2020 UZT. 09 Zesta Jai Alai World Tour zirkuituak zazpi txapelketa lotuta ditu Asier AIESTARAN Jai Alai World Tour zesta punta zirkuitua Markina-Xemeinen abiatuko da, ostiralean, uztailaren 10ean, eta, covid-19ak eragindako egoerak formatua eta egutegia aldatzea ekarri badu ere, berau abendura artekoa izango da, gutxienez zazpi txapelketarekin eta munduko puntistarik onentsuenekin. Une honetan baieztatuta dauden txapelketak Markina-Xemeingo Masterra (uztailak 10, 16 eta 19), Lekeitiokoa (irailak 4 eta 6), Hondarribiko Grand Slam-a (irailak 18 eta 25 eta urriak 2, 9 eta 16), Gernikakoa (urriak 10, 17, 24, 26 eta 31), Donostiakoa (azaroa), Bartzelonako Open-a (azaroa) eta Berriatuko Banakakoa (abendua) dira. Gainera, antolatzaileak lanean ari dira beste txapelketa batzuk aurrera ateratzeko, Mutrikukoa eta Zumaiakoa, adibidez. Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak atzoko aurkezpen ekitaldian nabarmendu zuenez, zailtasunak zailtasun, «maila handiko» zirkuitua osatu da. Baieztaturiko zazpi txapelketei «seguruena beste proba batzuk» gehituko zaizkiela gaineratu zuen. «Horrekin batera, nabarmendu behar dugu munduko puntista onenak izango ditugula gurean. Besteak beste, Imanol Lopez, Goikoetxea, Aritz Erkiaga, Diego Beaskoetxea, Xabier Barandika, Lekerika, Olharan eta Zulaikak baieztatu dute jokatuko dutela». Era berean, Kepa Arroitajauregi zenak egindako ekarpena oroitu eta eskertu nahi izan zuen agerraldian. Arroitajauregi Munduko Pilota Batzarreko zuzendari teknikoa zen, eta maiatzaren 21ean hil zen, 48 urte zituela. Oraingoz pilotalekuen %60ko edukierarekin jokatuko dira neurketak, eta ikusleek maskara eraman beharko dute.