GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Nork kozinatu, hark elikatu


Duela 15 bat urte, lagun batek eta biok hitz-aspertu itzelak izaten genituen sakelako telefonoaren eragin kaltegarriaren gainean; gure belaunaldiak edo zaharragoek baino, ondorengoek kezkatzen gintuzten, Internet bako bizimodua ezagutu ez dutenek; horien barruan, zehatzago, neskatilek, irudiaren nagusitasuna eta emakumeoi inposaturiko edertasun-kanon gero eta irrealagoek eragindako estresa, frustrazioa, arriskua eta, ondorioz, esklabotasun fisiko-psikologikoa modu basatian hazten ari ziren hartan.

Orain dela 15 urte, sare sozialen hastapenetan; pentsa gaur, online bizimoduaren erresuman, pandemiaren ondorioz –edo haren aitzakian– indartu eta hedatu besterik egiten ari ez den honetan: urte batzuetan, distantzia sozialean, ahalik eta kontaktu fisikorik txikienean, higiene etengabearen obsesioan eta jendetzarekiko beldurrean hazitako gazteak izango ditugu, konfinamenduaren garaian eta osteko «normaltasunean» gehienbat pantailen bidez elikatuak, informatuak, sozializatuak... munduratuak. Pantailen bitartez zer jaten dugun, zer-nolako menu mugagabea dagoen, denok dakigu sobera; ez horrenbeste, ordea, menuak nork, nola eta zertarako prestatzen dituzten, ezta betekada digital jarraitu honek guztiak pertsonongan eta gure arteko harremanetan eragingo dituen arazo serioak ere, mundu-mailako pandemia psikologiko-sozialak. Halako gaixotasun-arrisku kolektibo jada askoz hedatuagoari, isolamendu fisikoaz harago konfinamendu mental larria ezbairik gabe eragin dezakeenari, baina, covid-19 agertu berriari ez bezala, inolako jaramonik egin gabe bizi gara... are okerrago, erabiltzaileok gu geu ari gara elikatzen, puzten, barreiatzen, finkatzen, inolako kontrolik gabe, geure mesederako delakoan, gainera.

Ederki azaldu dute nork-nola-zertarako “The Social Dilemma” dokumentalean, non besteak beste Google, Facebook, Twitter eta Instagram erraldoien sortzaileek edo hango langile garrantzitsu ohiek haien funtzionamenduaz, helburuez, taktikez eta, batik bat, etikarik ezaz jardun duten, garbi ohartarazita etorkizun zeharo izugarria datorkigula, azkar asko zerbait egin ezean. Batez ere, «nork» utzi du argi dokumentalak, ikusita gizonezko eta emakumezko parte-hartzaileen kopurua, batzuei eta besteei hitz egiteko eskainitako minutu-kopurua: gizonena da erabat mundu digitala; haiek sortzaile, nagusi, jaun eta jabe denon munduaren gidaritzan, lehen bezala eta lehengo moldeei jarraiki, orain ere. Horregatik ere, kezka gaitezen benetan, eta kezka gaitezen gaur bertan.