GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Migranteen aurkako jokaldi zaharberrituak


Siziliako gobernadoreak, Nello Musumecik, bere lurretan dauden migrante guztiak Italiara bidaltzeko agindua eman du. Diventera Bellisima alderdiko ordezkaria da gobernadorea, Fratelli d'Italia ultraeskuindarren kide den alderdikoa. Uharteko zentroetan dauden migrante guztiak Italia kontinentalera bidali nahi ditu, artez edo moldez. Egozte masibo hau lehenbailehen egin nahi du, 24 orduko epean. Aldi berean, migranteak ekartzen dituzten itsasontzi guztien lehorreratzea debekatu du, baita gobernuz kanpoko erakundeena ere. Mediterraneoan jendez leporaino eta jitoan egon daitezkeen ontziei babesa ukatzeaz gain, horiei laguntzeko daudenei ere lurra hartzeko itxaropena galtzeko esaten die.

Agintari eskuindarrak koronabirusarekin justifikatu ditu neurriok. «Europa beste aldera begira dagoen bitartean» Siziliara migrante ilegalak heldu eta heldu ari direlako eta horrek covid-19aren hedapena handitu dezakeela uste duelako. Benetako egitateak hartuz –Europar Batasunaren migrazio politika antzua eta osasungintza-krisiak dituen arriskuak–, jendearen beldurra piztu dezakeen diskurtsoa artikulatzen dute eta agenda markatzeko gaitasuna berreskuratzen dute. Matteo Salviniren eskolakoa da.

Gaur egun, ordea, ez da hain erraza. Salvini eta bere kideak boteretik kanporatzeak onura handiak ekarri ditu. Ultraeskuindarren eragina izugarri txikitu da eta horrek babesa murriztu die, hein batean. Eztabaida publikoaren joera aldatu da, agenda berritu da. Tira, berritu baino gehiago, italiar politikagintzaren betiko auziak berrartu dira, bere arazo estrukturalekin: gizarte desberdinkeria, finantzen egoera eta zor publikoa, iparraldearen eta hegoaldearen arteko aldea, herrialdeak duen populazio handiaren eta eragin txikiaren arteko desoreka, ezkerraren krisia… horiei guztiei koronabirusaren krisia gehitu behar zaie, Italia latz kolpatu duena. Migrazioa ere hor sartzen da, jakina, baina egoera honetan ultraeskuinak lehen agenda markatzeko zuen gaitasuna berreskuratzea ez da erraza izango. Edo izan ez dadin borrokatu beharko da.