GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Dilema


Dilema: bi aukeraren artean hautatu behar den egoera, aukeretako bat bestea bezain txarra edo ona denean (Euskaltzaindia). Zaila da erabakiak hartzea dilema bat sentitzen dugunean. Are zailagoa, jada aukeretako bat bizitzen ari bagara. Horrelakoetan aldaketak ziurtasun edo irmotasun handiagoa eskatzen du. Eta hori da, hain zuzen, dilema egoeretan faltan izaten duguna: uste osoa. Konbentzimendu argia.

Netflix-ek ekoitzitako “The social dilemma” dokumentala ahoz aho dabil azkenaldian. Thriller forma du. Gomendatuko nuke. Ez ezer berririk esaten delako, sare sozialen atzean dagoen dilemari heltzea beti gomendatuko dudalako baizik. Sare sozialei eta zenbait zerbitzu teknologikori neurria hartzea ardura ariketa bat delako. Ukaezina da: big tech hauek asmakizun ikaragarriak egin dituzte. Kalitatezko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Eta kasu askotan doan, eskuragarri, erakargarri. Bizitza errazten (omen) digute. Jendea gertuago sentitzen dugu. Gure ingurune soziala hor dago. Sarearen efektua da. Eta harrapatzen gaitu.

Big tech hauek gure jarrera eta erabakiak eraldatzeko gai dira. Hori ere ukaezina da. Google-ko 20 eta 35 urte arteko 50 diseinatzailek 2.000 milioi pertsonaren komunikatzeko eta lan egiteko modua erabakitzen dute. Facebook-ek erakusten dizkigunak ez dira denontzat berdinak. Youtube-k egiten dituen gomendioak ere ez. Kalkuluen emaitzak dira. Pertsona bakoitzarentzat berea. Eta tresna hauek zenbat eta gehiago erabili, kalkuluak orduan eta zehatzagoak dira.

Eta zein da kalkulu horiek egin dezaketen kaltea? Dokumentalean Google-ko diseinatzaile etiko ohiak erantzuten du: «Teknologia bera ez da mehatxua. Teknologia hauek gizartearen txarrena ateratzeko gaitasuna dute, eta gizartearen txarrena, hori da mehatxu existentziala». Horrek ez du esan nahi big tech hauen helburua kaltea egitea denik. Euren negozio ereduaren preso izan daitezke, eta gure arreta eskuratzea beste ardurarik ez dute. Baina ardura etikoari ezin zaio inoiz muzin egin.

Dilema hau ez da berria. Halere, nago gizarteak oro har ez duela dilema gisa bizi. “The social dilemma”-k horretan laguntzen badu, ongi etorria.