GARA Euskal Herriko egunkaria

Jendetza bildu da Belharra ikusteko


Belharra urautsia Erlaitzatik bi edo hiru kilometrora dago eta oso gutxitan lehertzen dira olatuak bertan, zinez itsaski handiak behar baititu. Horregatik, olatua lehertzen denean, atzo gertatu zen gisara, sekulako oihartzuna izaten du. Eta azken egunetan Lapurdiko kostaldean bisitari andana dabilenez, ohi baino askoz ere jende pilaketa handiagoak izan ziren Erlaitzako errepidean: mila bat lagun baziren labarretan. Azken urteetako itsaski handienetakoa izan zen atzokoa: gure kostaldean lehorreratutako olatuak AEBetako ekialdean izan diren ekaitzen ondorioz sortuak ziren eta Atlantiko osoa zeharkatu zuten; horregatik zen zinez handia olatuen arteko distantzia (20 segundoko tartea batetik bestera, zinez arraroa Kantauri itsasoan). Belharrako olatuak forma egokia izateko haizerik onena hegoa da, olatua garbi lehertzen baita; horregatik olatu handien zale diren surflari andana pilatu zen Urruñako urautsian uretako motorrean olatuak hartzeko. Eta han bezala, Euskal Herriko kostalde osoan izan ziren olatu biziki handiak eta surf egiteko egokiak.