2020 ABU. 24 JOPUNTUA Idaztearen etsaiak Mikel Zubimendi Kazetaria Idaztea etsai asko dituen ofizioa da. Lehena artaldetasuna da. Baieztapen gaiztoa dirudi; izan ere, idaztea bere bakardadeagatik famatua da, nor bere buruarekin aurrez aurre, isolamendu deseroso batean egiten den lana delako. Gazteentzat ona izan daiteke ereduak eta mentoreak izatea, baina ez naiz elkartasun horretaz ari. Talde batekin identifikatu eta bere ordezkari gisa idazteaz ari naiz. Are gehiago, taldekotasuna numerikoki kodifikatua dagoen honetan, bere “atsegin dut”, retweet eta jarraitzaile kopuruekin. Gainera, askotan, jarraitzaile kopurua lantzea bere baitan helburu bilakatzen da. Nor bere kabuz moldatzea badirudi ez dela desiragarria, ezta ohoragarria ere. Susmagarri egiten du, barregarri ez bada. Ez baduzu babesten zaituen talde bat, zu animatu, zure aurkariei eraso egin eta hilko dituena, nor zara? Artaldetasuna beldurrarekin estuki lotuta dago. Ez berehala kartzelatzeko eta edozein unetan bizkarretik labana sartzeko beldurrarekin, beste beldur mehe eta itogarri batekin baizik. Moralki epaitua izateko beldurra, lotsa publikoari, erridikulu sozialari, ostrazismoari beldurra. Beldurrak autozentsura sortzen duelako, estatuak inposaturikoa baino maltzurragoa, adimen librea behar duen pentsatzeko bultzada hiltzeko forma seguruago bat delako. Idazleak bere burura pentsamenduaren polizia eramaten badu, galderak eta galderak egingo dizkio bere buruari: hau esaterik ba al dut? Etsaiei mesede egingo diet? Twitterren egurtuko naute? Baina jendeak entzun nahi ez duena esateko beldur den idazleak ofizio okerra hautatu du. Idazleentzat ziurtasunak sekulako ondorioak ditu. Zalantzaren indarra, ideal bateraezinak adiskidetzeko borroka, nora eramango gaituen jakin gabe ideia bat lantzearen drama eta iritziz aldatzearen mina ezabatzen ditu. Idazketa onak ez ditu kontuok ukatzen, ez die ihes egiten, beren sakontasun osoan esploratzen ditu, egia inportante eta ederrenak ziurtasunaren dirdira iritsi ezin daitekeen lurraldeetan dauden konfiantzaz armatuta. Pentsatzen jarrita, momentuaren kapritxoak direnak direla ere, idazlearen lana beti izango da berdina: ofizioaren zorroztasunak menperatu, beharrezkoa bada bakarrik egon, egia esan eta konplexutasuna besarkatu printzipio sinpleei heltzen dien bitartean. Egia inportante eta ederrenak ziurtasunaren dirdira iritsi ezin daitekeen lurraldeetan daude