GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Badatoz okupak!


Uda osoan zehar eta etengabe okupazioaren inguruko albisteak agertu dira komunikabideetan: bizilagunen istorioak entzun ditugu, segurtasun edo desokupazio enpresen testigantzak, baina bereziki tertuliakideen iritziak. Orokorrean gaia oso modu nahasian landu da; ez dira bereizi, ez juridikoki, ez sozialki, «okupazio» gisa izendatzen diren hainbat egoera ezberdin. Are gehiago, orokortzeko nahi horretan, okupak modu monolitikoan deskribatuak izan dira, gehienbat alferrak eta lotsagabeak bezala. Badirudi oso urrun geratzen zaigula 2008ko krisian desjabetzeen aurkako mugimenduek sortutako elkartasun uholdea.

Zalantzarik ez da alarma sozialeko giroan murgilduta gaudela, badirudi egun-pasa joanez gero etxeko sarraila aldatuta aurkituko dugula bueltan; berdin dio bizileku-bortxaketak estatistikoki hutsaren hurrengo izatea. Ez dirudi, baina, auzia udako berri gisa geratuko denik. Oraingoz, segurtasun-enpresak izan dira onuradun, etekin gorakada handiak izanik. Edozelan ere, proposatzen diren legedi aldaketei adi egon beharko dugu, kaleratzeak errazteko proposamenek harrera ona izateko giroa sortu da eta.

Ez da gauza bera norbaiten bizilekua bortxatzea, hau da, bizitza pribatua garatzen duen tokian eta intimitatea babesten den lekuan sartzea (dela lehen etxebizitza, dela bigarren etxebizitza) edo hutsik abandonaturik edo eraikitzen amaitu gabeko etxea usurpatzea. Norberaren bizitzan izan dezakeen eragina eta baita tratamendu juridikoa ere oso bestelakoa da. Datuek diote okupazioa batez ere bankuen eta edukitzaile handien jabetzako higiezin hutsetan gertatzen dela. Edozelan ere, egoera horretarako badira ere tresna juridiko aproposak.

Konfinamenduaren ondorioz etxearen berebiziko garrantzia indartu egin dela argi dago. Edozelan ere, beldurra eta ziurgabetasuna ohikoak dira beti krisi egoeretan, baita diskurtso bideraketak ere. Okupazioaren gorabeherekin nahasita gaudela, etxebizitza eskuratzeko arazoaren debatea ez da mahaigaineratzen, jakin badakigu ere egoerak okerrera egingo duela krisia larritzen den ahala. Benetako arriskua ez ote da desjabetuak izatea?