GARA Euskal Herriko egunkaria
Hilberria

Lan eta lorpen ugari, baina agian azkena falta: garaiz erretiratzea


Txikia, ahots leunekoa baina izugarri ausarta, legea eraldatu eta arau sozialak desafiatu zituen indar geldiezina izan zen. Auzitegi Goreneko epaile, feminista, ikono progresista. Jarraitzaile asko zituen, kultura herrikoiko izarra zen; filmak, dokumentalak eta biografiak eskaini zizkioten “The Notorios R.B.G.” esaten zioten emakumeari.

Kapadunak bai, baina ez da ohikoa togadunak heroi paperean ikustea. Aitzindaria emakumeentzat, inspiratzailea estatubatuarrentzat, berdintasuna ideal izanik, parekorik ez zuen txapelduna izan zen. Parafernalia mediatikoaren eta jendeak botatzen zizkion loreen atzean, baina, bestelako Ruth Ginsburg ezkutatzen zen: pertsona serioa, zinez azkarra, AEBetako emakumeek beren eskubideen zati handi bat zor diotena.

Berarentzat ez zeuden gizonentzako lanak eta emakumeentzako lanak, Gizarte Segurantzak berdin tratatu behar zuen alarguna, gizona ala emakumea izan, berdintasuna beti ardatz. Konpromiso horri bere bizitza harrigarrian jasandako diskriminazioek eman zioten forma.

Harvard eta Columbiako unibertsitateetatik igaro ondoren, nota onenekin beti, 70eko hamarkadan ACLU Askatasun Zibilen aldeko Amerikar Batasuneko abokatu erasokorra izan zen. Emakumeen eskubideak Konstituzioaren 14. Zuzenketak –berdintasunezko babesa– defendatzen zituela aldarrikatu zuen. Zuzenketa horrek garaiko egitura arrazista instituzionalak ahultzeko balio izan zuen, baina ez matxismo sistemikoaren aurrean. Kasu asko irabazi zituen eta Jimmy Carter orduko presidentearen arreta lortu zuen. 1993an izendatu zuen Bill Clintonek Auzitegi Gorenerako epaile, eta Senatuak ia aho batez (96-3) berretsi zuen.

Bere epaiak gogoangarriak dira, beti ideia berarekin: inork ez dezala bere sexuagatik faborerik izan, inork ez dezala generoagatik bestearen lepoa zapaldu. Aukera berdintasunean oinarritutako feminismo baten alde egin zuen, beti-beti, eta beteki.

Nekagaitza zen, tenkorra, lanerako pronto beti. Behartuta eramaten zuten afaltzera etxera, goizaldeko lauretan oheratu eta oso goiz esnatzen zen, bere arduretan buru-belarri ibiltzen zen beti. Azken hatsa bota arte eutsi dio epaile izateko erabakiari; berarentzat lanbidea bizitzeko modu bat zen, eta bizitzeko modua, borroka kolektiboa.

2016an, artean hautagai zen Donald Trump kritikatzean handitu zen bere sona. «Ezin ditut AEBak imajinatu Trump presidente dela»; gero barkamena eskatu zuen, baina ez zuen atzera egin. «AEBen sinboloa ez da arrano buruzuria, pendulua da. Eta norabide batean urrutiegi badoa, atzera etorriko da berriz», zioen, Trumpen aurkako erresistentziaren ikur bihurtuta.

Koloneko minbizia izan zuen, ospitalean denbora luzea pasarazi ziona, pankreakoa gero, saihetsak hausterainoko eroriko entzutetsuak. Zerk ematen zion aurrera egiteko indarra? Zerk eragozten zion erretiroa garaiz hartzea, adibidez, Obama presidente zela, demokratek Senatuan gehiengoa zutenean?

Batez ere, bere proiektu erradikalak, oso urruti, gauzagaitz, ikusten zuen eta. Jendeak galdetzen zionean Auzitegi Gorenean zenbateko emakume kopuruarekin aseko litzatekeen, honela erantzuten zuen: «Denak, bederatziak, emakume direnean».

«Nire desira sakonena presidente berri bat dagoen arte ordezkatua ez izatea da». Halaxe mintzatu zen hil aurretik. Hauteskundeetarako aste batzuk falta direnean, bere heriotzak tragedia politikoa ekarri du, bere lorpen asko ezabatu ditzakeen tragedia. Trumpek berehala ordezkatuko duela iragarri du.

Hala bada, Auzitegi Goreneko oreka ideologikoak nabarmen egingo du eskuinerantz, 6-3 gehiengo atzerakoi bat finkatuz, urte askotarako gainera. Ruth Bader Ginsburg emakume gogoangarria izan zen, giza eskubideen aldeko bere lan eta konpromisoarekin emakume askoren bizitzak hobetu zituen emakumea. Garaipen ugari eskuratu zituen, baina, esan den bezala, agian, azkena falta izan zaio: garaiz erretiratzea.