GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Errepublika hilzorian


Kezkatuta daude nire lagun estatubatuarrak. Oso kezkatuta. Ez dira hiperbole zaleak eta egoera zailenetan ere badakite umore onari eusten. Baina azkenaldian esaten dizkidatenak serio demonio esaten dizkidate. Gu ere kezkatzeko motiboez ari dira; eta ez gara egoeraren larritasunaz jabetzen ari, beharbada.

AEBetan honezkero gatazka zibilean daudela ohartarazi didate eta datorren asteko hauteskundeak direla-eta edozer gerta daitekeela. Botoa behar bezala emateko jarri dituen eragozpen ugariek huts egiten badiote, oso litekeena dela Trumpek emaitzak ez onartzea, eta Auzitegi Gorenera jotzea eta honek bere alde egitea, eta herria matxinatzea, eta indar faxista armadunek erasoa indartzea eta...

Hauteskundeak behar bezala egiten direla bermatzeko Nazio Batuen Erakundearen behatzaileak bidaliko ditugun galdetu diet txantxetan, badaezpada ere kasko urdinen misio bat prestatzen hastea komeni ote den, eta ez dute barrerik egin. Lehen ere kezkatuta zeuden beren demokraziaren kalitatearekin, baina azken urteetako gertaerek egoera muturrera eraman bide dute. Datorren astean inflexio-puntua irits daitekeela sumatzen dute.

2020 eta 2021 urteen buelta honetan hiru gertakari esanguratsuk egingo dute bat. Gertakari soziologikoa, bat: «zuriak» edo, beraiek esaten duten bezala, «jatorri kaukasiarra» duten estatubatuarren kopurua parekatuko du bestelako jatorria dutenenak. Bi, gertakari ekonomiko globala: Txinaren barne produktu gordinak AEBena berdinduko du munduko ekonomiaren lidergoan. Hiru, osasun krisi global baten erdian gertatzen da hori dena, eta negazionista, supremazista, sexista... ero bat dute presidente.

Errepublikaren erorialdiaren zantzuak izan daitezke horiek guztiak. Errepublikak sortu, hazi, heldu eta hil ere egiten baitira, baldintza egokiak gertatuz gero. Eta ondoren datorrena ez da derrigor hobea izaten. Errepublikari eutsi eta hobetzen asmatuz gero ere, ez da musu-truk izaten. Borroka eskatzen du. Eta borrokak, bizitzak. Ez bat eta ez bi. Gehiegi beti.

Errepublika esaten diote. Inperioa da. Badaukate beren Kaligula. Oraingoz.