2020 IRA. 21 ZIRIKAZAN Titi-pare batez Josebe EGIA Gaztetxoa nintzenean, titiak bere lekuan jartzeko joera nuen, bularretakora egokitzekoa, alegia, ez zitezen zein bere kasa gora eta behera edota ezker-eskuin ibili (titi-zorroaren neurri egokia topatzea odisea hutsa da emakume askorentzat, urteak eman zenezake horretan). Ez dira txikiak, garai hartarako hazita zeuden, eta nire nahi bakarra zen ahalik eta gutxiena nabarmentzea, inguruko mutilen esamesak edota txantxak edota begirada lizunak saihestearren (neskok azkar asko sumatzen dugu bizitzan, geure larruan, lizunkeria, kontzeptua bera benetan ulertu baino askoz lehenago). Titiak bularretakoaren barruan egokitzeko ekintza hura, eskuen mugimendu ustez trebe azkar hura, erabateko disimuluaz egiten nuela iruditzen zitzaidan, baina argi zegoen nire irudipen hutsa besterik ez zela: lagunek kargu hartzen zidaten, esanez joera hura probokatzailetzat har zezaketela inguruko mutilek, orduan ere gure etengabeko epaileek, eta, ondorioz, ni txolin-urdanga samartzat. Hala, etengabeko dilema jasaten nuen gerritik gorako bi koskor hauek deseroso sentiarazten nindutenean, zein bere norabidea hartzen ari zela nabaritzen nuenean, batzuetan mina ere eragiten zidatenean; zer egin, eskuak nire gorputz-atal horretara naturaltasun osoz eraman eta neure ongizate fisikoa lehenetsi, ala inguruneak emakumeon gorputz-atal honekiko argi eta garbi erakusten zuen ideia finko batere osasungarriaren arabera jokatu, hots, ez erakutsi, ez nabarmendu, ezta iradoki ere, eta, Jainkoarren!, ez ukitu. Denborarekin, lehenengo bidetik egitea erabaki nuen, behin gai izan nintzenean ulertzeko andreon titien inguruko obsesio-ikuspegi-desira-gaitzespen… dena batera hori beste eraikuntza sozial heteropatriarkal eta, hortaz, matxista zapaltzaile bat besterik ez dela, nire gorputzarekin eta hura bizi izateko nire naturaltasunarekin batere zerikusirik ez duena. Hala, heldu ahala, ohartu nintzen gustuko dudala titietan haize freskoa sentitzea, edo eguzkiak berotzea, harrotasunez eta ez disimuluz mugitzea, eta, besteek zer uste duten niri bost, eskote eder baten barruan biltzea. Are gehiago, deskuiduan zeinek bere aldetik eginez gero, oraindik ere eskuen mugimendu ustez trebe hartara jotzen dut, emakume ala gizon inork zer esango edo pentsatuko arduratu gabe, neure erosotasunari baliorik handiena ematen ikasi dudalako eta argi dudalako, halaber, gure titiekin arazoak nork dituen. Eta ez gara gu geu, emakumeok, preseski.