2020 URR. 26 ZIRIKAZAN «¿En rose?» Josebe EGIA Koloreekin obsesioa dudala pentsatuko duzue: duela gutxi, Period gorri hartaz aritu nintzen; gaur, berriz, arrosa dakart. Ezin diot eutsi, gogotik kendu ezinik bainabil joan den astetik, Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Egunetik, hain zuzen. Izan ere, ezagutza, prebentzioa eta, batik bat, gaixotuen beldurrik/bakardaderik eza bermatzeko beti ezinbestekoa izango den moduan –are gehiago COVID-19ak den-dena hartuta duen garai honetan, non ematen duen beste ezein eritasunek aldi baterako oporrak hartu dituela pertsonongan– , askotariko ekimenak egin eta zabaldu dira aipatu gaixotasunaren inguruan: albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, estatistikak, grafikoak, solasaldiak, ekintzak… eta guzti-guztietan giro arrosa izan da nagusi, tonu arrosa leun hori, lazoetan, karteletan, zapietan, txapetan, kamisetetan, kapeletan, edonon, ia itsutu arte arrosa! Jakina, sexu femeninoko pertsonoi jaio bezain laster esleitzen zaigun kolore hori. Umetatik mila estimuluren bitartez gero eta gehiago geure egiten dugun hori, geure eginarazten diguten izaera-mota jakina koloreztatzen duena, heldu ahala ohartu barik barneratzen duguna: arrosa kolorea eta bere leuntasuna, beste batzuen bizitasun eta potentziatik urruna, nekez nabarmentzen dena, iluntasunetik eta gatazkatik ezer ez duena; atsegina, neurritsua eta otzana bera. Sexu maskulinoko izakiei esleitzen zaien horrekin, haiek ere hasieratik blaitzen dituen urdin-betebeharrarekin, binarismo eternalean bizi dena, haurren kontuetatik hasita helduon gaixotasunetaraino, jendeari ez dakion ahantz genero-binarismoaren araberako jendartean bizi dela. Zer dela-eta arrosa, bizitzaren edertasunarekin loturiko hori, minbizi bat irudikatzeko. Zer dela-eta arrosaz margotzen eta zabaltzen jarraitu emakumeok bereziki –baina ez bakarrik– jotzen gaituen eritasun latza, berekin dakartzanak zoriontsuak eta festa hutsa balira bezala, mingarri eta beldurgarriaren belztasunik gabeak. Zer dela-eta arrosa, la vie en rose hori, bularreko minbizia jasaten dutenen %34k lana utzi behar dutenean, %42k beren diru-sarrera ia guztiak galtzen dituztenean, %21 egoera ekonomiko larrian geratzen direnean (Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkarteak esana). Jakin-minez, bilatu egin nuen: prostatako minbiziaren kolorea urdina da. Ez dugu beste artikulurik behar osasungintza ere nola dagoen antolatuta salatzeko, ezta?