2020 ABU. 11 JOPUNTUA Eskolako mantala Maider Eizmendi Kazetaria Berriz ere armairutik ateratzen dugunean garbitu egin beharko dugu, dagoeneko zulo usaina egina izango du eta. Lagun batek josi zigun, eder eta koloretsua, zikintzeak ere pena ematen duen horietakoa, baina horretarako josi zuen eta estreinakoz hura hartuta eskolarako bidea egin nuenean hura margoz erabat estaltzeko okasioa noiz izan ote zuen hizketan aritu ginen. Urte aldrebesa, ordea, azken hau, eta nahi baino gutxiagotan izan da lagunartean margotu, abestu, ikasi eta aldrebeskeriaren bat egiteko aukera. Etxeratu behar izan genuenean, eskolan utzi genuen eskegita. Ez genuen asko pentsatu orduan bere horretan ekarriko genuela bueltan eta armairuan gordeko genuela opor osteko oporraldia abiatutakoan. Zulo usaina izanagatik, ez gara eskolako mantala garbitu eta lisatuta prest jartzen ia atrebitzen. Abuztua lehen hamabostaldia agortzekotan denean, iraila gero eta gertuago sumatzen da eta ezinegona handiagoa da. Han eta hemen entzun dut haurren eskolaratzeari lehentasuna emango zaiola, baina hori dioen baieztapenik ez dut topatu eta, batean eta bestean begiratuta, gurasoen konpetentzia digitalak handitzeko ikastaroak aurkitu ditut sarean edota haurren garapenari laguntzeko baliabideen zerrendak. Interesgarriak denak eta, seguru asko, landu eta ikasi beharrekoak asko. Bai, etxean ikasten da, baina etxea ez da eskola. Etxean berdin dio goizago ala geroxeago jaiki; total, ez gara inora berandu iristen. Etxean ez dugu lagunartea kudeatzen ikasi behar eta ezin dugu haiekin abestu, margotu eta aldrebeskeriarik egin. Horiek guztiak egiten ditugu, bai, baina lagunik gabe. Beldurra eta ezinegona sumatzen dut gurasoen artean, nekea eta ezintasun asko eragin dituelako azken hilabeteetako egoerak, eta sortzen ari diren kasu berriek ez dute laguntzen. Egoera honek ahalegin handiak eskatu ditu osasun mailan eta ekonomia suspertzeko esfortzu handiak egin dira. Pentsatu nahi dut, ordea, adierazpen argirik ez bada ere, dagokienek irailean gerta litekeen horri aurre hartu eta hezkuntzari eman beharreko baliabideak zehaztu dituztela, mantalei hautsa kentzeko eta lagunarteko ikasketa lehenesteko. Etxean ez dugu lagunartea kudeatzen ikasi behar eta ezin dugu haiekin abestu, margotu eta aldrebeskeriarik egin. Horiek guztiak egiten ditugu, bai, baina lagunik gabe