GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
AMANCAY GAZTAÑAGA
GRISES TALDEKO AHOTSA

«Gustatu edo ez, zintzotasunetik egindako lana da, konplexurik gabe. Guretzat askatzailea izan da»

Bi urteko pausaren ostean Grises taldeak «Talisman» kaleratu du, hamar urteko bidean egin duen lanik «borobilena». Lehen aldiz beste abeslari batzuekin kolaboratu dute eta, estreinakoz, euskaraz egin dute kantu bat. Bihar Donostian izango dira eta, hilaren 9an, Gasteizen, Xabi Bandinirekin.


Zenbakiek, asmoek eta izenek zentzu handia dute eta ekintzen atzean, ia beti, arrazoiak daude. Hamar urteak betetzear ditu Grises musika taldeak. Bere lehen diskoa, “El hombre boligrafo”, 2011n kaleratu zuen eta ondoren etorri dira beste bost. Azkena, orain bi aste: “Talisman”. Kantu baten izena diskoaren azaleraino eraman dute. Iradokitzailea da. Are egungo garai nahasiotan. Eta gaurko betaurrekoetatik, badirudi zenbait letra covid sasoian idatzitakoak direla. Bada, ez. Diskoa martxoan zuten kaleratzeko prest, are, bi single ere aurreratu zituzten. Justu ondoren etorri zena, den-denok ezagutzen dugu.

Inpultsu natural batek eraginda edo, bi urtetik behin disko bat egiteko joerarekin jarraitu dute, ordea, orain arteko lanik laburrena da. 27 minutu. Zortzi kantu. Zein baino zein… nola bilatu hitz aproposa? Lehen segundotik lozorrotik esnatzen zaitu. «Orain arte egin dugun lanik borobilena dela esango nuke –dio Amancay Gaztañaga taldeko ahotsak–. Diot badelako disko bat egin duguna konplexurik gabe, aurreiritzietatik aldenduta, zintzotasun handiarekin eta pentsatu gabe gustatuko den edo ez». Nork bere buruari jartzen dizkion mugak gaindituta. «Nahi izan duguna egin dugu, egia esan, probatu nahi genituen soinuak probatu ditugu, letretan gordinagoak izan nahi genuen eta izan gara… Alde horretatik, guratzat disko askatzailea izan da».

Gitarra hots bortitzak, elektronika, astintzeko doinuak. «Dantzaren bidez katarsi bat» lortu nahi dutela aipatu arren, lan honetan, besteengan baino, euren buruengan pentsatu dutela erantsi du. «Gu geu askatzeko zerbait behar genuen». Eta konplexurik gabeko sortze prozesu horretan diskoa zuzenean nola biluzi ezin burutik kendu. «Diskoak zuzenean defendatu behar dituzu, eta defentsa horretan nahi genuen zintzotasunez egin, alegia, oholtza gainean Grises taldearen nortasunarekin bat datorrena egin». Hemen ere publikoaren aldetik espero dena «alde batera utzi» eta bilatu dutena izan da «zerbait oso barrutik atera zaiguna, besteengan pentsatu gabe. Eta hor ikusten da abestien artean badagoela koherentzia bat, nahiz batzuk izan ‘oso Grises’ eta beste batzuk ‘batere Grises’. Eta hori gertatu da utzi dugulako ateratzen jenio hori».

Askapena letrei eta soinuei dagokienez. Eta gaiei begiratzen badiegu? Dudarik gabe, «baita ere». «Bazegoen behar bat kontatzeko zerbait hamar urte hauetan bizi izan dugunaz, bazegoen zama bat musika industrian bizi izan dugunaren harira zetorrena eta letretan, nahiz eta beti izan positiboak eta guk utzi nahi dugun arrasto argitsua, badago une oro haserrea eta neke horren usaina». Diskoa irekitzen duen “Amazonia arde” edo itxiera ematen dion “Parte de mi” aipatu ditu Amancay Gaztañagak.

Hasiera zuzena da. Kritika soziala, ingurumenari egiten zaizkion sarraskien salaketa. “Amazonia arde” ez da adibide bakarra. Klabe berean mintzatzen dira “Veneno” edo “Galdu arte” kantuak. «Disko honek badu sistemaren gaineko hausnarketa eta kritika. Eta, neurri batean, sistemaren kontra doan diskoa dela esango nuke, azalak berak argi uzten du. Zer ari gara egiten? Zer hilobiratzen dugu egunero? Hori da diskoaren lema. Nahi izan dugu hori guztia argi utzi, hasieratik bertatik. Denok gara horren parte, inork ezin dezake esan ‘nik kontzientzia garbi daukat’; batzuk saiatuko gara agian beste modu batera eraikitzen, baina askotan korronteak eramaten zaitu eta adi ez bazaude itsaso horretan galtzea oso erraza da. Gure egoak sistema kapitalistan zoragarri bizi dira».

Bide berriak urratuz

Zestoarrak dira Grises. Herri txiki batekoak. Ez da gauza hutsala beren sorkuntzan, izaeran, enfokatzeko moduan. Dela bizitza, dela musika bera. «Naturarekin harreman handia dugu egunero, zorionez, eta uste dut sorkuntzan oso presente dugula hori. Hirietara, txikitik handira irteten garenean, ikusten dugu dagoen biolentzia, gizakiak gizakiaren kontra duena, gizakiak naturaren kontra duena… Konposatzerako garaian horretatik guztitik edan dugula esango nuke. Eta ‘Talisman’ bada arreta emate bat».

Hortik du azalpena seigarren diskoaren izenak. «Jendeari nolabait esateko ‘tori talisman bat, hemen duzue, objektu bat da, zortea emango dizuena. Zortzi abesti daude, erabili’. Guk ere hartu dugu zori hori».

Bide berriak urratzeko aukera izan da azken diskoa, beste musikari batzuekin kolaboratzekoa, kasu. «Psikodelia beretik edaten duen» Victor Cabezuelorekin (Rufus T. Firefly) aritu dira “Azul” kantuan. Beste «rollito» bat iradokitzen du. Gaztañagak berezkoa duten «tropikalismoa» dela dio. «Jostariak izatearen kontua oso gurea da eta, nahiz ‘Azul’ abesti tristea eta sakona izan, jolasarekin nahastu dugu».

Bigarren kolaborazioa Jurgi Ekiza (Wllis Drummond) musikariarena izan da. Eta euskaraz egin dute. Lehen aldiz. «Oso ondo ikusi dugu gure burua. Punketik asko edan duen talde bat gara, batez ere nerabezaroan, eta garai hartan entzuten genuen punk guztia erdaraz egiten zen. Gero, adinarekin, eta beste bizipen batzuk dituzunean, beste toki konkretu batetik sortzen da beharra beste hizkuntza batean edo zure hizkuntzan idazteko. Oso naturala izan da, beharra sentitu dugu eta egin dugu. Kito. Zer esango ote duten? Nahi dutena esan dezakete. Egin dugu nahi genuelako, eta euskara maite dugulako. Nahiak eta gogoak dira, eta momentuak. Askatasunetik egiten baduzu, irten egiten da».