GARA Euskal Herriko egunkaria
EMAKUME ABERTZALEEN VIII. TOPAKETAK

BAZTERRAK ARAKATU, ERDIGUNE FEMINISTA BAT SARETZEKO

DEKOLONIALISMOA ETA ARRAZAKERIAREN AURKAKO BORROKA BERRIZ ERE EUSKAL HERRIKO DEBATE FEMINISTAREN ERDIGUNEAN KOKATU ZITUEN ATZO BILGUNE FEMINISTAK, EMAKUME ABERTZALEEN VIII. TOPAKETAN. ALIANTZEN BILA IBILI ZIREN, BAZTERRAK ARAKATZEN, NON, NOLA ETA NONDIK SARETU HAUSNARTZEN.


Orain lau urte egindako Emakume Abertzaleen Topaketan Angela Davisek zapalkuntza hirukoitzaren inguruan hitz egin zuen Donostian, Iratzar Fundazioaren Zuatzuko aretoan. Sexu/generoa, arraza eta klasea izan zituen hizpide orduan eta, atzo, lau urte geroago, espazio berean antiarrazakeriaren eta dekolonialismoaren inguruan aritu ziren Emakume Abertzaleen VIII. Topaketan, Davisi lekukoa hartuta.

Dekolonialismoaren eta arrazismoaren bueltan pentsatzera paratu ziren feminista abertzaleak, 2019ko Euskal Herriko Jardunaldi Feministan gai horrek harrotu zituen hautsak jasoz. Berrogei emakume inguruk baino ez zuten aukera izan Donostian aurrez aurre Emakume Abertzaleen VIII. Topaketak bizitzeko, baina ia 600ek jarraitu zuten ekitaldia pantailaren atzetik.

“Araka ditzagun gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean”, hori izan zen ekitaldiko lema, eta mahai-inguru nagusi baten bueltan batu ziren bazter pertsonal zein kolektiboak arakatzera. Iratxe Retolaza kulturgile feministak hartu zuen hitza lehenik, Euskal Herriko abertzaletasunari atzera begirako bat eginez.

XIX. mende hasieran, aurrerantzean abertzaletasun hegemoniko eta katolikoa ordezkatuko zuen Eusko Alderdi Jeltzalearen sorreran, kokatu zuen abiapuntua.

Testuinguru horretan sortu zen Emakume Abertzaleen Batza, talde hau ere katolizismoan sustraitua. Arraza «garbiaren» biziraupenerako diskurtsoak sortu ziren orduan, emakumeari, «ama»-ri, egotziz euskal aberriaren nahiz aberri horren agerpen kultural eta sinbolikoen ugaltzearen ardura.

Arrazaren garbitasunaren ideia edo kutsu arrazista duen bertakotasunaren gorazarrea gainditua du egungo mugimendu feministak, Retolazaren esanetan, baina ohartarazi zuen iragan horren oihartzunak badirela oraindik.

60ko hamarkadatik aurrera, EAJk ordezkatutako abertzaletasun hegemonikoari erresistentzia politiko eta kultural ugarik erantzun zioten, baina gutxienez 90eko hamarkadara arte diskurtso antiarrazistak ez ziren Euskal Herrian errotu. «Arrazismoa erabat barneratuta izan dugun kontzientzia kolektiboa falta zaigu», ohartarazi zuen idazleak.

Andaluziatik etorri zen Pastora Filigrana abokatu feminista, eta ijito herriaren kontrako zapalkuntza historikoak Euskal Herriak ere pairatu dituen jazarpenekin alderatu zituen, nahiz eta zehaztu zuen egoerak ez direla berdinak. Berdina da, ordea, etsai komuna: «Estatu espainiarra».

Filigranaren ustez, Estatuak eraiki duen ideal bakar horretatik at dagoen oro, zeinean gizon zuri, heterosexual eta espainiarra kokatzen den, zapaldu egiten da, era batean edo bestean, arinago edo bortitzago. Hortaz, munstro bat da Estatu espainola, abokatuaren aburuz, buru ezberdinak dituena, eta buru horietako bakoitzak indarkeria gradu desberdina darabil Estatuaren mekanismo zibilizatzailetik ihes dabiltzanen kontra.

Feminismo ezberdinek munstro-etsai berak dituztelako, fronte bateratuak saretzearen alde egin zuen Pastora Filigranak. Ohartarazi zuen, baina, agian izango direla ezinezko aliantza batzuk, iritsiko dela unea non zenbait emakumek, zapalduetan zapalduenek, ez duten horrelako saretzerik onartuko. Hori jakinda, ekiten segitzeak duen garrantzia azpimarratu zuen, eta aliantza horiek nola egin, non bilatu, galdegin zuen Ana Murciak, jatorri salvadortarreko aktibista transfeministak.

Nora zabaldu sareak

Subjektu politiko konposatu bat sortzeko helburuarekin sortu behar dira ezberdinen arteko aliantzak, Murciaren iritziz. Asmatu behar da, esan zuenez, Euskal Herrian aliantza hori zein izango litzatekeen pentsatzean, eta, hausnartzen hasita, bateratze horrek baldintza batzuk izan behar dituela ohartarazi zuen: «Besteen borroka gutxitu edo itotzen baduzu, borroka ahulduko duzu. Borroka auto-askapenerako neurri bat da; borrokak desiratik, gozatzetik, beharretatik, balioetatik sortu behar du. Biolentzia sistema anitzen biktimak gara; hori da gure abiapuntua, eta horregatik, sendatze-espazioen alde egin behar dugu».

Euskal Herriko Bilgune Feministaren helburua argi aurkeztu zuen Amaia Zufia kideak: «Euskal Herrian sustraitutako mugimendu feminista anti-arrazista eta euskaldun bat artikulatzea». Itu horretara gerturatzeko bide horretan, pribilegioen ardura hartzeari garrantzia eman zion, norbanako moduan hainbat praktika egin baitaitezke «boterearen inguruko analisi kritiko bat eginez» eta hainbat bizitza «bizigarriago» egiteko.

Baina jomugan izan behar dira, bere ustez, aldaketa egiturazkoagoak bultzatzeko helburua, eta, horretarako, euskal jendartea eta gobernuak «astintzeko agenda» eraiki beharra dagoela azpimarratu zuen.

Hori guztia, baina, Euskal Herria ere herri zapaldua dela ahaztu gabe. Zalantzan jarri zituen zenbaitetan feminismo abertzaleari egin zaizkion kritikak, esanez berau dela bertako «feminismo hegemonikoaren» ordezkari pribilegioduna. Hegemonia horretan, erdigunean, nor geratzen den galdegin zuen orduan Zufiak. Zentzu berean agertu zuen lehenago Iratxe Retolazak euskara hiztuna izatea ez dela pribilegio bat: «Botereak erdaldundu egiten du, beraz, euskara ezin daiteke izan pribilegio bat».