2020 IRA. 14 ZIRIKAZAN Mugimendu gaitzesgarria Josebe EGIA Joan den astean, zera nioen: «badut gobernuek pandemia hau oro har lortutako aurrerapen sozial guztiak eta bereziki genero berdintasunari dagozkionak deuseztatzeko baliatuko ote duten ezinegon benetakoa», eta «arazoei aurre egiteko moduak dena dio gure agintarien ikuspegi eta asmoez». Bada, ezinegon benetako hori estutasun bihurtu zait, bihurtu zaigu gure lurraldeko feminista guztioi, joan den astean. Izan ere, Urkullu lehendakariak Emakumearen Euskal Erakundea-Emakunde Lehendakaritzatik atera eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaien Sailera eraman du. Bestela esanda, denok garbi izan dezagun: biztanleriaren erdiari dagozkigun berdintasun eskubideei, pairatzen ditugun zapalkuntza, indarkeria eta diskriminazio guztiak betiko desagerrarazteko jarduketei, gure duintasuna bizitzako aro eta arlo guztietan gauzatzeko, hain zuzen, gaiak izan beharreko zentralitate/transbertsalitateari garrantzi maila beheratu eta esparru jakin bateko kontu bihurtu du, emakumeok geure arazoak geure txokotik eta ez beste inondik ez beste inorekin konpon ditzagun. Horra norantz doan Eusko Jaurlaritza, toki mugimendu bakar batekin emakume eta gizonen arteko berdintasuna egintzat jo eta haren aldeko borrokari nahiz borrokalarioi estatusa (eta, egon ziur, baliabideak, diru partidak, etab.) beheratuta, jada ez bagina bezala garai batean bezain beharrezkoak, gizon eta emakumeen arteko arrail guztiak dagoeneko itxita baleude bezala. Ezin argiago erakutsi dute EAJk eta PSEk emakumeok munduan izan beharreko lekuari dagokionez zer uste duten benetan, eta, hori bezain larria, zer-nolako gobernantza egikarituko duten: ez diote inori jakinarazi, ez diote inori galdetu, ez diote inori azalpenik eman… erakunde mailan aspaldi onartua eta inongo eragozpenik sortzen ez duena, Emakunderen lekua gobernuan bat-batean eta ustekabean aldatzeko orduan. Horregatik guztiagatik txundituta eta haserre gaudenoi «konfiantzazko botoa» eskatu digu, gainera, arestian aipatu sailaren arduradun Beatriz Artolazabalek. Bada, jakin beza(te) herrialde justu eta berdinzaleak ez direla herritarron konfiantza itsuaz eraikitzen, herritarron iritzi, ekimen, ekintzekin eta nolabaiteko batasuna, behintzat, lortzeko lanarekin baizik. Hortaz, lehendakariak gauza bakarra egin dezake orain, gobernatzen dituenenganako begirunea erakutsi eta gutxieneko konfiantza irabaziko badu: feministoi entzun eta bere erabaki negargarria baliogabetu, besterik ez.