GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Osasunak, euskaraz ere bai


Osasunak nafar guztiak batzen dituen ordezkaria izan nahi du, Mendialdetik Erriberara, eta, horretarako, besteak beste, zerbitzu integratzaileak eta berdinzaleak eskaini behar ditu. Horregatik, azken urte hauetan nafar guztiendako abegikorragoa izateko ahalegina egiten ari da: Emakumezkoen eta Genuine ligetako taldeak sortu ditu; boluntariotza eta gizarte-ekintzak sustatu ditu; foru lurralde osoko taldeekin loturak suspertzen ari da; eta, azken bi urteotan, hizkuntza-kudeaketa hobetzeko plana abiatu du, Osasunaren eta bere fundazioaren zerbitzuak euskaraz ere eskaini ahal izateko. Aldea nabaritu duzu? Euskarazko aukerak erabiltzen dituzu?

Edozein entitatek edo enpresak bere interes-taldeei (bezeroak, erabiltzaileak, bazkide edo jabeak, langileak, administrazio publikoak eta jendartea) entzuten jakin behar du, bai eta dibertsitate hori bere jardueran integratzen ere. Osasunaren kasuan, adibidez, bazkide konpromisarioek Estatutu berriak onartu zituztelarik, 2017ko martxoaren 23an, Osasunaren helburu sozialetako bat klubaren jardueretan euskara eta gaztelania erabiltzea zela adostu zuten. Horregatik, orain, Zuzendaritza konpromisoa betetzeko ahalegina egiten ari da.

Aunitz aitzindu du epe labur honetan: webguneak eta sare sozialetako kontuak bi hizkuntzetan daude, newsletter-a euskaraz ere jasotzeko hautua egin dezakegu, bazkidetza online euskaraz zein gaztelaniaz berritzeko aukera eskaintzen zaigu, baita sakelakoetarako eta sarrerak erosteko aplikazioak ere, Sadarreko harmailetako errotulu berriak bi eletan dira ikusleak noiz bueltatuko zain, dagoeneko egin diogu zelaiari lehen bisita euskaraz, “Osasuna” aldizkarian “Kolore Gorriz” ataleko artikuluak, futbol eskola eta campusak gaztelaniaz, euskaraz edo elebidunak dira... Horrez gain, AEKren laguntzarekin eskainitako langileendako euskara eskolak, itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza... jarri dira martxan. Informazio gehiago nahi duenak 2020ko UdalTopen (Udaletako euskara-zerbitzuen topaketa) webgunean aurkituko du Osasuna egiten ari denari buruzko txostena, Mikel Erbiti Osasunako kazetari elebidunak idatzia.

Egindako lan horrek hiru oinarri izan ditu. Bat, dagoeneko aipatu dugu: bazkide eta erabiltzaileen eskaerek piztu dute beharra. Hori gabe ez ginateke hemen. Bi, langileak. Prozesua borondatean oinarritu da, helburuarekin bat egin duten langileen lana ezinbestekoa da, euskal hiztunak izan ala ez. Azken horien ahalegina nabarmenduko genuke. Gainera, zorte handia izan dugu, une honetan, talde nagusietako entrenatzaileak eta kapitainak elebidunak direlako. Eta hiru, aitzinera egiteko baliabideak mugatuak izanik ere, jarduera giltzarrietan inbertitu da. Oso garrantzitsua izan da kazetari elebidun bat kontratatzeko hartutako erabakia. (Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari planari emandako laguntzagatik).

Taldearen sortzaileek oso argi izan zuten izena euskaraz izanen zela, duela ehun urte, Nafarroan, giro euskaltzalea bizirik zegoen seinale; eta bizirik jarraitzen du, bazkideek eta erabiltzaileek Osasunak euskaraz ere egin dezan nahi dutelako. Aunitz dugu oraindik egiteko, eta denen laguntza behar dugu. Horregatik, bazkide, zale eta erabiltzaile euskaldunak animatu nahi ditugu zerbitzuak euskaraz erabiltzera eta hobekuntzak proposatzera. Zuendako ari gara, eta elkarrekin eginen dugu.