2020 UZT. 24 KOLABORAZIOA Jesu Kristoren izenean Markos Zapiain Agirre Hezkuntza Laikoa elkarteko kidea Irakaskuntza publiko sendo eta laiko baten aldeko ekimenean ezusteko inguruetan sortzen dira aliatuak eta arerioak. Berriki Mario Vargas Llosarenean eta islamdar eremuan azaldu dira aliatuak; eragozpenak, aldiz, Eusko Jaurlaritzan daude. Emakume etorkin magrebtar batzuek estatu laikoa eskatu dute, eta zehazki hezkuntza laikoa, ondo dakitelako nola eta zertarako erabiltzen den multikulturalismoa, zer den erlijio eta kultura berezitasunaren izenean patriarkatuaren interesen arabera identifikatua eta sailkatua izatea. Gainerako hiritarren askatasun eta eskubide berberak nahi dituzte. Diotenez, «ez dugu ‘kolektibo musulman’ gisa kategorizatuak izan nahi, ‘gure’ teologoek diktatutako aginduen arabera». Belo islamiko edo hijabik gabeko irakaskuntza nahi dute, zeren «neskatoak ez dira gurasoen erlijioaren arabera bisualki desberdindu behar». Ikastetxeetatik bereiz nahi dute erlijioa. Konkretuki, eskatzen dute erlijioa ez onartzea aitzakia gisa zenbait ikasle, batik bat neskak, Gorputz Heziketatik salbuesteko: «Derrigorrezkoak behar dute kirol-saioek, igeriketa barne, funtsezkoa baita ez bakarrik motrizitatea garatzeko eta norberaren gorputza ezagutu eta gozatzeko; biziraupenerako ere bai». Sarean dabil feminista magrebtar laiko horien manifestua. Vargas Llosa bezalako liberal batentzat ere biziki garrantzitsua da haur eta gazte guztiei, dirudun zein behartsu, hezkuntza egoki bat eskaintzea, belaunaldi bakoitzeko kide guztiei abiapuntu komun bat ziurtatuko diena. Horixe dio “Las palabras de la tribu” saiakeran. Hezkuntzaren munduan pribilegioa da bidegabeena, alegia, gazte aberatsei goi mailako prestakuntza ematea eta txiroei berriz kaskarra, biziraute triste batera kondenatuko dituena. Bereizketa hori gainditzea ez da utopikoa. Frantzian hezkuntza publiko eta doakoa hobea izan da pribatua baino, eta gizarte osoaren eskura egon da. Noski, Vargas Llosak ezikusia egiten dio Frantzia hizkuntzen hilerri bihurtu duen jakobinismo biolentoari, baina hori beste arazo bat da. Ganorazko instrukzio bat jasotzeko edonoren eskubideari dagokionez, Frantziaren ildo errepublikazaleari arrakastaz jarraitu diote Eskandinaviako herriek, Suitzak, Japoniak eta Singapurrek: hezkuntzaren esparruan aukera-berdintasuna bermatzen dute, eta horrek ez die elkarbizitza demokratikoa eta ongizate ekonomikoa zapuztu. Vargas Llosaren esanetan, ez da bidezkoa gazte batek arrazoi ekonomikoengatik ikastetxe onenetan sartzerik ez izatea. Talentua, lana eta meritua dira kontuan hartu beharrekoak, ez gurasoen kontu-korrontea. Etorkin magrebtar feministak eta Vargas Llosak ez bezala, Eusko Jaurlaritzak egitez hezkuntza pribatua saritzen eta publikoa makaltzen jarraitzen du. Erabaki esanguratsu bi hartu ditu arestian zentzu horretan, hamaika mitin baino adierazgarriagoak, Deusturi eta Gernikari lotuak. Gernikan lau ikastetxe hauetan egin daiteke Derrigorrezko Bigarren Hizkuntza: Institutu publikoan, Merzede kristauan, Seber Altube ikastolan eta San Fidel ikastola kristauan. Behin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gaindituta, Batxilergoa egitera Gernikako Institutuan elkartzen ziren eskola horietako ikasleak. Primeran funtzionatzen zuen. Ez zegoen beste ezeren beharrik. Ikasturte honetan, ordea, Hezkuntza Sailak San Fidel itunpekoan Batxilergoa abiarazi du. Horrek ahuldu egin du institutu publikoa, ikasleak eta irakasleak kendu dizkio eta gehiago kenduko dizkio. Bi talde gutxiago dauzkate aurreikusita datorren ikasturterako. Gainera, orain arte Bermeoko Jesusen Bihotzeko ikastetxetik gazteak Batxilergoa egitera Bermeoko Institutura inongo arazorik gabe joan izan badira ere, aurrerantzean Gernikako San Fidelera joateko aholkatuko diete, sare kristau berekoak baitira. Bestalde, unibertsitate publikoan Medikuntza ikas daiteke. Datorren ikasturtetik aurrera, Jaurlaritzaren konplizitateari eta laguntzari esker, Deustuko Unibertsitate pribatu kristauan ere ikasi ahalko da. Hamabost mila euro balioko du lehenbiziko ikasturteak. Aberatsek egin ahalko dute eta pobreek ez; ezta aberatsak baino argiagoak eta langileagoak diren pobreek ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berdintasuna eta inklusibotasuna oztopatu eta fededun sosdun jakin batzuk pribilegiatzen dihardu. Arturo Carlo Jemolo italiarra historialaria eta jurista izan zen; eta katoliko sutsua. Garbi zeukan Ebanjelioak gizarte justuago bat sortzeko gogoa piztu dezakeela. Erabat laikoa zen, haatik, Claudio Magris, inoiz ezagututako laikorik handiena. Ezinezkotzat jotzen zuen behar bezalako jendarte bat bideratzea Estatuaren eta Elizaren arteko bereizketa argirik gabe. Ederki ulertzen eta azaltzen zuen zer dagokion batari eta zer besteari; horrenbestez, zorrozki egiten zion aurka eskola pribatuaren finantzaketa publikoari. Jemolok inspiratua da Magrisen beraren gogoeta hauxe: benetako fedea ez da berotegi baten babes goxoan gordetzen; aitzitik, kale gorrira jaitsi eta edonorekin nahasten da, Jesu Kristo eta bere apostoluak bezala. Eta hori eskolan ikasi behar da, bestela ez baita inoiz zinez barneratzen. «Eskola publikoaren aldeko laikoek, eta horien artean asko dira katolikoak, hobeto aldezten dute erlijioa eskola katolikoaren defendatzaile gogorrek baino». Jesu Kristoren izenean ere, lehenbailehen ekin beharko genioke hezkuntzan aukera-berdintasuna ezartzeari. Hezkuntzaren munduan pribilegioa da bidegabeena, alegia, gazte aberatsei goi