2020 UZT. 13 Surfa Kealakekua: Cook kapitaina hil zuten surflarien badia Cook kapitaina hil zuten leku berean ikusi zituzten britainiarrek hawaiiarak estreinakoz surf egiten. 1769an deskribatu zuten lehengoz polinesiarrek olatu gainean ibiltzeko zuten abilezia. Ez zen Cook kapitaina izan testuon egilea, baina bere inguruan gertatu zen guztia. Haritz LARRAÑAGA DONOSTIA Surfaren hastapenen inguruan idatzi diren testu guztiak mendebaldarrek idatzitakoak dira, beraz, surfa deskribatzeko modua Polinesiako uharteetara iritsi ziren europarren begiradaren emaitza dela kontuan hartu behar da. Edonola ere, erreferentzia historiko ukaezinak dira, gertakariak egiaztatzeko modu eraginkorrik ez dagoen arren, eta, ondorioz, gertakari beraren inguruan hipotesi desberdinak argitaratzen diren arren. Kolonizatzaile ingelesek olatu gainean ikusitako hawaiiarren lehen deskripzio idatzia 1777koa dela esan ohi da, eta Cook kapitainari egotzi izan zaio. Baina errealitatean idatzi haren egilea bere sendagilea izan zen, William Anderson. Cook kapitainaren heriotzaren ostean argitaratu zuen “Ozeano Barean zehar bidaia” liburua eta, bertan deskribatzen diren surflariak hawaiiarrak zirela esan ohi den arren, egiaz tahitiarrak ziren. Lehen idatziak Historialariek 2006an egindako aurkikuntzen arabera, gainera, surflariak deskribatzen zituen lehen idatzia ez zen Cook kapitainaren sendagilearena izan, Joseph Banks botanikariarena baizik. Naturalista ingelesak 1769an idatzi zuen testu batean honela deskribatzen du Tahitiko Otaheite uharteko Matavai badian ikusitakoa: «Urertza harriz betea zen, baina, hala ere, urautsien artean baziren dozena bat indio igerian, eta haien aitzinean olatu bat lehertzen zenean erraztasun handiarekin iragaten ziren olatuaren beste aldera». Jarraian kanoa batekin olatuak nola hartzen zituzten kontatzen du Banksek: «Bi edo hiru lagun ziren kanoa gainean eta, olatua iritsi aitzin, itzulia egin zuten. Izugarrizko abiadarekin bultzatzen zituen olatuak urertzera, batzuetan ia hondartzaraino, baina gehienetan bide erdian irensten zituen aparrak eta olatuaren beste aldean agertzen ziren berriz». Ordu erdiz olatuak hartzen zituzten lagunei begira egon ostean, «haien kirolarekin atsegin handia hartzen zutela» ondorioztatu zuen Banksek. Ondorio bera atera zuen William Anderson zirujauak ere, baina Matt Warshaw historiagilearen esanetan hurrengo ehun urteetan inork ez zuen aipatu surflariek ondo pasatzen zutenik. Andersonek ere, Matavaiko badian ikusi zituen olatuak hartzen bertako herritarrak. Honela deskribatu zuen ikuskizuna: «Itsasoak hain azkar eta arazorik gabe garraiatzen zuen gizon hark plazer gorena hartzen zuela begiztatu nuen». Surflariak itsaskien etorrerarekin pozik jartzen zirela ohartu zen Anderson. «Ordurako konturatu nintzen kirol hura ohikoa zela haien artean», nabarmendu zuen. Jarraian, honako alderaketa egin zuen: «Gure kirolen artean kirol honekin antz gehien patinatzeak duela uste dut». Surfa deskribatzen duen hirugarren idatzia James King tenientearena da. King ere, aurreko biak bezala, Cook kapitainak gidatzen zuen “Resolution” ontzian zen, eta James Cook hil zuten Kealakekua badian ikusitakoa deskribatu zuen. Cook kapitaina hil baina apur bat lehenago, Hawaii uharteko Kealakekua badian izan ziren arratsalde bat oroitzen du bere egunerokoan Kingek, eta bi orrialdetan zehatz azaltzen du hawaiiarrek olatuak mendean hartzeko artea nola menderatzen zuten. «Aparteko itsaski bat dagoenean eta olatuen altuera handitzen denean, dibertimendurako erabiltzen dute: hogei edo hogeita hamar natibo elkarrekin abiatzen dira urautsira, muturra borobildua duten taula luze eta estuekin». Aparrak nola iragaten zituzten ere zehaztasun handiz esplikatzen du itsas tenienteak, eta behin urautsira iritsi ostean taularen gainean eseri eta itxaron egiten zutela kontatzen du. Gauza anitz deskribatzen ditu Kingek, hala nola, aparrak azpian harrapatzen