GARA Euskal Herriko egunkaria

EZOHIKO TURISMO UHOLDEA IPAR EUSKAL HERRIAN

Osasun krisiak aldaketak eragin ditu, baita turismoan ere. Ipar Euskal Herrian Estatu frantsesetik etorritako ezohiko bisitariek hartu dituzte kostaldeko zein barnealdeko gune turistikoak, eta hirugarren sektoreak erronkari eutsi dio. Balorazioa «positiboa da».


Ekainean inork ez zekien aurtengo uda nola pasatuko zen, ez eta osasun neurriek nola eragingo zuten ere, baina norbere aurreikuspenen arabera, turismoaren sektorean lan egiten duten eragile anitzek bisitariak jasotzeko prestaketei ekin zieten konfinamendua amaitu bezain laster. Uda iragan da eta hasierako kezka eta zalantzen ostean, Ipar Euskal Herrian zerbitzuen sektorean lan egiten dutenek aurtengo denboraldiaren balorazioa positiboa egin dute.

Sasoia oraindik ez da amaitu, irailean ere bisitari anitz izaten baita Lapurdin, Nafarroa Beherean, eta maila apalagoan, baita Zuberoan ere. Baina orain arte izan den bisitari kopurua kontuan hartuta, baikor agertu dira hirugarren sektoreko langileak.

Datu orokorrekin bat egiten dute lanbide desberdinetako ordezkariek, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak badituen. Adibidez, kostaldeko eta barne aldeko turismoak ezaugarri desberdinak ditu, bakoitzak bere izaera eta bezeroak baititu. Kostaldean, esaterako, Europako bisitarien falta izan da hutsune handiena eragin duena eta barne aldean, berriz, Compostelako bidea egiten duten erromesak izan dira paisaiatik ia erabat desagertu direnak.

Euskal Herriko eta Biarnoko Turismo Erakargarritasun eta Garapenerako Agentziak argitaratutako datuen arabera Herbehereak, Alemania, Belgika eta Britainia Handiko bisitarien kopuruak beherakada handia izan du, baina haien hutsunea frantses udatiarrek eta Bidasoaren hegoaldetik gerturatutako bisitariek bete dute.

Frantses turisten artean, ohikoa baino bisitari gehiago etorri da Paris, Gironda eta Garona Garaitik, eta gorantz nabarmen egin duen bigarren multzo handia Hego Euskal Herriko biztanleek, espainiarrek eta suitzarrek osatu dute.

Kostaldeak ohiko turismo tasa mantendu du, aldiz, barnealdean nabarmena izan da gorakada. Esan bezala, ez da erromesik izan, baina, egonaldi luzeagoa egin nahi zuten turisten kopuruak, aldiz, gora egin du. Egonaldiek %5 egin dute gora eta, uztailean adibidez, batez beste, 3,5 gaueko egonaldiak egin zituzten turistek. Horrela, apartamentuen alokairuak ere gora egin du barnealdeko landa eremuetan.

Abuztuko lehen hamabostaldiko zenbakiak berdintsuak izan dira 2019koekin alderatuz, eta iazko denboraldia oso ona izan zela kontuan hartuta, aurtengoa ere positiboki baloratu dute turismo sektoreko ordezkariek. Kostaldean 225.000 bisitari inguru izan dira egunero, eta guztira, uztail eta abuztu artean, zazpi milioi bisitari izan dira. Ordea, zenbakiek ohiko udatiar kopurua izan dela dioten arren, Ipar Euskal Herriko biztanleen artean sentipen orokorra izan da inoiz baino turista gehiago etorri dela.

Norberak izan duen esperientzia pertsonala azaltzean argitzen da aipatu sentipen hori, baina badira kontuan hartu behar diren beste bi puntu ere. Batetik, bertako biztanleek Euskal Herrian geratzeko edo urrun ez joateko hautua egin dute, eta bestetik, bigarren etxebizitza Ipar Euskal Herrian duten kanpotarrek ohikoa baino egonaldi luzeagoak egin dituzte.

Segurtasun neurrien ondorioak

Covid-19ak eragindako egoera guztiz berria zenez, aurreikuspenak egiteko zailtasunen aurrean bakoitza ahal moduan antolatu zen, baina inork gutxik espero zuen aurten uda hain azkar iritsiko zenik. «Ekainaren 10ean hasi ginen, baimena ukan genuenean, aurrez ezinezkoa baitzen. Pixkanaka hasi ginen ikastaroak eskaintzen, baina sorpresa aski fite iritsi zen, uztaila hasieratik sekulako jendetza izan da eta agorrilean baita ere», azaldu du Iban Ithurbidek, Angeluko Kortsarioen hondartzan dagoen Uhaina surf eskolako arduradunak.

