2020 EKA. 05 KOLABORAZIOA Mendi eta baso politika iraunkorra orain Mirene Begiristain Zubillaga Azken hilabete hauetako krisialdiak nabariagoa egin du ezinbestean gure ingurunearekin dugun harremana eredu orekatu eta iraunkor batean oinarritu behar dela lehenbailehen. Harreman orekatu horrek bere baitan hartzen du gure mendi eta basoekin dugun harremana, ezinbestekoa dugularik baso naturalak birsortzea atmosferako CO2 ezabatzeko, klima aldaketari aurre egiteko eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko. Nazioarteko ebidentzia zientifikoek aspaldidanik azpimarratu dute eukaliptoa espezie exotiko eta inbaditzailea dela eta Kantauriko mendietan edo eremu konfinatuetatik kanpo erabiltzeak mehatxu asko dakarrela. Izan ere, biodibertsitatean eta paisaian duen eraginaz gain, eragin zuzena du ubide eta ibaiertzetako landarediaren kontserbazioan –hil ala biziko mehatxupean dauden espezientzat–, uraren kalitatean –eta beraz gure osasunean–, lurzoruaren kontserbazioan, uholde arriskuaren kudeaketan, eta abar. Gainera, basoak soiltzeak, magalak pistaz josteak, lur mugimenduak eragiteak eta lurzorua trinkotzeak kalte konponezinak dakartzate. Kontuan izan behar dugu ere, aldaketa klimatikoaren ondorioak are larriagoak izango direla hazkuntza azkarreko landaketak nagusitzen diren heinean. Azken urteetako mendi eta basoen kudeaketa eredua behin baino gehiagotan auzitan jarri izan da baina bere kalteak handituz doaz azken hamarkadetan. Azken urtean ere, saiakera bat baino gehiago egin ditugu EH Bildutik bai Gipuzkoako Aldundiarekin eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ekimen desberdinen bitartez mendi eta basoen inguruko eztabaida zabaldu eta etorkizuneko eredu baten proposamena lantzeko. Baina, beste behin, hainbatetan aipatzen den lankidetza bidezko gobernantza eza nabarmendu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak mendi eta baso politikan eskumen garrantzitsuak ditu, aurrekontuan ere bideratzen diren dirulaguntzek erakusten duten lez. Beraz, ardura handiak nabarmenduta, gure basoak berreskuratzeko eta klima babesteko, eta, gipuzkoar guztion mendi eta baso politika iraunkor baterako, baso ondarea zaindu eta handitzearen aldeko estrategia lehenestea premiazkoa da. Gaur egungo eredutik, hobekuntza marjina handia dago, basoaren kudeaketarako ikuspegi integrala barneratuz eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jarriz. Hori guztia kontuan izanik, eta gaur, ekainak 5, ostirala, Nazioarteko Ingurumen Eguna dela medio, eukaliptoaren gaiari espezifikoki eta gure mendi eta basoen kontserbazioren ereduari orokorrean lehenbailehen eusteko dugun ardura eta urgentzia azpimarratu nahi dugu. Zentzu horretan, deia egin nahi dugu politika publikoetan gaurtik bertatik epe luzeko iraunkortasunaren erronkarekin koherentzian jarduteko, hurrengo legealdian mendi-basoen zaintza jasangarrirako legea helburu erreal bihurtzeko eta lurraldez lurralde ditugun eskumenak horretarako egokitzeko. EH Bilduren konpromisoa azpimarratu nahi dugu bide hori jorratzeko, tokian tokikotik hasita eta intzidentzia politikoa dugun esparru guztietan. Baso ondarea zaindu eta handitzearen aldeko estrategia lehenestea premiazkoa da