chan Tong-kai bere senargai eta hiltzailearen izenak. Eta Chanen balizko estradizioa izan zela pizgailua. Orain ez dago estradizio beharrik. Pekin ez zen erori «Tiananmeneko tentaldian». Eta denbora ia beste armarik gabe, bere lehentasunak eta agenda ezarri ditu azkenean