2020 AZA. 22 Eskalada Emily Harringtonek era askean eta egun batean igo du «Golden gate» Hilaren 4an, 34 urteko estatubatuarrak 21 ordu eta 13 minutu behar izan zituen Yosemiteko Kapitainen dagoen bide gogor hori (8b, 900 m) eskalatzeko. Alex Honnold izan zuen sokakide. «The Golden Desert»-en izaniko eroriko baten ondorioz buruan min hartu zuen. Andoni ARABAOLAZA Hilaren 4an Emily Harringtonek Yosemiteko Kapitain hormatzarrean biribildu zuen erronka azpimarratzekoa da. “Golden gate” bidea (8b, 900 m) era askean eta egunean bertan eskalatu zuen. Egun luzea izan zen; izan ere, ia etenik gabe 21 ordu eta 13 minutuko jarduna egin zuen. Bide batez, aipatu behar dugu eskalatzaile estatubatuarrak marra gogor horren bigarren igoera femeninoa erdietsi duela. Alde guztietatik begiratuta, eskalatzaile honek munduko big wall entzutetsu horren historian pasarte bikaina idatzi du. Horretan ez dago zalantzarik. 2020. urtea bukatzen ari da, eta, agian, ulertzea zaila bada ere, aipatu behar dugu Kapitain librean eta egun batean eskalatu duten emakumezkoak oso-oso gutxi direla. Hain zuzen ere, lau. Eta laugarrena Harrington izan da. Haren aurretik gauza bera egin zuten Lynn Hill, Steph Davis eta Mayan Smith-Gobat-ek. Harrigarria bada ere, Amerikako Estatu Batuetako hedabide orokorrek hanka sartu zuten. Ia denek Harringtonen jarduera hori luze jorratu zuten, baina adierazi ere, igoera historikoa izateaz gain, lehen neska izan dela hormatzar hori era askean eta egunean eskalatzen. Hori guztia irakurri ondoren, lerrootako protagonistak sare sozialetan informazio hori gezurtatu behar izan zuen. Nork ez ditu gogoan Hillek 1993. eta 1994. urteetan eginiko eskalada historikoak? 1993. urtean, “The Nose” enblematikoaren luze guztiak askatu eta kateatu ondoren, hurrengo urtean egunean igo zuen. Harrington haserre agertu da aipatu dugun guztia komunikabide estatubatuar askok ahantzi egin dutelako. 2004. urtean, berriz, Davisek “Freerider” marra gainditzeko 22 ordu eta 15 minutu behar izan zituen. Eta hirugarrena librean eta egunean Kapitainen Smith-Gobat izan zen, “Salathe”-rekin. 34 urteko eskalatzailea oso polifazetikoa da. Everesteko tontorrean argazki batean ikusi dugu, baina baita kirol eskaladan 8c zailtasuneko bide bat kateatzen. Hala eta guztiz ere, hormatzarretan benetako espezialista da, eta “Golden gate”-n egin duenarekin argi eta garbi geratzen da aipatutako guztia. Hilaren hasieran egin zuen jardueraren inguruan argitu behar da duela bost urte marra bera era librean eskalatu zuela. Ez zen hori lortu zuen lehen emakumezkoa; Hazel Findlay aurreratu zitzaion. Baina 41 luze dituen marra horretatik jaitsi bezain pronto, adierazi zuen beste urrats bat egin nahi zuela eta, Tommy Caldwell, Alex Honnold eta Brad Gobright-ek bezala, “Golden gate” librean eta egunean eskalatzen saiatuko zela. Erronka gogor horri egoera egokienean aurre egiteko, jo eta su entrenatzen jardun da. Iazko azaroan 9an egin zuen lehen ekinaldia. Zortzigarren mailako azken luzea bukatu eta erabat hustuta geratu zen. Ez zuen bere burua sasoiko ikusten saio horrekin aurrera jarraitzeko eta bidetik jaitsi zen. Etsi ordez, Harrington beste ekinaldi bat egiteko pronto zegoen. Lehenetik hiru astera, “Golden gate” bidearen oinarrian jarri zen. Honnold sokakide zuen, baina hamabigarren luzean (6b) erorikoa izan zuen. Berez, luze hori eskalatzaileontzat oso erraza da, eta ensamblean igotzea erabaki zuten. Jakina, denbora aurrezteko. Eroriko horretan jasotako kolpeen ondorioz, estatubatuarrak min hartu zuen. Hori gutxi ez, eta soka lepoan korapilatu zitzaion. Honnold-ek erlaitz batera jaitsi zuen artatzeko, eta Harringtonen bikotekide Ballinger erlaitz horretara ziztu batean abiatu zen berokiak eramatera. Kontuan