2020 UZT. 12 KIROL ESKALADA Javier Aguilar, 7c zailtasuna sokaburu igo duen lehen itsua 37 urteko eskalatzaile andaluziarrak Los Cahorros-en (Granada) dagoen «To Su Puta Madre a Caballo» bidea kateatu du. Jarduera horijoan den ekainaren 17an sinatu zuen eta, protagonistak dioenez, oinentzat koska egokienak aurkitzea izan zen zailena. Andoni ARABAOLAZA Javier Aguilar 37 urteko eskalatzaile itsua da. Jaio zenetik, gainera. Mendia eta eskalada ezagutu zuenetik ez da geldi egon; izan ere, kirol horietan buru-belarri jardun du. Eta ibilbide horretan egin dituen urratsak azpimarratzekoak dira. Kirol eskaladari dagokionez, bai arrokan bai lehiaketetan maila bikaina eman du. Azken atal horri dagokionez, aipatu behar dugu Fedme-ren paraeskalada taldeko kidea dela eta Espainiako zein nazioarteko ia hitzordu guztietan podiumera igo dela. Iaz, adibidez, Munduko Txapelketan zilarra lortu zuen, eta aurreko urtean, brontzea. Munduko Kopan, berriz, B1 kategorian (erabateko itsuak) hainbat domina eskuratu ditu. Arrokan, berriz, egundoko bilakaera izan du eskalatzaile andaluziarrak. Joan den ekainaren 17an azpimarratzekoa den jarduera bat biribiltzeko aukera izan zuen. Granadako Los Cahorros eskalada eskolan “To Su Puta Madre a Caballo” bidea sokaburu izanik kateatu zuen. 7c zailtasuna du; hain zuzen, protagonista honek lortutako maila gorena. Hortaz, Aguilarrek lortu duen arrakastari azpimarra jarri behar zaio. Alde batetik, ez delako ohikoa pertsona itsu batek 7c maila erdiestea, eta, bestetik, marra hori sokaburu izanik eskalatu zuelako; eskuarki, soka gainetik eskalatzen du. Bada, bi eite horiek lotzen baditugu, honako emaitza ematen digu: 7c zailtasuna sokaburu eskalatu duen lehen pertsona itsua da. Egin berri duen jarduerari dagokionez, esan behar dugu Los Cahorrosen asko eskalatzen duela. Granadako eskalada eremu hori ezagutzen dutenek jakin badakite, oro har, bide teknikoak eta zorrotzak dituela. Gainera, “eskola zaharreko” graduazioari eusten dio. Aguilarrek kateatu duen bidearen ezaugarriei helduz, esan behar da ez dela batere luzea (13-14 metro) eta blokeko hainbat pauso dituela: «Marra hau igo baino lehen, 7b/+ mailako beste bide bat egin nuen. Beraz, nolabait esateko, nire marka gainditu dut. Joan den udazkenean Briançon-en (Frantzia) jokatutako Munduko Txapelketaren ostean erabaki nuen Los Cahorros-en sasoiko jarri behar nuela. Marra hori dagoen sektorearen ezaugarriak kontuan hartzen baditugu, esan dezaket mugimenduak flasheatzeko zaila dela. Eta puntu hori nire eskaladarako erabakigarria da. Ia konturatu gabe urratsak egiten joan naiz, eta, azkenean, nire helburua lortzeko aukera izan dut. Duela hiru urte, top ropean edo soka gainetik probatu nuen. Baina ohartu nintzen aurretik bide luzea nuela; hots, bide hori ‘handiegia’ zen niretzat. Baina berriro itzuli nintzenean, ekinaldi batzuk egin eta soka katetik pasatzea nahiko hurbil ikusi nuen». Lerrootako protagonista itsua denez, 7c mailako marra horretan egin behar izan duen prozesua erabat ezberdina izan da. Xede hori menderatu ahal izateko, lehenik eta behin soka gainetik hainbat eta hainbat ekinaldi egin behar izan ditu. Batez ere, marra guztia memorizatu ahal izateko: «Mugimenduak buruz ikastea da egin behar dudan lehena. Jakina, nire metodoak aurkitu eta indarrean jarri behar ditut. Horretarako, bide hori eskalatu duten lagunekin informazioa partekatzen dut. Jarduera horrek gehien eskatzen didana oin egokiak aurkitzea da. Hatzetarako heldulekuak bilatzea askoz samurragoa egiten zait; arroka ukitzen dut eta egokiena bilatzen. Oinekin, berriz, askoz ere zailagoa da asmatzea». Top ropean eginiko prozesua biribildu ostean, Aguilar pronto zegoen sokaburu eskalatzeko. Mugimendu