GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Badago babes zabala urratsak egiteko


Etxeratek Bilboko Euskalduna jauregian ekitaldi solemnea antolatu zuen atzo. Bertan EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU alderdi politikoak eta ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, Etxalde, EHNE, CNT, CGT, Hiru eta Steilas sindikatuak bildu zituen. Elkartutakoek adierazpen bat aurkeztu zuten, egungo espetxe politika gainditzea eta euskal presoen urruntzearekin amaitzea eskatzeko. Halaber, manifestu hori euskal erakunde guztiei, Espainiako Gobernuari, Europako Parlamentuko Friendship taldeari eta euskal presoak dauden kartzeletako zuzendariei helaraziko dietela azaldu zuten.

Aurkeztutako adierazpenaren gainean, lehenik eta behin, sinatzaileen espektro zabala azpimarratu behar da; izan ere, nahiz eta alderdi politikoen artean egungo testuinguruan justifikaezinak diren absentzia batzuk egon, esparru sindikal osoko ordezkariak bildu zituen ekitaldiak. Zabaltasun horrek argi erakusten du Euskal Herrian presoak hurbiltzeko premiari buruz dagoen adostasun soziala, behingoagatik euren senitartekoetatik gertu egon daitezen. Euskal gizarteak aspaldi ulertu zuen indarkeriaren garaia gainditzeko eta bizikidetza eta demokrazia eraikitzeko ezinbestekoa dela presoen afera konpontzea. Azken 30 urteak sakabanaketa politikarekin pasa eta gero, premiazkoa eta ezinbestekoa da bestelako espetxe politika bat.

Bestalde, azpimarratzekoa da sinatzaileek euren sostengua eta euskal gizartearen babesa eskaini zizkiotela Espainiako Gobernuari egungo egoera arbitrarioarekin amaitu eta euskal presoei ohiko espetxe politika aplikatzeko urratsak egin ditzan. Bidegabekeria horren adibide da atzo kalera atera zen Francisco Mujika Garmendia, lege trikimailu batzuen ondorioz ia 29 urte eman behar izan dituena giltzapean. Ez da bakarra. Egunotan, Nelson Mandelak baino kartzelaldi luzeagoak izan dituzten beste hiru euskal preso ere atera dira kalera. Euskal gizartean eta instituzioetan, eta nazioarteko komunitatean, badago nahikoa sostengu eta babes egungo espetxe politika errotik aldatzeko. Falta den bakarra behingoz urrats ausartak ematen hastea da.