GARA Euskal Herriko egunkaria

Arazo handirik ez Mantxako kanalean Brexitaren lehen egunean


Atzo ez zen arazo handirik izan Mantxako kanaleko kamioien joan-etorrian Brexitaren ondorengo lehen egunean, 2021. urteko lehen asteburu luze eta lasaiaren ostean. Hori bai, aste honetan zehar ikusiko da benetan Boris Johnsonen prestaketa lanen egokitasuna, mende erdi baten ostean Britania Handiak Europar Batasuneko merkatua utzi eta gero.

Atzo arratsalderako ez zen jada berebiziko arazorik Mantxako kanaleko bi aldeetan, ezta Eurotunelaren terminaletan eta Ingalaterra hego-ekialdeko Doverreko ferry-terminalean ere. Bertatik 2,4 milioi kamioi igaro ziren 2019an.

Brexitaren ondorenak berebiziko garrantzia du Boris Johnsonentzat, batik bat Britainia Handia koronabirusaren andui berriaren eraginez lur-jota dagoen honetan, 75.000 hildakorekin. Gabon egunaren bezperan Europar Batasunak eta Londresek sinatu zuten merkataritza akordioari esker ez da aduanarik eta kuotarik ordaindu beharko, mugan sortu zitekeen kaosa ekidinez. Hala ere, paperak bete beharrak arazoak sor ditzake oporren ostean ohiko merkataritza trukea berreskuratzen joan ahala.

Dena den, Britainia Handiak ez ditu izapide guztiak berehala eskatuko, uztailera arte itxarongo baitu. Ordutik aurrera baimen elektronikoa erakutsi beharko dute Europara zeharkatu nahi duten kamioi gidariek.

Enpresa txikiak eta ertainak ordurako prest egongo ez diren beldur da Gobernua, eta, ondorioz, kamioi pilaketak sortzea ez du baztertzen. Egoera hori aurreikusita, kamioientzako parking erraldoiak eraiki ditu Gobernuak. Helburua Gabonetan bizi izan zen kaosa ekiditea da. Milaka kamioi blokeatuta geratu ziren orduan, koronabirusaren andui berria dela eta Estatu frantsesak mugak itxi zituelako. Mila soldadu bidali behar izan zituen Britainia Handiak trafikoa arindu eta Brexit kaotiko baten mamua uxatzeko.