2020 URR. 19 JOPUNTUA Ardurak eta arrangurak Oihane Zabaleta Tokiko garapeneko teknikaria Azken aste hauetako covid kasuen gorakada esponentzialak, instituzioetatik hartutako neurri berantiar eta “epelek” sortu duten oihartzunak eta, berriro, bigarren itxialdi bat aktibatzearen mamuak sortutako hiruki bihurriak ezinegona sortu digu. Josu Erkorekak arau-hausteen kurba kutsatze kopuruarekin alderatu du: «15.868 arau-hausteetatik % 74 musukoa gaizki erabiltzearekin edo ez erabiltzearekin lotuta daude. Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek egindako kontrol jarduera horrek berebiziko garrantzia du, eta, hala izan ez balitz, pandemia gehiago zabalduko zatekeen». Oraingoan ere, erantzukizuna pertsonalizatzearen eta erruaren bidez, norbanakoaren bizkar jartzen ari dira ardura osoa. Gainera, jakin badakigu gizarte baten ardura etiko maila altuak eta herrialde horretako garapen sozialaren (eta ez, ekonomiko soilaren) adierazleak elkarreragin zuzena dutela. Beraz, ez da kasualitatea Norvegia, Danimarka eta Zeelanda Berria bezalako herrialde aurreratuetan (garapen sozialean, mundu mailan, lehen postuan daudenak, eta emakumeek lideratuta, dena esan behar bada) covid-19ari aurre egiten eredu izaten ari direla. Garapen sozialaren indizearen bilakaera aztertzea garrantzitsua da, gizarte batek oinarrizko giza beharrak asetzeko duen gaitasuna eta guztiek beren potentziala garatu ahal izateko baldintzak sortzeko. Azken datuen arabera, EAE eta Nafarroan, herrialde eskandinaviar, aleman edo britainiarren eskualdeen atzetik eta Europa ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeen aurretik kokatzen da. Ezer berririk ez. Benetan harritzen duen datua, baina, beste bat da: BPG antzekoa duten Europako eskualdeekin alderatuta posizio hobean egotea espero zitekeela, baina datuek kontrakoa adierazten dute. Zazpi hilabeteko pandemia-aldi honetan Hego eta Ipar Euskal Herriko gobernu bakar batek ere ez du azterketa hauen emaitzen berri eman eta, are gutxiago, behar adina neurri aktibatu garapen sozialeko adierazleak eta balioak indartzeko. Ez dezagun ahaztu, garapen soziala betebehar bat dela, bizi-kalitate hobea izateko dugun eskubidea bermatzen eta gizarte etiko eta zibikoa izateko dugun erantzukizuna elikatzen laguntzen duena. Gizarte baten ardura etiko maila altuak eta herrialde horretako garapen sozialaren (eta ez, ekonomiko soilaren) adierazleak elkarreragin zuzena dute