GARA Euskal Herriko egunkaria

Gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoak positibo eman du covid-19an

Ibon Fernandez Iradi euskal presoak positibo eman du covid-19 gaitzan eta sintomak ditu. Gaixotasun larria duen arren, frantziar auzitegiek bere askatasuna ukatu dute hainbatetan.


Bake Bideak ohar batean jakinarazi zuenez, Ibon Fernadez Iradi, gaixotasun larria pairatzen duen euskal presoak, positibo eman du covid-19 proban eta sintomatikoa da. Ondorioz, bere ziegan isolatu dute, Lannemezango kartzelan. Esklerosi anizkoitza du lasartearrak.

Joan den urteko azaroaren 12an espetxe zigorrak kudeatzen dituen Parisko auzitegiak Ibon Fernandez Iradiri ezarritako kondena etetea onartu zuela, bere osasun egoera eta espetxea ez direla bateragarriak onartuta, baina Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuenez, lasartearra ez zen aske geratu. Ondoren, Dei Auzitegiak aukera hori erabat itxi zuen 2020ko otsailaren 27an.

Bake Bideak eta Sarek, ohar banatan, kezka adierazi zuten atzo, Fernandez Iradik bizi duen egoeragatik baita Lannemezanen espetxeratuta dauden eta kutsatuak izan daitezkeen beste euskal presoengatik.

«Ekidin zitekeen»

Bake Bideak oroitu zuenez, osasun krisiaren hastapenean frantziar Gobernuak krisiari aurre egiteko neurriak hartu zituen baina legedia «antiterroristaren» pean kondenatuak ziren presoak baztertu egin zituen. Horren ondorioz, Fernandez Iradi bera, Gurutz Maiza, Xistor Haranburu, Jakes Esnal, Ion Parot eta Josu Urrutikoetxea preso gelditu ziren. Beraz, «preso horiek kutsatzeko arriskuan jarri zituzten».

«Ibon Fernadez Iradik pairatzen duen egoera ekidin zitekeen. Fiskaltza Antiterroristaren jarrera mendeketzailearen eta frantses Gobernuak egoera sanitarioan hartutako erabakien ondorio zuzena da», salatu zuen.

«Gobernua Ibon eta larriki eri diren presoak askatzeko bidean jarri behar da. Bada garaia Parisek eta Madrilek entzun gaitzaten eta elkarbizitza eraikuntza honetan euskal presoen auzian pauso erabakigarriak egin ditzaten. Arrisku taldeko pertsonak dira eta espetxean mantentzeak euren biziarekin jokatzea baino ez dakar», ohartarazi zuten Bake Bideak eta Sarek.

Sarek gogora ekarri zuen pandemia egoera hasi zenetik «behin eta berriro» adierazi duen kezka «errealitate» bilakatu dela.

«Hasieratik eskatu dugu larriki gaixo diren presoak etxera ekarri behar zirela, jada espetxean egote hutsak euren biziarekiko duen arriskuari covid-19a gehitu baitzaio. Ibonen kasuan ordea, muzin egin zaio errealitate honi», salatu zuem.

Egoera hau salatu eta Fernandez Iradi eta larri gaixo dauden gainontzeko presoen etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea deitu du Sarek asteazken honetan Lasarte-Orian. Arratsaldeko 19.00etan, Okendo plazan.