GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Gurpil zoroan


Mundu arranoa bizi dugu zinez. Errusiar mendian bezala, oraintxe goian, oraintxe behean gabiltza, paranoia psikosozialak hartuta. Eta ez da erraza, pandemiaren mediatizazio eta harrabots etengabean, iritzi arrazoitu eta sosegatuak aurkitzea. Baina gauza guztien gainetik krisi honek argi erakutsi digu lehenagotik zegoen egoera zein ahula eta kaskarra zen. Elur-jausi handi batek bezala, dena azpian hartu digu pandemia honek. Ez dago aditua izan beharrik sistema kapitalistaren eredu ekozida honek dakartzan ondorioak zein larriak diren ohartzeko. Gure eguneroko bizitza arruntean pairatzen ditugu. Macronek, Sanchezek, Urkulluk eta Txibitek elikatzen duten eredu kapitalista hau koma zerebralean dagoen eredu bat dela esateko nahikoa froga badira.

Hala ere, kapitalak, bere burua intubatuta eta sedatuta eduki arren, biziraupena ziurtatzeko nekropolitikaren bidetik joko du. Berak erabakiko du nor utzi bizirik eta nor ez. Eta gure bizitza oro kontrolpean dituela, bere eskuaren atzetik doan jendarte artaldetu eta otzan bat lortu ondoren, gobernu eta agintari ezberdinak bere esaneko bihurturik, demokraziaren oinarri guztiak nahieran saboteatzen jarraituko du “Chicagoko Mutilen” lorratzei jarraituz.

Kapitalak bere burua immunizatuko du pandemia honetatik bizirik ateratzeko. Bere biolentzia ekonomiko eta politikoa areagotuko du sistemari eusteko. Hau dena aldatu nahi nuke nik ere, baina nago lehenaz gain dezente okerrago aterako garela krisialdi honetatik. Sentitzen dut. Ez dut baikorkeria absolutistetan sinesten.

Hortaz, gauzak asko aldatuko diren esperantzarik ez dut. Gurpil zoro honetan jarraituko dugu hamster epileptikoak legez gelditu eta pentsatzeko betarik gabe. Horregatik, eta esperantzarik ez dudalako, egozentrismoak baztertu eta ekozentrismoan oinarrituz, iparrari eutsiz betiere, inoiz baino gehiago, gaur egun borrokatzea da gelditzen zaigun hautu bakarra.

Borrokatu lotzen gaituzten kateak sentitzeko bada ere.