GARA Euskal Herriko egunkaria

«Lurraldea eta hizkuntza» topaketak egingo dituzte Donostian


«Lurraldea eta hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz» jardunaldien bosgarren edizioa antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako Aldundiak, Kontseiluak, UEMAK eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU). Topaketa urtarrilaren 23an egingo da Donostiako San Telmo Museoan eta zuzenean jarraitu ahal izango da UEUren Youtube atariko kanaletik.

Nazioarteko esperientzien berri izateko, garapen sozioekonomiko endogenorako ereduak ezagutzeko, arkitektoen betaurrekoak janzteko eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakontzeko saioa izango dira jardunaldiak. Atzo egin zuten aurkezpena Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak; Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak; Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak.

Garbiñe Mendizabalek hartu zuen lehendabizi hitza. Arnasguneak «babestu ez ezik, hizkuntzaren erabileraren ikuspegitik dituzten ezaugarriak garatzeko eta zabaltzeko beharra» ere azpimarratu zuen.

Paul Bilbaok jardunaldiok orain arte egin duten ibilbidea laburbildu zuen. 2014ko lehendabiziko edizioan, hipotesi batetik abiatu zirela gogoratu zuen: «Hizkuntza normalizazio prozesuan hizkuntza-politika sailetatik aparte egiten diren politikek, eta zehazki lurralde antolaketatik egiten direnek, berebiziko eragina dute».

«Aurreko urteotako jardunaldietan arnasguneen garapen iraunkorrerako oinarriak mahai gainean jarri genituen, baina horiek nola abiarazi zehaztea ere garrantzitsua da», nabarmendu zuen Iraitz Lazkanok.