2020 AZA. 16 JOPUNTUA Lurraldearen jabetza Oihane Zabaleta Tokiko garapeneko teknikaria Covid izurriak sortutako egiturazko zauriak kalkulaezinak badira ere, aukerak ere ematen ditu gure herri eta hirietako lurzoruen erabileraren gainean eztabaidatzeko. Beste ere batera esanda, gure hiriguneetako eta errepide nagusien kokagune estrategikoetako lurren jabetza bereganatu eta aberastasuna eraisten duten kanpoko akziodunen negozio-eredua geldiarazteko. Garaiotan, langilegoaren zati bat (erakunde batzuetan kontrol presentzialaren eredu zaharkitua gailentzen bada ere) etxetik hasi da lanean, eta denbora gehiago ematen du bertako, auzoko eta herrietako komunitateetan. Koronabirusa hiri eta udalerrietako bizimoldea aldatzen ari da. Ander Gortazar arkitektoak esana da 2015ean garatutako “Donostialdeko Metroko pasantearen azterketa kritikoa eta estrategia alternatiboa" azterlanean, lanera iristeko batez besteko denbora 45 minutukoa dela, eta mugikortasunera bideratutako etxeko aurrekontua bikoiztu egin dela azken urteetan. Bizileku eta lan-eremuak garai batean zona berean zeuden bitartean, industrialde eta bulego-zentroak periferiara eramateak ekarri duela pertsonen %75 auto pribatua erabiltzera. Horri gehitu behar zaio auto pribatuaren erabiltzaileari eroso zaiola asteroko erosketak lanerako bidean eskura duen merkataritza gunean egitea. Denbora luzeegian, gure herri eta hiriak aberastasunaren erauzketaren zerbitzari izan dira. Gobernuek finantza-boterea babesten jarraituko dute eta «normaltasun zaharrera» itzuliko garela uste dute. Iraganari eutsi beharrean, aukera hau aprobetxatu beharko genuke gure herri eta hiriek norentzat lan egiten duten birdefinitzeko. Kanpo inbertsioa erakartzeko promesek ez bezala, ikuspegi ekonomiko aurrerakoiek, hala nola, aberastasun komunitarioa sortzeak, botere ekonomiko handiagoa ematen diete tokiko herritarrei eta bertako ekonomiei. Aberastasun komunitarioaren sorrera aberastasunaren aurrebanaketan oinarritzen da, sortu aurretik ere, tokiko komunitateetan aberastasuna blokeatzen duten sistemak diseinatuz. Jabetza aukera honek pentsaldi eder bat eskatzen du kanpo kapitalarentzat ala bertan lan eta bizitzeko herritarrentzat aprobetxatu beharko genukeen. Iraganari eutsi beharrean, aukera hau aprobetxatu beharko genuke gure herri eta hiriek norentzat lan egiten duten birdefinitzeko