guztiak memorizatuta zituen; egun on bat izatea falta zitzaion soilik: «Kateatu nuen bezperan lehen ekinaldian erorikoa izan nuen. Besaurreak oso kargatuta nituen, baina, era berean, lasaitu egin nintzen. Beste saio batzuk egin nituen, batez ere, soka espresetatik pasatzeko kokapenak memorizatzeko. Eta biharamunean helburua lortu nuen. Eskalatzaile guztiei gertatu zaien bezala, itxialdia dela-eta eskalatu gabe egon naiz. Denbora luzea izan da, baina entrenatzen jarraitu nuen. Monachil-en bizi naizenez, etxetik mendira joateko aukera dut. Nire zakurrarekin mendi asko igo ditut. Lan aerobikoa landu dut: egunero 10-20 kilometroko ibilbideak. Eta astean behin hirumilako bat igotzen dut». Erabat harrapatuta Aguilarren jarduera hori goitik behera aztertu ondoren, beste urrats bat egingo dugu eskalatzaile hau nor den hobeto jakiteko. Andaluziarrak lehen esperientzia mendiekin izan zuen: «Lagunekin hasi nintzen lehen irteerak egiten. Kanpaldiak egitea asko gustatzen zitzaigun, baina segituan ohartu nintzen zerbait gehiago behar nuela. Horrela, irteera alpinoetan sartu nintzen. Horretaz gain, ‘Ama’ izeneko nire txakurra alboan izan dut duela gutxira arte. Nire ‘nagusia’ zen; hots, berak gidatzen ninduen. Baina goi mendira joaten naizenean, eskarmentua duten mendizaleekin biltzen naiz. ‘Ama’ joan den azaroan zendu zen, eta duela gutxi Ameriketako Estatu Batuetatik beste bat ekarri nuen. Trebatuta zegoenez, hilabeteren buruan elkarrekin mendira joaten hasi ginen. Oso azkar ohitu eta egokitu da bideak aurkitzera, ibilbide luzeak egitera eta etxera itzultzera». Eskaladari dagokionez, bestalde, nahiko berandu hasi zen horretan. 37 urte ditu eta 30 bete zituenean hasi zen kirol eskalada praktikatzen. Berak dioen moduan mendiak eman zion lekukoa: «Mendi irteerak egiten ari nintzela, eskalada probatu nuen. Nire lagunek eskalatzen zuten, eta egun batean probatu behar nuela esan nion neure buruari. Garai hartan Bilbon bizi nintzen. Lagunek marra bat eskalatzera eraman ninduten. Erabat harrapatuta geratu nintzen. Gauza berria zenez, pixkanaka-pixkanaka nire lehenengo bideak igo nituen. Batzuekin eta besteekin ikasten joan nintzen, eta une jakin batzuetan sokaburu eskalatzen nuen. Paraeskaladan sartu, gustatu eta horretan buru-belarri nabil». Hastapen horiek, egun, “bizio” bihurtu dira. Los Cahorros du etxeko eskalada eskola, baina Aguilar ez da geldirik egon eta zenbait eremu bisitatu ditu: «Margalef-en (Tarragona) egon naiz, eta asko gustatzen zait, hatz bateko, biko eta hiruko makina bat helduleku ditu-eta. Baina gehien gustatzen zaidan eskalada estiloa plaketan bilatzen dut, oso leunak eta garbiak direnak; izan ere, horiek heldulekuak aurkitzeko erosoagoak dira. Horma zimurtsuetan, berriz, kosta egiten zait helduleku egoki bat aurkitzea. Denbora asko blokeatzen zaudenez, bada, askoz ere gehiago nekatzen zara. Berdin dit erregeleta txikiak baditu, horiek hartu eta ondo estutzen ditut. Baina beste estilo batekoak probatu nahi nituzke: Montserrat, La Pedriza.... Hitz gutxitan esanda, Murtziako Leivan eta Lorcako ingurumarian asko eskalatu dut. Eta Los Cahorrosi dagokionez, etxean bertan dudanez, bada denbora asko egiten dut han. Nahiz eta oinak ondo erabiltzea eskatzen duen, eskalada eskola hori oso gustuko dut». LOS CAHORROS 37 urteko eskalatzaile andaluziarrak eskalada eskola horretan igo duen marra ia 14 metrokoa da, eta blokeko hainbat pauso ditu. MEMORIZATU Lehenik eta behin, Aguilarrek «top rop»-ean eskalatu zuen, bidearen mugimendu guztiak buruz ikasteko. Dioenez, zailena oinetarako koskak aurkitzea izan da. JAVIER AGUILAR 37 urteko eskalatzailea itsua da, eta joan den ekainaren 17an 7c zailtasuneko bide bat sokaburu arituz kateatu zuen.