zituenean jasotzen zuten astindua, olatuak noiz eta nola hartzen zituzten, baita erortzen zirenen taulak sarri haitzen kontra joaten zirela ere. Taula galtzea, gainera, surflarientzat «lotsagarria» zela gaineratzen du. King tenientearen egunerokoan idatzi zuen azken paragrafoak bere lilura agerian uzten du: «Maniobra zail eta arriskutsu horiek egiteko erakutsitako ausardia eta trebetasuna zinez txundigarria da, ikusita baino ezin da sinetsi». Surf taularen izena Idatzi bakoitzean modu desberdinean deitzen zuten olatuak hartzeko erabiltzen zuten zurezko taula ingelesek eta, horrek nahasmena sortzen zuen, batzuetan ez zen argi olatuak zerekin hartzen zituzten, piraguekin ere olatuak hartzen aritzen baitziren. Matt Marshawren hitzetan, «hawaiiarrek ‘olatuak lerratzeko taula’ edo he’e nalu deitzen zuten», eta, ingelesek, ostera, hitz ugari erabili zituzten, hala nola, “marrazo-taula”, “taula-flotagailua”, “lehiatzeko-taula” eta beste hainbat. Surf-board hitza 1790eko hamarkadako idatzietan agertu zen lehen aldiz. Surfer eta surfing hitzak, ordea, XX. mende hasiera arte ez ziren erabili. Ordura arte, “surf-igeriketa”, “surf-taula”, “surf-bainua”, “surf-jolasa” eta “surf-kirola” terminoak erabili zituzten Marshawren esanetan. Chester Lyman izan zen hawaiiarren kirola egiten saiatu zen lehen kolonizatzaileetako bat. Yale Unibertsitateko zientifikoa Honolulun izan zen 1846. urtean eta bere esperientziaren berri honela eman zuen: «Natiboek bezala, hondartzarainoko surf-paseo bat emateko plazera izan dut eta esperientzia oso azkarra eta atsegina izan da». Cooken heriotza Surfaren hastapenekin lotzen den Cook kapitainaren bidaien inguruko datu egiaztagarri ugari dago. Bere ontzian ziren beste kideen idatziei esker ere datu anitz jaso ahal izan dira, eta, lehenago aipatu dugun moduan, uharte polinesiar eta hawaiiarretako biztanleak surf egiten lehen aldiz ikusi zituztenek idatzitako lekukotasunak Cook kapitainarekin bidaian zirenek idatzitakoak dira. Ordea, oraindik ez dago argi kapitain famatua nola hil zen. Batzuen ustez, hawaiiarrek jainko batekin nahastu zuten Cook eta haien erritoak jarraituz sakrifikatu egin zuten. Beste historiagile batzuen iritziz, mendebaldarrek duten «nagusitasun konplexuak eraikitako argudioa da» esatea erritual primitibo batzuengatik hil zutela. Edonola ere, gauza bat jakina da, aste batzuk lehenago bertako biztanleak surf egiten ikusi zituzten Kealakekua badian hil zutela Cook. Arrazoi erlijiosoengatik hil zutela uste dutenek kontatzen dutenez, «natiboek Cooken itsasontzia inguratu eta kapitaina atxilo eraman zuten». Soineko gorri bat jantzarazi eta tenplu batera eraman omen zuten jarraian. Eta bertan, kolpatu egin zuten, labana sartu zioten eta gorputz atalak bereizi zizkioten. Ondoren, «bere erraiak itsasora bota zituzten eta gainontzeko zatiak erre egin zituzten abadeen esku utzi ostean». Beste teoria nagusiaren arabera, bertakoek bazekiten gizakia zela, lehendik ere ezagutzen baitzuten. Cook, errege bat gatibu hartzen saiatu omen zen hawaiiar batzuek bere ontzian lapurreta egin zutelako. Historiagileen iritziz, litekeena da Cook gorputzez gorputzeko borroka batean hil izana, eta, teoria horren defendatzaileek diotenez, haien ohituren arabera, errege baten hileta eskaini zioten Cook kapitainari hawaiiarrek. SENDAGILEA Kolonizatzaile ingelesek olatu gainean ikusi zituzten hawaiiarren lehen deskripzio idatzia 1777koa dela esan ohi da. Cook kapitainari egotzi izan zaio, baina idatzi haren egilea bere sendagilea izan zen. TAHITIARRAK Ingelesek surf egiten ikusi zituzten lehen pertsonak hawaiiarrak direla esan ohi da, baina egiaz tahitiarrak ziren. Tahitiko uharteetan den Matavaiko badian ikusi zituzten lehen surflariak. PLAZERA BAI EDO EZLehenengo idatzien egileek surflariek plazera hartzen zutela kontatzen zuten, baina hurrengo ehun urteetan egindako idatzietan ez zuten horrelakorik deskribatu kolonizatzaileek.