GARA Euskal Herriko egunkaria

«Argiantza», kapitalismoak marraztutako amildegiaren lehen ertza

Neoliberalismoaren amildegiaren lehen adreiluaren bila abiatu da Pello Lizarralde «Argiantza» (Erein) eleberrian. 80ko hamarkadan, bideoaren agerpenarekin batera gainbeheran erortzear zegoen zinemara darama irakurlea.


Road movie baten tankeran, 80ko hamarkadaren hastapenetan zinemak bizi izan zuen gainbeherara darama irakurlea Pello Lizarraldek “Argiantza” nobelan, Erein argitaletxearekin kaleratu duen lan berrian. Zinema-aretoetako kontuak kudeatzen dituen gerenteak Euskal Herrian barnako bidaia bati ekingo dio aretoetako langileekin bildu eta horien egoera zein den bertatik bertara ikusteko. Bidaiarekin batera, gainbeheraren hastapenean zegoen errealitate baten gaineko begirada objektiboa dakar Lizarraldek, bere argi-ilunekin, zerbait aldatzear dela badakiten langileen ezinegona agerraraziz.

«Irudi batek indar handia hartzen duenean ez dakizu gero zer etorriko den: nik beste armarik ez dut idazten hasten naizenean, baina konturatzen naiz horrek eragiten dituela ezkutuan dauden beste gauza batzuk. Ni konturatzen nintzen zinema desagertzen ari zela. Bideoaren etorrera seinale bat izan zen; beste asko ere egon ziren, baina seinale horrek ekarri zuen haustura izugarri bat, eta orain badakigu orduan hasitako hark zer eragin zuen», azaldu zuen Lizarraldek aurkezpenean.

Zinema aitzakia hartuta, baina, errealitate orokorrago bati buruz, neoliberalismoak gizartean eragin dituen aldaketa sakonez, hitz egin nahi izan du idazleak. «Protagonistak ezagutu du mundu bat, kapitalismo klasikokoa, eta han bazegoen joera paternalista bat, enpresari txikiak, bere langileak gutxi-asko zaintzen zituztenak. Protagonistak sumatu egiten du hori galdu egingo dela, etorri da gauzak garbiago ikusten dituen beste bat eta esan dio ‘orain arte bezala ezin dugu jarraitu, zerbait egin behar da’. Bera ez dago behartuta, baina ikusten du desagertu den mundu horretan oraindik baliorik badagoela eta zerbait egin dezakeela», azaldu zuen Lizarraldek.

Hala, sei egunetako bidaia bati ekingo dio protagonistak, eguneko zinema-areto bat bisitatuz –eta, bide batez, irakurlea Euskal Herriko paisaia ezberdinetatik garraiatuz–, egoera orokorraren gaineko irudia osatu nahian. Pertsonaiak, gainera, atsedenik ematen ez dion ataka pertsonal bat ere bizi du: erretiroa hartua beharko lukeen arren, aktibo jarraitu nahi du. «Galduta dago, ez du bere bizimoduaren kontrolik eta ingurukoek sentiarazten diote erretiratzeko orduan dagoela. Berak ez du immolatzeko batere desiorik, bizitzen jarraitzeko gogoak bultzatzen du. Sumatzen du zaharrak ez duela balio, badatorrela berria, baina berri horrek zer ekarriko duen ez daki ez berak eta ez beste inork».

Sakabanatze soziala

Denboran atzera eginez, 80ko hamarkadan gertatu ziren aldaketa haietara ere itzuli zuen gogoa Lizarraldek, fokua orainaldian eta gertuko etorkizunean jartzeko. «Hemen bizi ginenok bagenekien zerbait heldu zela, baina ez genekien zer, eta iraganeko argi hark argitzen du oraingo hau. Uste dut erakusten digula errepikatu daitekeela, oso diferentea izango dela agian, baina beharbada ordukoak eragin zuen sakabanatze sozial hark ekarri duela kalterik handiena. Izan ere, gertatzen ari denari aurre egingo badiogu elkarri begiratu beharra dago eta adin bat dugunok ikasi genuen zerbait. Badakit oraingo hau ulertu nahian jo dudala atzera, uste baitut aldaketa honen arrazoiak han daudela, geroztik etorri dena orduan sortu zela», ondorioztatu zuen.

Zentzu horretan, unean bizitzen ari direna interpretatu eta bere osoan ulertzeko gai diren pertsonak miresten dituela esan zuen Lizarraldek, baina bera ez omen da horietakoa, «nondik gentozen jakin arren ez nintzen inoiz nora gindoazen asmatzeko gai izan». Berak, izatekotan, oroitzapenak dituela nabarmendu zuen: «Oroitzapenak, besterik ez. Oraina jasanezina zaionari oroitzapenak etorri egiten zaizkio etengabe. Eta, orainera nola iritsi den ulertu nahi badu, bilatu eta aukeratu egin beharko ditu neurri handi batean. Azken asmo horrekin, orain inguratzen nauena ulertu nahian, hasi nintzen ‘Argiantza’ idazten».