GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Arazoa sistema patriarkal, arrazista eta kapitalista da!


Gizonek gizonentzako eginiko ezleku batean, emakumeok otzan hezteko ahaleginak eta bi egiten ditu espetxe sistema patriarkalak. Hierarkikoki osaturiko instituzioan, emakumeok apurtu ditugun rolak hausteagatik zigortzen gaituzte. Gure beharrak aintzat ez hartzeaz gain, ez konformatzea gure errua dela eta arazoa gu garela erakutsarazten saiatzen dira etengabe. Espetxean jasaten dugun isolamenduari, urruntzeari… zigor areagotua erantsiz. Zapalketa bikoitza eta hirukoitza da emakume presook eta preso amok jasaten duguna, espetxera ekarri gintuzten arrazoiei ez «obeditzeagatik» ezartzen zaigun zigorra gehitzen baitzaie.

Horretarako, espetxeko eguneroko bizitzan emakume presooi «gizarteratzeko», isolamendua apurtzeko, ematen zaizkigun aukerak guztiz heteronormatibo, sexista eta patriarkalak dira: garbitu, lisatu eta horrelakoak…

Barruan gure gorputzaren eta pentsaeraren kontrol saiakera eguneroko ogia den bitartean, kanpoan gizarteak sozialki zigortzen gaitu eta ez gu bakarrik, baita gure familiako emakumeak ere. Barrukoak, familia lehenetsi ez dugulako kritikatuak, haurrik ez badugu ez dugulako eta baditugu utzi egin ditugulako. Denek dakite zer den ama ona izatea eta zer ez! Gure etxekoak, berriz, emakume bezala guk hautatu dugunagatik zigortuak. Izan ere, ez gara etxean gelditu familia zaintzeko eta hori gogoratu behar zaie, alaba txarrak garela. Ez dugula patriarkatuak esperotakoa bete! Horrez gain, normaltzat jotzen da beraiek zaindu behar gaituztela, gure arropak prestatu, bisitarientzat bidaiarako janaria prestatu edo/eta astero milaka kilometro egin kristal batek banatuta ikusteko.

Espetxeek eta estatuek gure haurrak zigortzen dituzte, gure haurrak izateagatik soilik, eta kanpoan amatasun instituzio patriarkalarekin eta zigor sozialarekin topatzen gara. Horregatik, garaia da emakume* izateaz eta zaintza lanez hitz egiteko! Ikusi berri dugu koronabirusaren garaian ere krisiaren zama emakumeongan* erori dela eta ez dezagun utzi kartzelaren zaintza zama ere gure gain gera dadin!

Utzi genituen etxeak, utzi genituen familiak, kendu zizkiguten haurrak… eta utzi genituen beldurrak! Besteek zer esango dutenarenak, eta ariketa hori egin beharko genuke denok, zaintzan ari garenok eta bereziki gure gain zaintza lanak uzten dituzten horiek! Horretarako aukera, urriaren 14an, Villabonako Mintzolan Lurgatz Talde Feministak antolatutako “Emakumea*, Espetxea, Zaintza” mahai-inguruan izango dugu.