2020 IRA. 09 Eskalada Laura Rogora tronura iritsi da Rodellarren «Ali Hulk sit extension total» igota, 19 urteko italiarra 9b zailtasuna sinatu duen munduko bigarren emakumea bihurtu da. Andoni ARABAOLAZA Lasai esan dezakegu kirol eskaladak erregina berria duela. Laura Rogora du izena. Eskaladaren Olinpoan sartzeko Rodellarrera (Huesca) bidaiatu zuen, eta, bertan, “Ali Hulk sit extension total” bidea (9b) kateatu. Zailtasun hori gizonezko batzuek lortu dute, baina emakumezkoen zerrenda erabat urria da. 9b gradura iristen lehena Angela Eiter dugu; duela hiru urte “La Planta de Shiva”-rekin (Villanueva del Rosario) lortu zuen. Orain, italiarra da nesken zerrenda pixka bat luzatu duena: maila hori egiten bigarren emakumezkoa dugu. Bi erregina sartu dira, beraz, 9b zailtasunean. Eiterrek 31 urterekin lortu zuen ohore hori; Rogorak, berriz, soilik 19 urterekin egin du. Beraz, kirol eskaladaren tronura oso gazte heldu da. Baina hara iristeko ibilbide sendoa egin behar izan du. Urte oso oparo izaten ari da italiarrarentzat. Izan ere, abuztura arte, gai izan da 9a mailatik gorako zazpi marra biribiltzen, noiz eta pandemiak sorturiko itxialdia tartean izan den urte korapilatsuan! Eraginkortasun handia erakutsi du; oso egun gutxiren buruan 9a graduko bost bide igo zituen. Eta gutxira, bere lehen 9a+ heldu zen: “Pure Dreaming Plus” (Massone). Zailtasun hori egiten lehen neska italiarra bilakatu zen. Baina benetako “lurrikara” joan den uztailaren amaieran gertatu zen. Astebeteko oporrak igaro zituen Rodellarren, eta bost egunean “Ali Hulk sit extension total” patrikara eraman zuen. Harrigarria! Rogorak berak ere onartu du 9b maila hain azkar lortzeak ezustean harrapatu duela: «Eskalatzen hasi nintzenean, 9b maila niretzat kontu estralurtar bat zen. Soilik mutil gutxi batzuk ziren gai 9b zailtasuna egiteko! Uste dut duela hamabi urte nire entrenatzaile Alessandro Marrochirekin hasitako ibilbideak zirkulu txiki horretara eraman nauela. Talde horretan sartzea ez zen neure burutik pasatzen, baina lortu dut». Rodellarren kateatu duen 9b horri buruz, esan behar dugu berezia dela oso. Marra hibrido bat da, eserita hasita lehen 50 mugimenduak sokarik gabe eskalatzen direlako. Atsedena hartzeko leku batera heldu, soka lotu eta 8c+ zailtasuna duen beste bide batean 50 mugimendu egin behar dira. Nahiz eta bide bitxia den, Rogorak ez dio garrantzirik kendu: «Ohiko bide batekin ez dago alde handirik. Soilik lehen zatia da ezberdina. Lurretik oso-oso gertu zaudenez, ez du merezi soka lotzeak. Finean, boulder batean murgilduta zaude. Lehen zati hori gainditu eta gero, 8c+ maila duen ‘Hulk extension total’ bidean sartzen zara». Rogorak bost eguneko ekinaldia behar izan zuen 9b hori egiteko. Oso egun gutxi muturreko bide bat egiteko, baina ez gaitu harritzen, abuztuan “La prophetie des grebouilles” marra (9a) kateatzeko egun bat eta hiru ekinaldi behar izan zituelako. Italiarrak azaldu du Rodellarrera egindako lehen bisita zuela: «Hasieratik, saio guztiak lehen metrotik [hots, eserita] hasi nituen; erabaki horrek asko lagundu ninduen. Ez nuen uste hain azkar lortuko nuenik. Ohartu nintzen bidean oso eroso sentitzen nintzela, eta laugarren egunean benetako ekinaldiak egiten hasi nintzen. Onartu behar dut aurten arrokan asko hobetu dudala, eta bide hori oso atsegina izan dela. Horrekin esan nahi dut muturreko mugimendurik ez duela. Hori bai, erresistentzia handikoa da». Ibilbide geraezina Aipatu bezala, 19 urteko gazte honek uztail amaiera ezin hobea izan du. Historia egin du arrokan, eta badirudi lehiaketetan ere gauza bera egiteko pronto dela: Munduko Kopak izan duen hitzordu bakarrean, Rogora gailendu zen. Briançonen (Frantzia) jokatutako proba nagusitasun osoz irabazi zuen. Pena du aurtengo lehien denboraldia erabat eten delako: «Soilik txapelketa bat jokatu da. Irabazi dut, bai, baina Munduko Kopan den-dena emateko gogo handia nuen. Nire hurrengo helburua datorren denboraldiko zirkuitua prestatzea izango da. Eta, jakina, Japonian antolatuko dituzten Olinpiar Jokoak». Rogorak 6 urterekin lotu zuen soka lehen aldiz gerrira. Marrochi izan du entrenatzaile eta 12 urterekin zortzigarren esferan sartu zen. 14 urterekin bi 8c sinatu zituen, baita bere lehen 9a ere: “Joe-cita” (Oliana). Maila hori lortzen munduko bigarren neska gazteena bihurtu zen. Hortik aurrera, italiarraren progresioa bikaina izan da oso. Bederatzigarren esferan sartu, zailtasun horretako zenbait bide egin, eta, joan den uztailaren amaieran, 9b zailtasunean sartu zen. Bederatzigarren mailako bide gehien sinatu duen emakumea izateaz gain, bistan 8b+ mailara iritsi da. Eta lehiei buruz zer esan? Bada, seniorren kategorian Europako txapeldunordea dela, eta Munduko Kopan hainbat podium egin dituela jada. Eta jubeniletan munduko txapelduna da blokean zein zailtasunean, Europako Kopako txapelduna...