GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ofizialtasunaren partida etxean jokatzekoa da


Urtebete baino gehiago partidarik jokatu gabe egon ondoren, datorren astelehenean euskal futbol selekzioak Costa Ricako selekzioaren aurka jokatuko du Ipuruan. Inplikatutako estamentu guztiek hitzorduari eustearen alde egin dute, pandemia dela-eta publikorik gabe jokatuko den arren. Eragozpenen gainetik, antolatzaileek espero dute norgehiagokak balio izatea borondateak berriro batzeko eta konplizitateak ehuntzeko, euskal gizarteak partekatzen duen helburu komun baten alde: kirol selekzioak ofizialak izatea eta nazioarteko lehiaketetan parte hartu ahal izatea.

Kirol selekzioen ofizialtasuna euskal gizartean babes zabala duen aldarrikapena bada ere, egia da Espainiako federazioen erresistentzia handiari aurre egin behar diola, Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak gaur GARAk argitaratu duen elkarrizketan adierazten duenez. Ofizialtasuneranzko bide horretan beste batzuek jar ditzaketen oztopoen aurrean, indargune nagusia helburua eta bidea argi izatea izango da. Aurrera egiteko plan bat diseinatuz, modu zabalean partekatua izan dadin, eta estrategia komun horretatik abiatuta, ilusioa berpiztuz eta borondateak bateratzen joanez etorriko da ofizialtasuna. Norabide horretan aurrerapauso handia eman zen 2018. urtearen amaieran Durangon egin zen Futbol Federazioaren batzarrean. Bertan erabaki zen zuzenean UEFAri eta FIFAri eskaera ofiziala egitea. Pauso hori, zoritxarrez, oraindik ez da eman, baina behin hori burututakoan beste agertoki bat irekiko da.

Orain arte saiakera franko egin dira ofizialtasunerako bidean eta horietan jokalarien inplikazioa funtsezkoa izan da. Saiakera batzuek beren ahalmena agortu dute, Gabonetako partidak, esaterako; hala ere, arrastoa utzi dute. Garaia iritsi da erabakitako bidean urratsak egiten hasteko eta estamentu guztien babesa biltzeko. Ofizialtasunaren partida etxean jokatzekoa da.