Urruñako Larrunalde zalditegiko nagusia den Andoni Iriartek ere sasoia ohikoa baino lehenago hasi zela dio: «Normalean uztailaren 20tik aurrera etortzen da turista gehien, baina aurten ezustean harrapatu gaitu bisitarien uholdeak, uztailaren batetik hor baitziren».

Getariako turismo bulegoan lan egiten duen Joana Indaburu bidartarraren iritziz, «aurten baxoko probak egin ez zirenez, familiek lehenago bidaiatu ahal izan zuten eta konfinamendua amaitu bezain laster jendeak mugitu egin nahi zuen, ez baitzekiten gero zer etorriko zen, beraz uztailaren lehen astetik bisitari andana izan da; gainera eguraldi oso ona egin du. Abuztuan aldiz, ohikoa baino apur bat jende gutxiago izan da, ez baita bestarik izan».

Indaburuk aitortu du «zenbakiei begiratuta, turismo bulegotik ohikoa baino apur bat jende gutxiago» pasa dela, baina «lan gehiago egin dugula sentitu dut, zeren normalean bi langile izaten gara udan eta aurten nola pasako zen ez genekienez langile bakar bat izatea adostu zuen herriko etxeak».

Mirentxu Regok uztailaren lauan ireki zituen Hendaiako Jaizkibel tabernako ateak. Ondarraitz hondartzako lehen lerroan dagoen jatetxeak lehen urtea zuen, gainera, baina hala eta guztiz ere, baikor zen nagusia, jada bezeroek ezagutzen baitzuten, izan ere, aurrez Beltzenia pilotalekuan zuen Bakartxoko taberna oso ezaguna zen. Edonola ere, uste baino jende gehiago izan dutela onartu du Regok: «Lehen urtea izan arren jende asko espero nuen, baina ez hainbeste, udan hamabi pertsona izan gara lanean eta orain ere berdin jarraitzen dugu».

Frantses turismoa

Segurtasun neurri orokorrez harago, lanbide bakoitzean covid-19aren transmisioa ekiditeko neurri bereziak hartu behar izan dituzte, eta horrek, kasu gehienetan, bezero kopurua mugatzea ekarri du. Ordea, batzuen ustez bezero kopurua mugatzea ez da beti kalterako izan.

Jaizkibel ostatuan adibidez, pintxoak, kazolatxoak, eta menu konbinatuak eskaintzen dituzte. «Batez ere etxeko tortilla patata jatera etortzen dira bezeroak, modu tradizionalean egiten baitugu, momentuan», zehaztu du Regok. Beraz, bezeroek mahaian eserita jan eta edaten dute, baina hartu beharreko neurriak gustura ezarri dituztela ohartarazi du Regok: «Ohiko egoeran 180 bezero hartzeko lekua dugu, baina segurtasun neurriak ezarri ditugu, gutxienez 1,40 metroko distantzia mahaien artean, eta ondorioz, 150 leku ditugu guztira, baina egia esan nik nahiago dut horrela, bezeroak lasai egoteko aukera izan dezaten».

Aitzitik Larrunalde zalditegian arazo gehiago izan dute. Udaberrian lan egin ezin zutenez hiru zaldi saldu behar izan zituzten eta Iriartek onartu duenez «udan faltan bota ditut, zeren atxiki izan banitu jende gehiago hartuko nukeen». Ondorioz, bezero askori ezezkoa eman behar izan dio: «Neurri sanitarioengatik talde txikiagoak egin behar ziren eta itzuli bakoitzaren ostean zalditegia desinfektatu behar zen, beraz ezin genituen bisitari guztiak hartu eta askok ez zuen ulertzen gure kapazitatea gainditua zela».

Donibane Lohizuneko Hondartza Handiko lehen lerroan dagoen lau izarreko Helianthal hotelak uztailaren 29an ireki zituen ateak. Han lan egiten duen Ingrid Lafonek azaldu duenez bezeroak kezkatuak ziren osasun neurriengatik. «Bezero gehienak aste baterako etortzen ziren eta abuztu erdian gela guztiak (102) hartuak ziren. Bezero gehienak gurasoak eta adineko jendea ziren, batez ere Frantziako hainbat eskualdetatik etorritakoak, eta oso bezero zorrotzak, segurtasun neurriengatik etengabe galdetzen zuten».

Frantses turistak

«Bisitari gehienak frantsesak ziren, eta horien artean asko lehen aldiz etorri ziren Euskal Herrira. Normalean Mediterraneora edo Espainiako hegoaldera joaten diren turistak etorri dira, entzun baitzuten hemen covid-19 kasu gutxi zirela eta giroa lasaiagoa zegoela», nabarmendu du Indaburuk, Getariako Turismo bulegoko langileak.

Marie Elene Ernagak, Donibane Garaziko turismo bulegoko arduradunak ere «batez ere frantses turistak» izan direla adierazi du, eta gaineratu du ez dela «ia erromesik izan, zeren hegoaldean neurri zorrotzak zirenez jendeak ez zuen Espainia aldera joan nahi. Ordea, Hego Euskal Herriko jende aunitz izan da, eta baita katalanak eta espainiarrak ere».

