GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Lau mailatik hirutan euskaldunak nagusi Canfranc-Canfranc proban

Jaione Sasieta, Silvia Trigueros eta Oihana Kortazar 100, 75 eta 42 kilometroko lasterketetan gailendu dira, hurrenez hurren.


Koronabirusak eragindako osasun krisiak bete-betean harrapatu ditu trail munduko lasterketak ere. Alabaina, “oasi” moduko bat izan berri dute Jacetanian (Huesca): “Canfranc-Canfranc” izeneko proba ezaguna. Izan ere, ezustean bada ere, 14. ekitaldia jokatu da. Joan den asteburuan izan zen; ostiralean hasi eta igandean amaitu zen proba. Hiru egun topera trail erako lehietan ibiltzen diren korrikalarien “gosea” apaltzeko.

Alderdi guztietatik begiratuta, Canfranc-Canfranc proba ezberdina da oso; izan ere, distantzia ezberdineko lau lasterketa antolatzen dituzte. 100 kilometro dituen ultra da proba erregina, baina 75, 42 eta 16 kilometroko ibilbideak dituzten lasterketak ere ez dira atzean geratzen.

Aurtengo hitzorduari dagokionez, aurreratu behar dugu berezia izan dela. Osasun protokolo guztiak zaindu behar zituzten, eta, lasai asko aitor genezake, antolatzaileek txalotzeko moduko jarrera izan dutela. Gogor egin dute lan, besteak beste, baldintza guztiak bete ahal izateko: parte hartzea 1.200 korrikalaritik 800era murriztu dute, dokumentazio pribatu pertsonalizatua indarrean jarri dute, lasterkariek etxean jaso dituzte dortsalak, lasterketen irteerak egun ezberdinetan eta 30 segundoko tartearekin egin dituzte, hitzaldiak streaming bidez egin dituzte… Bitan denez, profesionaltasun osoz bete dituzte bete beharreko neurri guztiak.

Eta harrigarria bada ere, dortsal guzti-guztiak agortu ziren. 900 korrikalari pronto ziren distantzia ezberdineko lau ibilbideei ekiteko. Eta irteera puntuan, Canfranc-Canfranc probak inoiz izan duen korrikalari talde onena. Euskal lasterkarien lanari dagokionez, baiezta dezakegu primerakoa izan dela. Batez ere, emakumeek erabateko protagonismoa izan dute. Ibilbide luzeenetan, hiru garaipen: Jaione Sasietarena (100 km), Silvia Triguerosena (75 km) eta Oihana Kortazarrena (42 km). Hiru horiek dira, beraz, urreak poltsikoratu dituztenak, baina top-10ean ere makina bat euskal korrikalari sartu dira. Bai neskak, baita mutilak ere.

Sasieta, erregina

Zalantzarik gabe, lau lasterketa horien artean 100 kilometrokoa (8.848 metro goranzko desnibela) da erregina. “Munduko 100 kilometro luzeenak” izena hartu du probak, eta ultra horretan Jacetania eskualdeko mendi ezagunenetarikoak igo behar dira: Anayet, Collarada, La Moleta, Aspe… Korrikalari guztiak prest ziren ostiraleko 23.00etan.

Sasietaren garaipena eskarmentuan oinarrituta dago. Itsasoarrak ondo baino hobeto daki muturreko distantziak kudeatzen. Eta lasterketa bikaina egin zuen. Nahiz eta Marta Corahua perutarra ia ibilbide osoan lider joan zen, Aspeko jaitsieran Sasietak erritmoa bizkortu, hura gainditu eta helmuga puntura lehena iritsi zen, 28 ordu eta 53 minutuko denborarekin. Hala ere, perutarrari soilik 10 minutuko aldea atera zion. Gogora dezagun euskal korrikalaria bigarren postuan sailkatu zela iaz.

Triguerosen eskutik heldu zen bigarren garaipena. Nahiz eta bizkaitarra 100 kilometroko ibilbidean ere bikain moldatzen den, 75 kilometroko lasterketaren (“ultra txikia” deitzen diote eta 6.500 metroko goranzko desnibela du) aldeko apustua egin eta erabat asmatu zuen. Lasterketari larunbatean eman zitzaion hasiera, 05:00etan. Trigueros faborito nagusia zen. Lehen kilometroak Leticia Bullido eta Eli Riosekin egin zituen. Ondoren, ihes egin zuen. Zazpi kilometroren faltan, baina, Bullidok harrapatu egin zuen. Baina azken jaitsieran egundoko ikuskizuna eman eta 15 ordu eta 17 minutuko denborarekin nagusitu zen euskal lasterkaria.

Mutiletan, berriz, bi euskal korrikalarik lan ederra egin zuten. Jokin Garai eta Iban Agirrezabala lider egon ziren, baina lasterketa aldatu eta helmugan Jordi Gamito katalana gailendu zen. Bigarren Agirrezabala izan zen, Gamitorengandik 11 minutura. Azkenean, Garai podiumetik kanpo geratu zen.

Hirugarren eta azken euskal garaipena Oihana Kortazarrek lortu zuen, maratoian (42 km, 4.000 metroko goranzko desnibela). Larunbatean, 07:00etan, irten ziren parte hartzaileak, eta azpimarratu behar dugu Kortazarrek ez zuela aurkaririk izan. Goitik behera menderatu zuen lasterketa. 6 ordu eta 37 minutuko denbora egin zuen.

Igandean jokatu zen 16 kilometro eta 1.600 metroko goranzko desnibela zituen lasterketa, eta hor ez zen euskal podiumik izan. Alabaina, nahitaez aipatu behar dugu Maite Maioraren lana. Sailkapen nagusian laugarrena izan zen, eta beteranoen artean lehena.