2020 AZA. 09 ANTZERKIA Gizonen «saudade»-a Arantzazu FERNANDEZ Kepa Errastiren ideia batetik abiatutako antzezlan honek gizontasuna du gai. Gizonen sentiberatasuna, hauskortasuna eta horiek askatzeko trabak ditu hizpide. “Fadoak kantatzen zituen gizona” obrak diosku, ezagutu ditugun fado kantari gehienak emakumeak izan arren, badagoela genero musikal horretara emana den gizonik. Saudade-a, tristura, malenkonia nola adierazi, zenbateraino askatu, hor koxka. Atxikimendua zer bidetatik eta zer puntutaraino garatzen den ere eztabaidatzen da bikain jokatutako lanean. Gaia ez da arina, istorioaren euskarria, berriz, bai. Komedia umoretsua da, non barre algarak edozein momentutan sortzen diren. Ikusleek oso ondo pasatzen dute road movie antzera garatzen den argumentu erdi absurdo erdi surrealista eta aldi berean egiatian. Aspaldiko lagunek topo egiten dute Extremadura aldean; Mario kamioilariak (Aranbarri) Ander fadozalea (Errasti) auto-stopean hartu ondoren, elkarrekin bidaiatuko dute. Haien elkarrizketak zein ezusteak barregarriak dira, bai, baina bion animoan bada (h)ar bat ondo elikatua. Hirugarren pertsonaia bat badago haien ezkutuan, Masku (Gabarain), algaren punturik gorenetara eramaten gaituena. Teatro barrokoan donaire izeneko rola betetzen du: publikoarekin hizketan, umore zakarragoaz baliatzen da oholtzan gertatzen dena kritikatzeko, eta, noizbehinka, antzezlanaren idazlearekin hizketan dihardu gertakizunen norabidea aldatu nahian. Masku dugu tradizio teatraletik edaten duena, jabeari (idazleari) kontra egiten diona, neurriz kanpoko haserrealdietako satana, bufoi eta pikaroa eta –patriarkatua bezala– funtzioa antolatzen duena. Gabaraini eskerrik oneneko rola egokitu eta primeran ebakitzen du ikusleen gozamenerako. Amaieran txalo zaparrada handiaz eskertu du publikoak.