Ithurbideren iritziz, surf ikastaroak egitera «turista berriak etorri dira». Bere esanetan, «lehen aldia zen hona etortzen zirela, asko Mediterraneo aldekoak ziren eta haien ezjakintasuna begi bistakoa zen, ez zuten itsasaldien berri, ez zituzten hondartzetako banderen esanahiak ezagutzen eta guztia hastapenetik azaldu behar zitzaien». Bezeroen eskaria ere ezohikoa zela argitu du Ithurbidek: «20 edo 30 urte arteko lagun talde anitz izan dira, etortzen ziren egun batean eta esaten zuten hamabost lagun zirela eta ikastaroa biharamunean egin nahi zutela, lehen ez genuen halako bezerorik».

Larrunaldeko bezeroen profila bestelakoa zen. «Batez ere, haurrekin zaldi itzulia egin nahi duten familiak eta bikoteak dira, baina inoiz baino paristar gehiago izan da eta haietako asko lehen aldiz etorri dira», jakinarazi du Iriartek. Urruñar gazteak ez du ezkutatzen paristarrekiko duen iritzi ezkorra: «Sentitzen zen paristar ugari zela, izaera berezia baitute, edonon etxean balira bezala ibiltzen dira eta ez dute natura errespetatzen. Komuneko papera eta zaborra nonahi zen Larhungo bideetan, eta haietako asko ez ziren batere prestatuak mendian ibiltzeko, horregatik behin baino gehiagotan bidera itzultzen lagundu behar izan diet galduak ziren ibiltariei».

Daniel Oltzomendik, Euskal Elkargoko Turismo bulegoko lehendakariak ere Larrunen izan diren arazoak hizpide izan ditu: «Geroz eta hiritar gehiago dator mendira eta arazoak sortzen dira, hor badugu zer egina».

Lekuko turismoa sustatzea

Iraila ere ongi hasi dela adierazi dute eragile gehienek, eta balorazio positiboa egin dute. «Ez genuen inondik espero hain ondo pasako zenik», aitortu du Ernagak. Ithurbidek, ostera, kontuak egiteko astirik ez du izan, «baina esan dezaket aurten nire langileek beste urteetan baino ordu gehiago lan egin dituztela». Helianthal hotelean ere «jende asko izan da eta aste honetan ere 52 gela ditugu hartuta, iraileko ohiko tendentzia da», argitu du Lafon andreak.

Duela bi urte abian jarri zen Ipar Euskal Herriko turismo bulegoko arduradunak honela laburbildu du 2020ko uda sasoia: «Oraindik goiz da balorazio bat egiteko, ongi ikertu behar dira datuak, baina esan daiteke uztailean agorrileko turismoa izan zela, eta agorrilean, usaian bezala, agorrileko jende kopurua izan zela».

Ordea, Oltzomendiren aburuz hobeto antolatu daiteke turista oldea: «Adibidez, Kakuetan sekulako jende pilaketak izaten dira, beraz jendeari esan behar zaio zein ordutan ez joan pilaketak saihesteko. Modu horretan, agian ez da bisitari gehiago etorriko, baina etortzen den jendea kontent izango da, zeren bestela ilarak eta pilaketak izaten dira eta horrela ez da hainbeste gozatzen. Horregatik bisitariari alternatibak eskaini behar zaizkio, informazio hori aurrez helarazi behar da».

Aurten lehen aldiz turistentzako gida argitaratu du Euskal Elkargoak, baina aurrera begira bisitariari eskaintza berriak helarazteko beste gida bat argitaratu eta haien webgunea hobetzeko asmoa dutela iragarri du Oltzomendik. «Helburua da urte guztiz irekiak diren kalitatezko estrukturak ezagutzera ematea», nabarmendu du Ipar Euskal Herriko Turismo Bulegoko lehendakariak.

Erronka nagusia, ordea, etxean dugula uste du Oltzomendik: «Birusak erakutsi digu tokiko turismoa hedatu behar dela, hobekiago antolatu behar dugu, zeren ordu eta eremu jakin batzuetan itzelezko jende pilaketak izaten dira, eta jende hori sakabanatu behar da, espazioan eta denboran, inguruan zer ikus dezaketen informatu behar zaie, horrela guztiontzat gozoago pasatuko da».

Hortaz, bisitariak sakabanatu, urte guztiko eskaintza indartu eta lekuko turismoa sustatzea da Euskal Elkargoko Turismo Bulegoaren etorkizuneko estrategia. «Izan gaitezen gu geu lehen turistak, urrun joan gabe, gure herrian, urte osoan, bada zer ikusi eta zertaz gozatu» aldarrikatu du Oltzomendik.