2020 URR. 14 JOPUNTUA Oturuntza Kepa Korta Irakasle eta ikertzailea Jatuna naiz, jale ona, ondo jan eta edan zalea. Horretan ez naiz oso berezia ingurukoen aldean. Baina ezin ditut eraman gure chef izardunen hitz-jario sasi-filosofiko, sasi-zientifiko, sasi-artistiko edo, sasi-sasikoak, besterik gabe. Sukaldean aritzea ez da, nonbait, besteak bezalako jarduna; ez behintzat, soldatarik gabeko gure ama eta amonen ordez, gizon ohoragarri batzuek egiten dutenean. Gure sukaldari miresgarriak lehen mailako zientzialariak dira, Einsteinen parekoak ia; edo Mozarten pareko artistak, edo biak batera. Artea eta zientzia egiten dute, ez negozioa. Hori diote behintzat gure komunikabide nazional, autonomiko nahiz probintzialek, baita eskualdeko, herriko nahiz auzoko aldizkari eta telebistek. Ez du inporta zein monarkia usteletako kideri ematen dieten jaten. Ez du axola bekadunen esklabotza praktikatzen duten. Arteak, benetako arteak, ez du diruaren jatorria, publikoa zein pribatua, gogoan hartzen. Zientziak, benetako zientziak nahiz filosofiak, ere ez. Eta niri botagura datorkit haien hitz puztuak irakurri edo entzuten ditudanean. Prentsa-bulego onak izan behar dituzte sukalde atzean, edo diru asko ordaindu publizitatean, eta gonbit eskuzabalak egin hedabideen zuzendari eta kazetariei. Kontua da herri oso baten esentzia jaso dezaketela, antza, plater bakarrean. Gure arbasoen sukaldeko tradizioa eta munduaren abangoardia bat eginda; fusioa, fisioa eta fikzioa nahasian: nazioaren arima biziberritua diseinuzko platerean. Oxbridge eta Ivy Leagueko jakinduria osoa daukagu hemen Basque Culinary Center bakar batean bilduta. Nork nahi du zientzia, arte edo bake Nobel saridunik Michelin-izar dentsitaterik handiena daukan herrialdean? Badaitort: afaldu dut inoiz jatetxe horietakoren batean. Eta gozatu dut. Ikaragarri gozatu ere. Baina Basque beret, jai-alai edo Loiolako Ignatiusen ostean, sukaldari bizardun izarduna izango da Basque Countryren irudia laster. Come on, mesedez, give me a break! Ez dut uste hori merezi dugunik. Baina, tira, alda dezaket iritzia... debaldeko bankete edo oturuntza egokiaren truke. Nork nahi du zientzia, arte edo bake Nobel saridunik Michelin-izar dentsitaterik handiena daukan herrialdean?