hartu behar da azaroko tenperatura hotza zela. Azkenean, erreskate taldeek paretatik ebakuatu behar izan zuten. Xedea biribildu du Iazko istriputik osatu eta Harrington berriro itzuli da amaitzeke utzi zuen xedera. Sokaren beste muturrean Honnold izan du, eta Ballinger, goitik rappelatu ondoren, babesa ematen aritu zen. Hilaren 4an, goizeko ordu batean, Harrington “Golden gate” eskalatzen hasi zen. Luze guztiak sokaburu egin zituen. Bidearen 41 luzeak ondo baino hobeto ezagutzen zituenez, erritmo oso egokian joan zen. Apenas izan zuen arazorik luze gogorrenak gainditzeko. “Monster offwidth” izeneko artesi zabalak ez zion buruhausterik eman. Bidearen giltzan, “Down climb” luzean, erorikoa izan zuen. Berriro bilerara jaitsi eta bigarren saioan kateatu zuen. Beste luze gogor bat, “The Move”, aise gainditu zuen. “The Golden Desert”-en, bestalde, lan eskerga egin behar izan zuen. Luze hori ere zaila da, eta bi eroriko izan zituen. Horietako batean kolpe ederra hartu, buruan zauria egin eta benda bat jarri behar izan zioten. Baina Harrington ez zegoen ekinaldi hori bertan behera uzteko prest, eta Honnolden eta Ballingerren animoei esker aurrera jarraitu zuen. Luze hori eskalatu ondoren, oraindik beste gogor bat gainditu behar zuen: “A5 Traverse”. Harrigarria bada ere, era dotorean eskalatu zuen. Azken luzeak askoz ere samurragoak direnez, gailurrerainoko sekzio horretan buruari eustea soilik geratzen zitzaion. Gaueko hamar eta erdiak zirenean, gauez, “Golden gate” amaitzea erdietsi zuen. Jardun gogor hori bukatu bezain laster, eskalatzaile estatubatuarrak adierazi zuen biribildu duen xede hori gertu ikusten zuela: «Jakin banekien sasoiko nengoela. Topera entrenatu behar izan dut ‘Golden gate’ era askean eta egunean eskalatzeko. Bide batez, esan behar dut izaera honetako erronketan zortea ere behar duzula». Harringtonek aipatu duen zorte kontu hori ez dakigu nola interpretatu; izan ere, behin betiko ekinaldi horretan beste pare bat eroriko larri izan zituen. Eta, jakina, “The Golden Desert” luzean izandakoekin gogoratu da: «Horietako batean, ezustean oinek irrist egin eta erorikoan buruan kolpe nahiko handia hartu nuen. Zauri sakona izan zen, eta odola ikusi nuenean susto ederra hartu nuen. Une horretan amore emateko zorian nengoen. Baina bikotekidea gerturatu, zauria garbitu eta benda bat jarri zidan. Emozionalki lehertu nintzen, baina bikotekideak aholkatu zidan luze hori berriro probatzeko. Ondo nengoela jabetu nintzenean jarraitu nuen. Onartu behar dut kaskoa ez jartzea akats handia izan zela. Nortasun handiko jarduera batean arriskuak hartzen dituzu, eta, jakina, ondorioak onartu behar dira». “Golden gate” egunean bertan eskalatzeko, protagonista honek esan du 41 luze horiek ondo kudeatzea izan zela giltza: «Luzeak arazorik gabe igotzen ari zaren bitartean, buruak ez du lan handirik egiten. Baina zailtzen direnean... Horregatik guztiagatik, une oro neure buruan mantra bat errepikatzen zen. Mantso edo azkar eskalatzen banuen, helburua zen den-dena era egokian egitea. Aurrean erraldoi bat nuen, eta azken hilabeteotako lana egun bateko jardunera mugatzen zen. Lagunek behin eta berriro esaten zidaten neure burua topera indartu behar nuela. Eta hala egin nuen». MARATOIA Eskalatzaile estatubatuarrak Alex Honnold izan zuen sokakide, baina marra horrek dituen 41 luzeak sokaburu egin zituen. Kronoa 21 ordu eta 13 minutuan gelditu zuen. ISTRIPUA Harringtonek «The Golden Desert» luze gogorrean pare bat eroriko izan zituen. Horietako batean buruan min hartu zuen. Hala ere, eskalatzen jarraitzea erabaki zuen. EMILY HARRINGTON Hilaren 4an, 34 urteko eskalatzaile estatubatuarrak Kapitaineko «Golden gate» bidea (8b, 900) era askean eta egunean bertan eskalatu zuen.