2020 UZT. 30 JOPUNTUA Argia Mikel Zubimendi Kazetaria Eguraldi ederra dago eta eguzki pixka bat bidali nahi digu. Egunero ero baten moduan lan egiten du, baita sei pintura-oihal ezberdinetan ere. Esfortzu latzak egiten ditu eta, hala ere, ezin du ikusten duenaren tonua kaptatu. Atsegin ditu erabiltzen dituen ñabardurak, baina atzean geratzen da maiz, ezinean: argia ikaragarrizkoa delako, egundokoa. Zorteduna da, baina. Egun guztiek daukatelako beren efektua, eta efektu horren atzetik, efektu horrekin borrokatzen, jarrai dezake. Maite du egiten duen hori eta irrikitan espero du hurrengo eguna, hobetzeko. Koadernoa idazten du, baina idatzitako hitzak ez zaizkio axola, ilunsentian moteltzen den argiarekin gonbaratuz gero. Den guztiaren iheskortasunean pentsatzen du, bereziki argiarenean. Trazoak segundo baten distiraren araberakoak ditu, behin eta betirako, atzera-bueltarik gabe, itzuri eta desagertzen zaiguna kaptatzeko borondate. Ez zaio abiadura interesatzen gainontzekook ulertzen dugun moduan. Bidaiatzeko bidaiatzen da, ez iristeko. Beste gauza batean dago. Argian dago. Argia harrapatu nahi du, beste batzuei erakusteko, besteek ikus dezaten berak ikusitakoa. Baina zahartu ahala ohartzen da ebidentea denaz: argia aldatzen da. Bertigoz pintatzen du motibo berbera egunaren ordu ezberdinetan. Zeruak, urmaelak, katedralak, paisaiak. Bere buruarekin neurtzen da etengabe, aldakuntzen bitartez probatzen ditu bere gaiak. Errepikatu eta errepikatu baino ezin du egin, eta zenbat eta gehiago aurreratu, gutxiago lortzen du sentitzen duena islatzea. Islak mania bilakatu zaizkio eta berriz hasi behar da, behin eta berriz. Argiarena eskuraezina denaren ideia da, ihesi doanarena, eta atrapatzen saiatzea, nahiz eta badakigun ezinezkoa dela, aurrera egiten laguntzen digu. Argiarekin eta formekin lanean diharduen lagunak ez du, agian, egungo kalamitateetan asko pentsatuko, ez da bere garaiko hondamenetan geratuko, adinaren gainbeheran erreparatuko, lagunen heriotzan. Hala ere, bere pinturetan ez dago beltzik. Itzalak lantzeko beste kolore batzuk erabiltzea nahiago du, adibidez, urdina. Irakaspen bat, eta ez piktorikoa soilik. Hala ere, bere pinturetan ez dago beltzik. Itzalak lantzeko beste kolore batzuk erabiltzea nahiago du, adibidez, urdina. Irakaspen bat, eta ez piktorikoa soilik