GARA Euskal Herriko egunkaria

Seaskak bosgarren kolegioa irekitzeko asmoa agertu du


Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 4.021 ikaslek beteko dituzte aurten Ipar Euskal Herrian dauden 37 ikastoletako ikasgelak. Aurreko ikasturteko kopuruak atxiki ditu Seaska federazioak; 4.001 ikasle bildu zituzten iaz Iparraldeko ikastolek, aurten hogei gehiago izanen dira.

«Ikasturtearen sartzean Departamendu mailan eskola publikoek 600 ikasle galduko dituztela kontuan izanik, gurea ez da zenbaki txarra», nabarmendu zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, Piarres Lartzabal kolegioko lehendakari Iurgi Arrizabalagarekin batera atzo Ziburun egin zuen agerraldian.

Bigarren hezkuntzari dagokionez, 2020-2021 ikasturtean 1.048 ikasle izanen dira Seaskako sarea osatzen duten lau kolegioetan. Hain zuzen ere, atzoko prentsaurrekorako Seaskako arduradunek hautatu zuten kolegioan, Piarres Lartzabalen, 329 ikaslerekin egin dute eskola sartzea. Iaz baino zortzi gehiago dira.

Joera antzekoa da beste hiru zentroetan. Baionako Estitxu Robles kolegioan 169 ikasle izanen dira aurten, iaz baino 27 gehiago; Kanboko Salbador kolegioan 309, iaz baino 31 gehiago; eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi kolegioan 243, iaz baino 14 gehiago.

«Azken bi urteetan alarma piztua dugu eta aurten jada mila ikasleen heina gainditu dugu», laburbildu zuen Iurgi Arrizabalagak. Egoera horretan, bosgarren kolegioa irekitzeko asmoa mahaigainean ezarri zuten Seaskako ordezkariek. Oraindik ikastetxe berria noiz eta non irekiko duten zehaztu ez bazuten ere, Jorajuriak aukera bi izan zituen aipagai. Hego Lapurdin dagoen matrikulazio eskaera handiari erantzuteko aukera ona litzatekeela ikastetxea Senpere-Azkaine aldean jartzea azaldu zuen, baina ez zuen baztertu ikastetxea Hazparne aldean zabaltzea ere.

Buxetaren herena galdurik

Egitasmoak egitasmo, Seaskako ordezkariek aitortu zutenez, covid-19ak eragindako krisiak ia dena zalantzan jarri du ikasturte hasiera honetan. Gainerako eskolek bezala, Iparraldeko ikastolek ere protokolo oso zorrotzak bete behar dituzte. Horrek garbiketari buruzko aurrekontuak azkarki emendatzea ekarri du. Alta, Herri Urrats bezalako ekimenak bertan behera geratu direnez, ikastolen buxeta heren batean murriztu dela oroitarazi zuen Jorajuriak.

Hala eta guztiz ere, kurtso berriari «zinez gogotsu» heldu diotela eta irakasle, guraso eta ikasleen aldetik «antolaketa, ardura eta elkarlana» nagusitu direla goraipatu zuen Jorajuriak. Alta, frantziar Hezkuntza Ministerioaren kasuan «inprobisazioa, arduragabekeria eta inposizioa» gailendu direla deitoratu zuen, baliabide falta nabarmenduz.